Kuba autostopez I

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2009-07-02 11:48

Abentura ederra. Gogorra bezain aspergarria, amorragarria, dibertigarria eta goxoa. Zapore gazi-gozo bat utzi digu Kubak azalean. Autostopez ibili dugu bide ia osoa eta ez da hain erraza izan. "La vida no e fácil acá en Cuba, caballero!". Arrazoi pixkat badute... baina pixkat.
Etxetik idaztea tokatu zaigu. Bukatu zaigu bidaia. Momentuz. Eta etxeko epeletik Kubako bizipenei errepasoa emango diegu, izan dugulako han ere zer hausnartua.
Milaka galdera aldean hartuta iritsi ginen Habanara, ia 40 gradu egiten zituen arratsalde batean. Milaka horietatik, batzu-batzuren erantzuna aurkitu dugu eta beste denak erdizka geratu dira, edo ideia zipitzik jakin gabe utzi ditugu bere hortan. Izan ere, Kuba desberdina da. Desberdina da ezagutzen genuen guztiarekiko. Guatemala ere Karibean dago, baina apenas dute zerikusirik herrialde biek. Kontraste handiekin topo egin dugu.

KONTAKTUAK

Kontaktu bi izan ditugu Habanan; bata Silvioren familia eta bestea Guatemalako Proyecto Payasokoen lagun bat, Rachel. Haiek izan ziren gure lehen instruktoreak. Azaldu ziguten lehenengo gauza txanpon bien kontua izan zen, peso kubatarra eta peso convertiblea. Bigarrenak lehenengoak baino 25 aldiz gehiago balio du. Leku batzuetarako txanpon bat erabiltzen da eta beste batzuetarako bestea. Hau da, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuetarako (okindegiak, oinarrizko janariak, kafetegi eta taberna xumeak, telefono publikoa, garraio publikoa eta askoz gehiago ez) herrialdeko txanpona erabili behar da, eta gainontzeko guztirako peso convertiblea, garai batean dolarra zena. Hasieran nahastea sortzen du, baina erraz ikasten da. Bai komeni ere!
Diru kontuez gain, Kubari buruz asko berba egin ziguten, Habanan bixitatu beharreko lekuez, garraiatzeko moduez eta abar luze batez, atsegin haundiz. Ostatu ere eman zigun Rachelek, Habanako egonaldia berenean pasatzeko, aurrezteko eta gehiago gozatzeko.

HABANA

Zatika erortzen ari zen hiri oso ederra. Gaur egun berritzen ari dira Habana Zaharra deitzen dena, baina pusketa handia falta da oraindik. Eraikuntza ikusgarriak dira, bai berritutakoak, baita ia erortzen ari direnak ere. Giroa ere desberdina da: berrituta dagoen aldean jatetxeak, dendak... komertzioa dago eta han zehar dabiltzan kubatarrak ñoñostiarrak baino pijoagoak dira. Jaustear dagoen aldean daude kastadun habanarrak; zaharrak atarian jarrita, umeak bide erdian jolasean, andrak lehiotik lehiora berbetan... erropa juxtuarekin (egiten duen bero zaharrarekin... ez dago askoren beharrik). Hortxe dago benetako Habana Zaharra.
Museo de la Revolución, Bellas Arteseko museoa, umorezko antzerki kritikoa eta jazz kontzertu bikaina ikusi genituen. Inor joateko asmotan bada, gomendagarriak oso. Kontuz! Coca-cola saltzen dute Iraultzaren museoan. (Harrigarria? Amorragarria? Ulertezina? Guztiz ulertezina??? Ba bai).

DENDAK
Non daude dendak? Lehenengo egunetan ez genuen bat bera ere ikusi. Guatemalan bazter guztiak dendaz eta saltzailez beteta daude eta Kuban ostera oso nekeza da dendak topatzea. Kuadrak eta kuadrak pasatu behar Habanan ogia erosteko, ron botila bat lortzeko edo jaboi pusketa bat erosteko. Bertakoentzako dendek ez dute errotulaziorik. Azkenerako ikasi genuen norbait boltsaren batekin ikusi ezkero etxeperen batean, dendaren bat egon zitekeela. Baina begi bistaz, ez dago antzematerik. Tartean-tartean barazki eta fruten merkatuak ere badaude; Guatemalan bazter guztietan zeuden. Kontsumismoari ateak itxi nahi dizkion sistemaren ispilu.

ZAPATAK
Zenbat balio du ogi barra handi batek? 4 peso kubatar
Zenbat zapata pare batek? 250 peso kubatar edo 10 peso convertible
Zenbatekoa da herritar baten soldata? 10-15 peso convertible
Soldatak oinez ihes egiten du zapatak erosiz gero...
Oinarrizko guztia ez da merkea.

GARRAIOA
Zain, eta zain, eta zain, eta zaaaaaaaaaaaaaaiiiiiiiiiiiinnnnnnnnnnn...
Habanan auto zahar-zaharrak, berri-berriak, taxiak, coco-taxiak, autobusak... ez behar beste baina denetarik eta dexente dago. Eta merke.
Habanatik irtenda, norberak asma beza bere garraiobidea. Tratoreak, zaldiak gurdiei tiraka, kamioiak, kamioietan erremolkatutako autobus zaharren azken pusketak, autobus destartalatuak, autoren bat edo beste, taxiren bat edo beste...
Orduak ematen dituzte habanarrak ez direnek leku batetik bestera mugitzeko. Autostopez edo "a botella" (beraiek dioten moduan) ibiltzen dira. Denak leku batean elkartu eta pasatzen den guztiari "eskua sartzen" diote, gera dadin eskatzeko. Funtzionarioak ere badaude horretan lanean: Gizon Horiak (Los Amarillos). Horiz jantzitako langileak, ibilgailuak gerarazi eta jendea eraman dezaten eskatzen ibiltzen direnak. Guk ere halaxe egin dugu ia bidai osoa. Beraiekin berbetan, beraiekin zaaaaaaaain, beraiekin amorratu eta poztuz.




Utzi iruzkina: