Arroxa ala urdina?

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2010-03-14 20:09

Kaixo ttiki,

zer zara arroxa ala urdina? Hainbeste jendek galdetu dit... "neska ala mutila?". Eta oraindik ez dakit galdera topiko bat den ala benetan inori ardura dion bata ala bestea zaren.
Neska esaten badut, seguru askok soineko arroxa batekin barrez-barrez imajinatuko zaituztela, neskatila txintxo eta xinpatika bat. Mutila esaten badut, baloi bati ostikoka edo bihurrikeriaren bat egiten ("mutiko-mutikua da!"). Noraino dauzkagun klitxe horiek sartuta!
Neri berdin-berdin dit neska ala mutila zaren. Egia esan, jaio eta besoetan izaten zaitudan arte ez baldin badakit ere ez dit batere axola. Agian medikuari esan ere egingo diogu ez esateko. Gerta daiteke guk geuk geure begiekin ikustea zure gorputzak zein sexu daukan baina gu, tontolapikook, konturatzen ez bagara, ez dugu galdetu ere egingo. Ala porai! Eta baldin badakigu, ez dugu esango! Toma!
Bestela, badakigu zer datorren: arroxa edo urdin argi koloreko arropa bata bestearen atzetik. Eta ez dugu ume arroxa edo ume urdinik izan nahi. Eta ez digu axola ezezagun batek neska izanda "zelako mutiko politta!" esaten badu edo alderantziz.
Gure moduan, kolore alaiz jantzitako umea nahi dugu gure artean.


Utzi iruzkina: