Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2012/01/20 09:39:00.943 GMT+1

Futbolistak

Futbol zaletasuna, gehiegitan, kirol zaletasuna baino gehiago talde zaletasuna izaten da, futbol talde baten aldeko joera itsua. Eta zer gertatzen zaie zale horiei talde horretako jokalari on bat beste talde batera joan daitekeela zabaltzen denean? Dardarka jartzen dira eta baita zaleen multzo horretan sartzen diren kirol kazetari ugari ere; eta jokalaria taldean geratzeko presio kanpaina hasten da. Azken egunetan Fernando Llorente eta David Zurutuzaren etorkizunari buruz hitz egiten ari da, biek euren egungo taldea utz dezaketela zabaldu denean. Horren aurrean aipatu bi jokalariei galdetu zaie eta bien erantzuna oso antzekoa izango da: urte asko daramatzat talde honetan, oso gustura nago, bertan jarraitu nahi nuke eta abar; erantzun politikoki zuzenak. Ez dakit aipatu bi kasu hauetan horrela den baina jokalariei ere ilusioa egingo die, dudarik gabe, berea baino hobeak diren taldeen eskaintzak izatea, eta niri gustatuko litzaidake jokalariak zintzo esatea: oso gustura nago hemen baina talde on baten eskaintza daukat eta joan egingo naiz.


Nork: Txoritegi.2012/01/20 09:39:00.943 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/01/17 16:00:35.917 GMT+1

EAJren izenak

EAJ-PNVk buruzagiek alderdiaren gaztelaniazko izena aldatu nahi izan zioten, Partido Nacionalista Vasco deitu ordez, Partido Nacional Vasco; atzerrira begira izena erakargarriago egiteko nonbait. Euskarazko `Jeltzale´ hori aldatzeko asmorik ez zuten azaldu. Azkenean militanteek erabaki gaztelaniazko zuten izena lehen bezala uztea: Partido Nacionalista Vasco. Pasa den asteburuan egin zuen EAJk asanblada eta bertan alderdiaren izenak euskaraz eta gaztelaniaz jartzea gain frantsezez eta ingelesez era jarri zituzten eta bietan National hitza erabili zuten: `Parti National Basque´ frantsezez eta `Basque National Party´ ingelesez. Iparraldeko EAJ-PNBk Parti Nationaliste Basque erabili du, baina asanbladan `National´ hitza erabili dute. Nonbait militanteen erabakia ez zuen Iparralderako balio.

Nork: Txoritegi.2012/01/17 16:00:35.917 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/01/17 15:11:17.168 GMT+1

Sosegua apurtzen

Azken hilabeteetan goizero jaikitzerakoan beste sosegu batekin entzun ditut eguneko albisteak irratian. Pixkanaka etorri da sosegu hori, ETAk borroka armatuari uko egin arte urratsak eman dituen heinean batetik, eta bestetik, itxura guztietara erabat bidegabeak ziren atxiloketen berriak ere gutxituz joan direlako. Urrian ETAk borroka armatuari uko egin ondoren aurrerantzean sosegu handiagoa izango genuela zirudien, sosegu handiagoa badaukagu baina sosegua apurtzen duten albisteak ere heldu dira tantaka. Azken egunetan ugaritu egin dira gainera: bi atxiloketa kartzela zigorra betetzeko, biak ere gazte talde abertzaleren batean aritu izanagatik ez indarkeria ekintzengatik: Ekaitz Samaniegona eta izena gogoan ez daukadan beste mutil batena Santurtzin, beste hiru etakide atxilotuak Frantzian eta Oiartzualdeko hainbat gazte sei urteko kartzela zigorrera kondenatuak Segiko kideak izateagatik. Azken egunetako atxiloketek ekarri dute beste ondorio bat, atzo Bilbon atxiloketen aukako manifestazioa egin eta horren ondoren zaborrontzien su eman omen zieten. Ziur naiz gaur kale borroka itzuli dela aipatuko dutela askok. Ez da albiste ona, ez zait iruditzen, baina ez naiz harritu. Ezker abertzaleko kideen artean gauzak ondo eginaren sentsazioa badagoela uste dut, baina ezinegona ere handitzen doala beste aldearen jarrera ikusit: atxiloketak, mugimendurik ez presoen kontuan eta egiten ari diren adierazpenak entzunda. Sarkozy Espainiara joan eta eta terrorismoaren aurkako borrokan egindakoagatik Espainiako gorazarrerik handiena jaso bezperan gertatu da Frantziako atxiloketa. Horrek propaganda itxura nabarmenegia ematen dio atxiloketa horiei, eta erakusten du bi gobernuek bide beretik joateko asmoa daukatela. Kezka hor sortzen da: zein izango den hartuko duten bide hori; eta nire beldurra da bi gobernuak orain artekotik mugitzeko asmorik ez izatea. Esaten dituztenak entzunda ematen du gauza bat azaldu nahi dutela: ETArekin ez direla gauzak asko aldatu eta terrorismoaren aurkako borrokarekin berdin jarraitu behar dela. Jarrera horrek ez die kalte elektoral handirik sortuko agintean dauden alderdiei, agian bai Euskal Herrian, baina ez eurei gehien inporta zaien Espainian eta Frantzian. Postura inmobilista horien aurrean sortu daitezkeen liskarrak, balizko kale borrokaren indartze bat adibidez, ez dut uste asko kezkatzen dituenik. Are gehiago, esango nuke, intentsitate baxuko biolentziarekin erosoago sentitzen direla eta horri etekina aterako lieketela. Batetik indarkeria ez dela desagertu aipatu eta orain arteko jarrera mantendu eta gogortzeko, eta, bestetik, hauteskundeetan eurak nahi baino askoz indartsuago azaldu den ezker abertzalearen barruan pitzadurak bilatzeko.

Nork: Txoritegi.2012/01/17 15:11:17.168 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)