HERRIEN ASTEA 2010.

txokolo 1456153398663 txokolo | 2010-11-18 00:40

 Herrien Astea ekimenari hasiera eman genionetik, bestea ezagutzea, harremanak estutzea, elkar laguntzea, injustiziak salatzea izan dira egin diren ekintza anitzen haria. Bide honetan aurkitu dugu “besteak” ez daudela urrun, geure artean baizik, eta ohartu gara guk ere badugula geure beldurrak, geure erosotasun faltsuak, geure inkoherentziak. Ohartu gara bizi garen “munduak” geure begirada definitu nahi duela. Eta gauden egoeran, Santiago Alba Ricok esaten digun bezala, “pertzepzioaren nihilismoa” pozoin larri eta arriskutsuenetako bat da. Boteretsuen exijentzietatik askatuz begiratzen ikastea da gure nahia. Aurten “ELKARREKIN.....DUINTASUNA” eraikitzeko gogoa izango da Herrien Astearen lema.

Krisiak 2007-2008an eztanda egin zuenetik (elikaduraren eta gosearen krisia; krisi finantziario-produktiboa eta langabeziaren hazkunde azkarra; krisi ekologiko-klimatikoak --shunami, katrina, BP, Hungaria--, bi erantzun mota joan dira garatzen Europako lurraldeetan: elkartasunaren erantzuna eta erreakzioa insolidario eta xenofoboa.

Alde batetik, Europako “Lotsaren direktibak” xenofobiaren ildoaren oinarria ezarri zuen, Europa gotorlekua bihurtuz, itxasotan kontrol-patruilak ugarituz, mugetan Melillako burni-hesi modukoak jarriz, eta barruan kontrol poliziala areagotuz eta etorkinentzako kontzentrazio-eremuak eraikiz. “Estranjeria” legeak onartzen dira paperik gabekoen aldeko solidaritatea gogor zigortuz; ezagutu ditugu Berlusconiren eta Sarkozyren gobernuek agindutako ijitoen eta rumanoen espultsioak. Gobernuek arroturiko giroaren babesean antolatu dira eraso arrazista latzak ( Italiako hegoaldean, Iruinan, Austrian, Holandan...) eta elektoralki ere hazi egin dira talde arrazista agerikoak.

Bainan aldi berean gorputz hartzen hasiak dira elkartasunaren, duintasunaren, zapalduen borroka-batasunaren indarrak. Estatu espainolean eginiko azken Greba Orokorrean etorkinen elkartek agiri bat sinatu zuten grebaren alde eta krisiaren aurka, Nafarroan lau senegaldarren aurkako erasoaren ostean etorkinak buruan zirelarik manifestazio bat burutu zen Iruinan, Sarkozyren legeen aurkako mobilizazio erraldoiak izan dira Frantzian, Italiako hegoaldean mafia-arrazistaren eraso bortitzen aurkako etorkinen matxinada izan da....

Eduardo Galeanok “Patas arriba: la escuela del mundo al revés” liburuan esaten zigun “miseriazko itxasoan altxatzen dira pribilegiozko uharteak”. Bi helburu kontrajarriak dira, bi pentsamendu elkarren aurka: edo pribilejiatuen artean egokitzen saiatzen gara, edo baztertu guztien artean duintasuna eraikitzen dugu.

Eta hiru auzi nagusi ditugu geure pentsamendu propio eta kritikoa eskatzen digutenak: lanarena, segurtasunarena, nortasun pertsonal eta kolektiboaren garapenarena. Eta galdetzen dugu: Nork eta zergatik sorrarazten ditu langabezi tasa larri hauek? Nork eta zergatik erabakitzen du austeritate planak herri xumearentzat, edota ezerezten ditu langilek lorturiko eskubideak? Nork eta nola sorrarazten ditu lan eta bizitza-prekarietatea eta zihurgabetasuna? Nork eta zergatik erabakitzen du kontrol poliziala areagotzea? Nola ematen da eta nork du milaka hizkuntzen desagerpenaren ardura? Nork sustatzen du uniformismo kulturala, nork indartzen du norbanako kontsumista, insolidario, angustiaz jana eta etsitua? Nork erabakitzen du kultura merkatuaren esanetara jartzea?

Gure herria kontestu honen erdian aurkitzen da eta erantzun mota desberdin horien eragina eta oihartzuna jasotzen du. Ez al dago geure eskutan elkarrekin geure duintasun pertsonal eta kolektiboa eraikitzea?

Gure herriak esperientzia luze bat egina du. 1850 ingurutik hasita, kapital industriala hedatzen eta zabaltzen joan den heinean etorkinak hurbiltzen joan dira Errenteria-Oreretara. 1890.etan eta XX. mende hasieran izan zen bigarren etorkinen aldia. Frankismoaren garaian, 1950-1965 urteetan bereziki, berriro ezagutu zen hazkunde izugarria. Mende honen lehen hamarkadan ezagutzen ari gara neoliberalismoaren garaiko emigrazioa.

Baditugu ere ELKARREKIN....DUINTASUNA eraikitzearen esperientzia seinalatuak. II. Errepublikaren garaian elkarrekin egin zitzaion aurre Francoren kolpe militar-faszistari. Diktaduraren garain elkarrekin defendatu zen askatasuna eta duintasuna, hainbat greba orokor eta mobilizazioak eginez, euskalduntze ahaleginak sustatuz (ikastoletan, eskola publikoetan, euskaltegietan...). Esperientzia hauen haritik, elkarrekin berriro geure egunotan geure duintasuna berreraiki ahal dugu, denontzat etorkizun asmo duinak zihurtatuz.

Mikelazulok azken hamabost urte hauetan antolatu dituen Herrien Aste guztietan norabide berean aritu gara: elkartasunezko erantzuna lantzen saiatu gara. Bide beretik goaz, eta azaldu ditugun auziei buruzko gogoeta sakonaren premia ikusten dugu. Aipatu ditugun muturreko erreakzio xenofobo eta arrazistak, beldurraren manipulazioaren eta pentsamendu-ukazioaren azpizolan elikatzen dira. Horri aurre egitea beharrezkotzat jotzen dugu. Gure herrian, eskoletan, auzoetan, osasun zentrotan, mota guztitako elkarteetan elkarrekin duintasuna praktikatzera eta horixe bera udalari eskatzera gonbidatzen zaituztegu.  ELKARREKIN....DUINTASUNA eraikitzea Orereta-Errenteriaren historia beste esperientzia aberasgarri batez aberastea litzateke. Benetan egin ahal eta egin behar daitekeenaren erreferentzia bihur gaitezke.


Utzi iruzkina: