Hasteko ordua dela esan diote. Gortinen atzealdetik aurkezlearen ahots sutsua entzun du, bost zentimoko berba hanpatuak, eta amaitzeko, etorkizuna oraindu guran edo, azken hitz mesianikoak: “zuekin, Juan Jose Lopez lehendakaria!” Gortina baztertu eta pasabidean aurrera egin du, ezker-eskuin txaloka ari zaizkion jarraitzaileei eskua emanez. Momentu baten Pressing Catch borrokaldirako desfilatzen ari den morrosko sentitu da, urrezko kapa falta zaio bakarrik, hain boteretsu sentitu da. Jendetzaren artetik aztiaren mozorroa duen pertsona bat hurreratu zaio. Xanxan txinatar magoa dela esan dio, eta eskuan duen karatula aurpegian jarri dio. Dudan geratu da, karatula erantzi edo ez. Atzera begiratu du, baina Xanxan hori desagertu egin da, sekula izan ez balitz bezala. Irudi-aholkularien ideia izan dela pentsatu du, eta ederrak entzun behar dizkiotela erabaki du, ez baitiote ezertxo ere esan. Dena azken milimetroraino kalkulatuta izaten ohiturik egonda, sorpresa hark apur bat lekuz kanpo utzi du, baina erreakzionatu egin behar du, oholtzara igotzen dabil, azken maila biak eta jendaurrean agertu da, eskuko atzamarrez garaipenaren ikurra eginez.

Berehala konturatu da: ahots hura ez da berea. Zer pentsatu ote du jendeak? Martitzen karnabal izanda, bera ere mozorrotu eta txantxetan dabilela? Ez dauka erantzunik galdera horientzat. Disimulatzen saiatu da. Baina ezin du. Ematen du sabel-hiztuna dela, baina ezin duela sabel ahots hura kontrolatu, bere benetako ahotsa ezabatu duela. Eta hala ere, berbetan jarraitu du. Etorria ez du galdu behintzat. Baina zer arraio esaten ari da? Buruz daki diskurtsoa, buruz ahotsa noiz altxatu behar duen, jendetzaren txaloak pizteko. Esaten ari dena oso bestelakoa da baina. Sabel ahots hura bere ezpainen jabe bakarrik ez, bere ideien gidari ere egin da, itxura. Eta txarrena diskurtsoan bertan dago: bere etsai politikoaren mezua zabaltzen dabil, hauxe abarketa berea, eta hala ere jendetza pozik, kontrako alderdiaren ideiak eurenak balira legez!
Halako baten kristalezko atrilari begiratu dio. Aurpegia ikusi du islatuta. Hobeto esanda, aurpegiaren gaineko karatula. Ikaratuta geratu da: karatula bere etsai politikoaren aurpegiarena da, beste alderdiko lehendakarigaiarena. Eranzten saiatu da, baina ezin. Barruko azalari josita legez dago. Areago ikaratu da karatula barruko begiak keinu egin dionean. Ez du jakin zer adierazteko, trufa edo konplizitatea. Bien bitartean, sabel ahotsak errime jarraitu du, eta beste alderdiaren proklama arranditsuek jendetzaren euforia erraz leherrarazi dute. Denak zutitu dira, garaipenaren orroa antzoki guztira barreiatu da.
Juan Jose Lopez errenditurik erretiratu da oholtzatik. Buruan ideia bat besterik ez du: zein gozoa den plastikozko limoien zapore eza.
Bernardo Kapanaga

Idatzi artikulu bat