Hurricane Carter

No profile photo Poeta_Medianoche | 2008-02-26 11:02

Azkenean hemen dago nik sortutako testua:

 

Amesgaiztoa hasi berria baino ez zen gau hartan. Burua ibilgailuaren kristalean botata zeukan, hilzorian, bitartean buruko barraskilo itsuek beiraren kontra orrazturik zeuden, iheseko makinazioetan, muki artean espilalez betetako etxerako bidaia hasi nahian. Aukituko zuen espiral bakarra garbigailuen uraren norabidea izango zen, ordea.

 

Begiak galduak zituen ilargi betearen zuloetan zehar, ixiltasunaren sakontasunean. Horregatik lehiatilaren beste aldean abiadura mutuaren eraginez zeuden zuhaitz ikusezinei begira zegoen, beraien hostoen ferekan murgildurik lokietan zeukan sargori neketsua ekiditzeko asmoz. Baina ezinezkoa zitzaion errealitatearen bortizkerian ez pentsatzen. Mingaina desertuan zuen, kartoizko ohe batean lo egiten zuten txiroek bezala. Ezpain handiek  lur lehorraren oinaze gogortua zuten zulatuta.

 

Justiziak txikitutako kokotsa ebanozko eskuineko eskuak sostengatzen zuen. Bere altzairuzko eskuak urtuta zeuden jada. Pentsalariak bezala, barrualdeko burbuilan zapaldua.

Manga luzeko laranja zukuz zipristindutako hariek lotzen zuten arropetan etsiturik zegoen gorputz idartsuak ez zuen gehiago diruagatik borrokatuko, bizirauteko baizik, bere errugabetasuna frogatzeko. Autobus ilehoriaren eserlekuan bildurik zegoen, belaunak aurreko eserlekuan bermaturik zeuzkala. Ezkerreko eskua urdailean zeraman, barrualdeko korapiloa askatu nahian, baina askatasuna auzitegian egurrezko mailuak kolpe gor batez galera berri zion.

 

Bere metalezko gorputz etsituak ez zuen iraganeko baikortasuna. Lehen izandako marmolezko adorean beldurrak zirrikituak ireki berri zizkion. Arnasa ia ez zuen hartzen, autobus horretan beroak eragindako izerdi eta eserlekuetako larru igurtziaren usainak atmosfera zikintzen zuen. Ez zegoen inolako mugimendurik bere baitan, Grezia Klasikoan egindako granito hauskorraren irudia besterik ez zen. Bere zapatek hasia zuten kartzelarako bidaia, autobuseko eskailerak igo eta zikinkeriaz betetako zoruan akanpatu, eta ingurukoek ziotena entzuten zuten.

 

Marrak zituen pentsamenduan, bertikalak; herdoildutako burdin hautsa lurrean uzten dituzten marretan, bere uniforme berriko izango ziren marra horizontalak; inurri kolorekoak, bere estatuaren odolaren marretan eta bere egoeraren lekuko ziren izarren malko garratzen disdiran.


Utzi iruzkina: