Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/04/07

Denboraldiari agur, goren-gorenetik

Elur faltagatik atzeratu zuten, eta azkenean, joan den asteburuan, apirilaren 5etik 6ra bitartean, izan da Andres de Regil mendi-eski txapelketa ezaguna.

33. aldiz antolatu dute, 1969. urtean Andres de Regil mendizale bizkaitar ospetsuak lasterketa edo rally hau martxan jarri zuenetik. Garai haietan berria zen mendi-eskia eta kirol hura bultzatzeko asmoz antolatu zuen lasterketa, eta bide batez, horren maite zituen Europako mendietan lagunarteaz gozatzeko. Egun, bere ondorengoek eutsi diote lekukoari.
 XXXIII. Andres de Regil zeharkaldia

Bi edo hiru laguneko taldeetan egin behar zen proba, eta adiskidantza onena erakutsi zuen taldeari sari berezia ere eman zioten. Gogorra izateaz gain teknikoa ere izan zen lasterketa. Zapatuko etapak, esaterako, 1600mtako desnibela zuen. Eguzkiak gogor jo zuen arren, eskiatzaileek Europako Mendietako inguru basatiaz gozatu ahal izan zuten.

Domekan, berriz, laburra, bizia eta berritzailea izan zen proba. 400m-ko desnibela zuen erlojupeko eskalada lehenengo, eta taldeka sokaz lotuta beheraka, ondoren. Jaitsiera erabat berria zen, eta arriskutsua ere bai. Hala ere, parte-hartzaile gehienek arrakastatsua izan zela esan dute, ohiko moldeak hautsita ikuspuntu alpinoagoa eman ziolako probari.

Aurtengoan lau elgoibartarrek hartu dute parte, bi taldetan banatuta: Joseba Elustondok eta Iker Leonardok batetik; eta Iñigo Larizek eta Arkaitz Iruretak bestetik.

Euskadiko kopa burututa, ondorioak ateratzen hasteko unea da. Denboraldi hau berezia izan da elgoibartarrentzat. EMFko eskiko batzordeak eta bereziki Andoni Areizaga eta Antxon Bandresek egindako esfortzuari esker Gabonetan egin zen ikastaroan, asko ikasi zuten. Ondoren, ikasitakoa lasterketetan erabili ahal izan dute, eta lehen probatik azkenekora garapena ikaragarria izan da.

Honenbestez, eski lasterketen denboraldiari agur esan dio gure laukoteak. Gogor aritu dira, eta emaitzak ere halakoxeak izan dira. Datorren urterako gogotsu daude, eta gu ere haien berrien zain izango gara. Bejondeizuela!

Nork: loramen.2008/04/07
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.