gure artean

txokolo 1456153398663 txokolo | 2007-04-09 12:23

  • Altxuren omenez, gure artean
  • Joseba Barriola eta Jose Ramon Gurrutxaga "Txokolo", Errenteria-Orereta
  • Gizona naiz. Arra. Nire bizitzan mundu posible batzuk ditut irekiak, baimenduak, onartuak eta beste mundu posible batzuk itxiak, debekatuak, ukatuak. Mundu posible ireki horietan sartzen naiz eta bestemundu posible itxietan ez naiz sartzen. Ez ditut mundu horiek nik sortu, emanak ditut eta hezkuntzaren bidez (jaio aurretik amaren sabelean ere) horietara moldatua nago. Nire desioak, sentimentuak, pentsatzeko erak, ekintzak, nortasuna, identitatea horiek markatuak daude. Eta bide egina horietatik ateratzen banaiz kolokan jartzen da nire izateko era. Hori ulertu zuen Altxuk eta ausardia izan zuen molde horiek pitzatzen hasteko. Ausardia mundu posible ukatuetan barna abiatzeko.

    Ezarrita dugun ibilbidea ikaragarria da (emakumeen posesioa eta jabeen arteko konpetentzia), penagarria da (ahuldadez eta beldurrez betea), tristea da (bakardadera kondenatua), murriztailea da (gure garuneko alde bat abandonatua, beldurrean oinarritzen den arrazoiaren nagusigoa eta emozioaren menpekotasuna; sentimenduen hautaketa forzatua eta alor zabal baten errepresioa; gorputzaren formazio gerraria).

    Emakumeei ezarritako bidea ez da hobea.

    Ezarritako bi bide horietatik kanpo bizi nahi duenak gorriak ikusi behar ditu. Altxu Madelonek ikusi zuen bezala.

    Molde hauen barnean gizonemakumeen arteko harremana kondenatua dago eta biziraupenaren legearen arabera gabiltza balantzaka: dominaziozko harremanak (barietade guztiekin bortxakeriatik hasi eta menpekotasun psikologikoraino); hesiz kargatzen ditugun harreman sinbiotikoak. Eta asmatzeko duguna, bestearen garapen librean oinarritzen den harreman mota berria. Zamatzen eta behartzen gaituen identitate astun eta abstraktoetatik libre, esperimentatu nahi dugun askatasunaren bizipen beti berria.

    Hauxe da gure panorama orokorra. Ez dugu ezarri diguten eredu eta moldeetan konbibentzia pazifiko bat nahi gizonemakumeen artean; eredu eta molde horiek kolokan jarri nahi ditugu. Ez dago gehiago gizon eta emakume, pertsonak baizik, aldi berean maskulino eta femenino direnak; bere maskulino-femeninoaren batasun sortzailea bilatzen eta maskulino-femenino guztien artean batasun sortzaile bilatzen. Dominioaren arrazoiaren ordez, honen zerbitzuko emozioen ordez, arrazoi eta emozio horien segidan datozen harremanen ordez... beste mundu posibleak landu eta esperimentatu. Adibidez, gure artean.

    ======================================================


    Utzi iruzkina: