Diruaren morroi ?

txokolo 1456153398663 txokolo | 2007-04-09 10:57

ERRENTERIA/ORERETAKO KULTURA AURREKONTUEN INGURUKO GOGOETAK:

Mikelazulo kultur elkartea

 

 Mikelazulo kutur elkarteko kideok ondorengo gogeta hauek plazaratu nahi ditugu, batez ere Errenteriako Udalaren jardunari eta aurrekontuak prestatzeko moduari dagokionez:

 

Gure iritziz ez dago Errenteriako Udalaren aldetik inolako plan estrategiko edo irizpiderik herriko kultur arloa lantzerakoan. Hori ematen digu aditzera Errenteria Hiria kulturunearen kudeaketak nahiz urteroko aurrekontuen atontzeak emaiten dituen emaitzak.

 

Irizpiderik ez dago, eta are gutxiago irizpide publiko edo bateraturik. Gure aburuz Errenteriko elkarte, norbanako eta kolektiboen sormenerako gaitasunak merezi du espazio amankomunak sortzea eta lantzea berez bizirik dagoen kulturak garapen hobeagoa izan dezan.

 

Errenteriako Udalak irizpide falta larria izateaz gain harreman guztiz burokratikoak gauzatzen ditu kultur eragileekin, eta batzuetan ezta hori ere. Errenteriko Udalak irizpideak dituela kontsideratzen badu, behintzat ez du kultur eragileekin inolako bilera edo harremanik izan haiek ezagutzera emateko.

 

Guretzat garrantzitsuak izanik Errenteriko Udalak hartzen dituen erabaki asko ahoz aho edo prentsaren bidez jasotzera behartuta gaude, eta gainera sarri komunikabide konkretu batzuen bidez.

 

Harreman guztiz burkokratiko horretan gehiago dira trabak mesedeak baino. Horren lekuko udal ordenantza berriak eskatzen dituzten txosten eta paper berri guztiak. Diru laguntzak eta baimenak eskatzeko prozedurek zailu eta trabatu egiten dute herriko kultur eragileen lana. Kultura zer edo zer bizia da, sormenari eta sarritan inprobisazioak duen freskotasunari lotuta, ez du zertan soilik burokraziari loturiko proiektu bat izan behar. Ezin da kulturari loturiko proiektu oro urtebeteko aurrerapenaz aurrikusi, kultur proiektu batek ez du zertan kasik enpresa bat sortu behar subentzio bat jaso ahal izateko, horrela kulturak duen une bakoitzeko sormenerako gaitasuna ito egiten baita eta kulturaren berezko izaeraren kontra jotzen da.

 

Edozein gizartetan kulturak dituen ezaugarri bereziak irizpide eta mentalitate bereziakin kudeatzeak eskatzen du, ez hirigintza edo administrazioaren parte bat balitz bezala.

 

Errenteriko Udalak aurrekontuak sortu eta banatzarakoan erabiltzen duen sistema herriko elkarteen artean etengabeko “status quo” bat ezartzen du zeinean bakoitzak gainbizitze hutsagatik ahal bezala egiten du aurrera bereari begiratuz, “zergatik batzuei bai eta besteei ez” galderari erantzunik ez aurkitzean besteekiko mesfidantza bide batez sortuz. Kudeaketa parte hartzaile batek Udalarekiko harremanean elkarte guztiek elkarren berri izan eta herriaren beharren eta bakoitzaren egoeraren araberako aurrekontuen prestatzea bermatuko luke.

 

Kulturari dagokionez Udalaren aldetik hain da hutsaren hurrengokoa harreman zehatza naiz orokorra, instituzioei dagokionez kultur mugimenduek “suizida kulturalen” gisan ibili behar direla, errota ekonomikoen kontrako borrokan dabiltzan kixoteen gisan, ideia baten alde edo kulturaren alde lan egin ahal izateko. Agian hori ezinbestez izango da horrela sarri, baina argi dagoena da Udalaren kudeaketak erraztasunak jarri beharrean guztiz kontrakoa egiten duela, trabak jarri.

 

Errenteriako Udalak ez du herrian dauden kultur eragileen eta haien proiektuen jarraipenik egiten, ez behintzat modu zuzenean. Kulturari loturiko funtzionarioen, zinegotzien eta kalean kulturaren arloan egiten denaren arteko amildegia sarritan izugarria da.

 

Errenteriko Udalak bere kabuz antolatzen diren edo laguntzen dituen ekimenetan badirudi prentsa argazkia dsagoela beste ezeren aurretik. Guk protagonismoa kultur eragileek izatea aldarrkatzen dugu, kultura ez baita hauteskunde kanpaina bat.

 

Errenteriko Udala herritar guztiak ordezkatzen dituen instrumentu kudeatzaile bat izanik herritar GUZTIEN interesak, eskubideak eta ekimenak babestu eta bultzatzeko ARDURA ETA BETEBEHARRA dauka, ez bakarrik unez uneko alderdiaren bozkatzaileena. Errenteriko Udalak herritar guztien IRITZIAK ENTZUTEKO ARDURA ETA BETEBEHARRA dauka. Udala ez da alderdi politiko zehatz bati loturiko enpresa pribatu bat.

 

Errenteriko Udalak kultur eragile bati subentzio bat ematen dionean ez zaio mesede bat egiten ari. BERE BETEBEHARRA EGITEN ARI DA, ETA BERE BETEBEHARRA DA KUDEAKETA HORI MODU ZUZENEAN EGITEA, UDALEAN ZUZENDARTITZA ZUZENA EZ DUTEN KULTUR ERAGILEEN AHOTSA ENTZUNEZ.

 

Bide batez, gure aburuz Udal baten jarduna ez litzateke kudeaketa soilera mugatu behar, kulturaren agente aktiboa ere izan behar luke. Baina ikusita kudeatzeko modua are zailagoa iruditzen zaigu, zoritxarrez, beste hori ere betetzea.

 

Mikelazuloren kasu zehatzari dagokionez, jasotako diru laguntza eskasak udaletxean normaltzat jotzen ez ditugun bilera eta buelta ugari egin ostean jaso ditugula uste dugu. Sarritan gainera lagundu beharrean trabak jasotzen ditugula ozenki salatu nahi dugu.

 

Horren adibide bat izango litzateke aurten hamar urtez Herrien Astea delako ekimena kulturartekotasunari loturiko elkarte ugarirekin elkarlanean antolatu eta gero, urtez urte guk Udalari eskatu bezala modu erabakiorrean lagundu beharrean Errenteriako Udalak “Herrien Kulturak” izeneko jardunaldiak antolatu dituela data berdinean. Errespetu falta izugarria iruditzen zaigu bai Herrien Asteko lan taldeari bai urtez urte aste horren baitan parte hartzen duten ONG eta bestelako erakunde, gizarte mugimendu nahiz elkarteei.

 

Lotsagarria iruditzen zaigu (eta are larriagoa bere burua ezkerrekotzat duen alderdi baten kasua izanik) herri honetan Udalaren partetik gauzatzen diren ekimen oro diruari eta kulturaren zentzu komertzialari lotuta egotea. Lotsagarria iruditzen zaigu Udalak bere kabuz antolatzen dituen ekimenetan, udaletik dependienteak ez diren herriko kultur eragile ugarien amorrurako, diru mugarik ez dagoela somatzea, ez eperik eskaerak egiterakoan, eta gainera prentsaurreko argazkiaz landa ez direla eskaintzen ekintza egin osteko emaitzen daturik.

 

Lotsagarria iruditzen zaigu ildo horretan, “Errenteria Hiria” kulturunea bezalako egitura bati ematen zaion erabilera, nahi denean enpresa pribatu baten esku dagoena eta nahi denean udalarena dena. Egitura hau enpresa pribatu baten esku egonik herritarren eta herriko kultur eragileen erabileratik at dago, hortaz Errenteria/Oreretan benetazko kultur etxe baten sorrera aldarrikatzen dugu. Lotsagarria iruditzen zaigu halaber askoz biztanle gutxiago dituzten herritxoetan nola gure herrian baino askoz kultur azpiegitura handiagoak, aproposagoak, ugariagoak eta erabiliagoak daudela ikustea. Kezka handiz ikusten dugu nola herriko kultur ezpiegiturak murrizteaz gain kulturari loturiko proiektu bakanak zentru komertzialak eraikitzearen alde ordezkatzen diren.

 

 

Guzti honengatik:

 

Errenteriko Udalak bere ardurak bete gabe dituela uste dugu, alegia: herriko kultur eragileekin harreman sendo eta jarrai bat eramatea errespetuan oinarriturik, elkarteen arteko harremanak bermatzea, herriko kulturaren egoeraren ikuspegi amankomun bat sortu eta haren beharraren arabera jokatzea, aurrekontuei begira guzti honek bere isla izatea.

 

 

Mikelazulo kultur elkartekook prest gaude bai Errenteriako Udalarekin bai herriko gainontzeko kultur eragileekin harremana normalizatu eta sendotzeko, eta gure aukeren arabera haiei guztiei elkarlana eta laguntza eskaintzeko.

 

 

2005eko abenduan

 

Mikelazulo kultur elkartea


Utzi iruzkina: