Beraz, senak agintzen dion eran,
tamahak-ak, bere eremu hitsean oina jartzen duzunerako, prest izango
ditu hiru teak;
Lehenengoa, bizitza bezain garratza.
Bigarrena, maitasuna bezain gozoa.
Hirugarrena heriotza bezain leuna.
Erritual honen ondoren, “tanemert”
esaten badiozu, irribarrea loratuko zaio begietan tuaregari. Begietan
diot, ezpainak ondo estaliak izango baititu bere “cheche” edo
zapiaren atzean. Ez gaur, ez bihar, ez etzi, ez dizu bere belopeko
sekretua erakutsiko.
Eroso sentitzen denean baino ez da zure
aurrean biluztuko.
Ez dira zuriak zurientzat. Ez dira
beltzak beltzentzat. Libian beltzegiak izateagatik, jazarpena eta
mehatxua jasan zuten. Orain, Malin, zuriegiak izateagatik jazarri,
eta mehatxatzen dituzte.
Bamakotik, beldurrez, ihesi atera
beharra izan dute.
Tamahak-ak dira, tuaregak, ez goian, ez
behean daudenak, Sahara basamortuan atzera-aurrera betidanik ibili
izan direnak, gaur sedentarismora kondenatuak, europar kolonialistek
asmaturiko marra-mugetan harrapatuak, haizearen seme-alabak ,
gaurdaino hezirik ezagutu ez dutenak.
Mali iparraldean, Azawad aldean,
autodeterminazioa aldarrikatzen dute tuaregek. Ez dute zuriagoak izan
nahi, ezta beltzagoak ere, ortzi-mugarik gabea den jainkosa, mortu,
Tenereren magalean, aske bizi ahal izateko, txoko propioa baino ez
dute exijitzen.
Agadez inguruko haur kel tamahak-ak (tuaregak), eskolan
Gaur egungo Afrikan, deskolonizazioa
gauzatu den arren, ez da sekretua neokolonialismoa geratu dela
nagusi. Estatu berriek, estrukturalki makur sortuak, boterea bortxan
oinarritu behar izan dute maila guzietan.
Politika linguistikoa gainerako
politiken isla izan da. Afrikako herri hizkuntzak, independentziaren
ondoren, normaldu beharrean “bernakularizatu” egin dira.
Bernakularizatzea, herri hizkuntza hori baztertzea da. Hau da, herri
hizkuntzatzat onartzea, arbasoen hizkuntzatzat mitifikatzea, baina
bizimodu modernoan erabilia izateko biderik gabe uztea. Horixe egin
da Afrika beltzean, non bertako hizkuntzak bazterturik frantsesa,
ingelesa edo portugesa hizkuntza kolonialak hartu diren,
independentziaren ondoren ere, hizkuntza ofizialtzat.
Herri hizkuntzaren bazterketaren
aldekoek hiru argudio hauek erabiltzen dituzte bereziki: 1) europar
hizkuntzek “komunikazioa” errazten dutela estatu barrura begira,
baina batez ere kanpora begira; 2) estatuan herri hizkuntza bat baino
gehiago egiten direnez, ofizialtzat horietako bat hautatzea
diskriminatzailea litzatekeela; eta hainbat hizkuntza erabiltzea,
berriz, zatitzailea; 3) bertako hizkuntzak plano ofizialean
erabiltzea zibilizazioari uko egin eta tribalismora itzultzea
litzatekeela.
Antigoaleko argudio kolonialak dira,
agerian.
Joseba Sarrionandia; Moroak gara
behelaino artean? Pamiela
2010
Azawad lurralde hitsean, ez da giro,
eta, bertakoa den Moussa ag Assarid idazle tuaregak, egoeraren
larriaz, hitz egin nahi izan digu.
Haur nomaden eskolaratzean, Maliko
gobernuak agertzen duen arduragabekeria salatzen du, baliabiderik
jartzen ez duelako batetik, eta, haur hauen ama hizkuntza, kontutan
hartzen ez delako bestetik. Uniformetasuna omen da nagusi, ikasleek,
frantsesez baino ezin baitituzte burutu euren ikasketak.
Tuareg herri eta kultura deuseztatzeko
asmoa, begi-bistakoa dela dio. AQMI-k, eta goi-mailako hainbat
kargudunek, helburu hau betetze aldera, elkar hartu dutela salatzen
duelarik.
Bestalde, eskola eta osasun etxeen
ordez, kaserna, eta militarra dela nagusi bertan, dio. Arma zikina,
probokazioa, bortizkeria, mina.
Ez, diru-sarrera garrantzitsua uzten
duen turistarik, ez laguntza eskaini dezaken Gobernuz Kanpoko
Erakunderik, ez hobekuntza eta aurrerabidea ekarri dezaken
proiekturik... ez da giro Azawad aldean, lehendik ere gordina den
eremuan, tristura, nekea, haserrea, eta miseria ari baita nagusitzen.
Amazigh izatea, herri betiko baten kidea izatea da. Hizkuntza betiko baten hiztun. Amazigh hitza, Afrika da, Afrika iparraldea. Amazigha, ez da arabiarra, ez espainola, ez frantziarra, ez italiarra. Amazigha, sorburua da, sorterria, sorlekua, sortzea, sormena.
Amazigh izatea, eustea da, etsipenari tarterik ez eskaintzea, irautea. Mendia, eta basamortua da, Rif, eta Tassili n'Ajjer, eta kabilia.
Itsasoa ere bada, guantxe galdua, guantxe denborak eramana, guantxe isildua, guantxe lurrundua.
Amazigh izatea. mintzaira , eta kultura gutxituaren isla izatea da, gutxietsia, basokoa, basamortukoa... basatia. Norbere domeinuan, errege destronatua, hitzik gabea, halabeharrez mututua.
Amazigh izatea, deserria da, emigrazioa, patera, herrimina.
Amazigh izatea, borrokan jardutea da. Duintasunez bizi nahi izatea.
Blog honen gogoa,Tuareg herria, lagun egitea da.Bere kulturara, hizkuntzara eta ohituretara hurbiltzea.Dituzten arazoak eta ametsak geure bihurtzea.
Basamortuan galtzea...
Lagun Tuareg-ak ditut Djanet-en, Sahara izugarrian, eta beti daude prest jendea abegikor hartzeko.
Beraz, nahi baduzue...
ETORRI NIREKIN!
GOAZEN BASAMORTU ALDERA!!