Nolako kontraesana gizakiona
Nola bidal ditzakegu objektu artifizialak Titanera
Halako zehaztasunez
Eta, aldi berean,
Nola daramagun arrastaka hondamena
Leku guztietara.
Horixe da gure itzalaren esentzia: heriotza.
Hemen gaude gu
Jainko teknologikoak
Zientziaren Olinpora altxatuak
Eta, hala ere,
Zer azalekoa den gure erresuma,
Zer iragankorra,
Zer noragabea.
Gu,
Geure irudira eginiko kreaturak
Sortzeko gauza garen jainko-usteok,
Hain gara ezdeusak,
Hain buztinezkoa da gure arnasa!
Titanera ez,
Gure arimara bidali beharko genituzke espazio-zundak
Gure arimari begira jarri beharko genituzke
Teleskopioak eta mikroskopioak,
Bertako meatzeetan
Metatzen diren minen eta beldurren zergatia ikertzera.
Hango kobazuloetako estalagmitak
Oinazez eta arranguraz eraikiak dira,
Tantaz tanta, tantaz tanta, tantaz tanta.
Unibertsoa unibertso denetik,
Hango galeria eta okoilu laiotzetan
Kateaturik ditugu
Lotsak eta miseriak
Erostak eta negarrak
Damuak eta doluak.
Horixe da gizakien esentzia,
Horixe da gure esne kosmikoa.
Horixe da
Garraiatu behar dugun tragedia,
Tantaz tanta, tantaz tanta, tantaz tanta.
Ron Sniakin

Idatzi artikulu bat