Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/11/17 21:24:30.784 GMT+1

posta elektronikoak eta hartu-emana

Komunikazio alorrean lan egiten dut iaztik. Lan horretan ari naizelako nire egunerokoan ordubete gutxienez ematen dut posta elektronikoari lotuta. Horrek beste aukera bat eman dit pertsonen arteko hartu-emanak eta jokaerak behatzeko.

 

Hiru talde bereiztuko nituzke nik postaz dauzkadan harremanen artean. Batzuk ez diote posta eskutitz bati sekula ere erantzuten. Beste batzuk, noizean behin eta hirugarren taldekoak beti. Ez ditut gogoko lehenengo taldekoak, ez ditut alboan nahi. Niretzat ondotik pasatu eta gehienetan aurpegira begiratu ere egin gabe joaten den ezagun haren modukoa da postari erantzuten ez dion hori. Ez didate balio ez dakizu zenbat mezu izaten ditudan bezalako adierazpenek. Inoiz galdetu izan diot neure buruari: hainbeste denbora “galduko” ote dute OK,  Bale edo antzerako hitz batekin erantzuterakoan?

 

Bestea kontuan hartzearekin estu lotuta dagoela iruditzen zait eta horregatik nik beti erantzuten ditut postak. Inoiz, egunean bertan barik bi egunetara-edo erantzun dudala aitortu beharra dut, baina lepoa jokatuko nuke gutxi batzuetan baino ez dela izaten.

 

Egia da komunikazioa errazten duen tresna zuzena eta arina dela eta horretarako sortu zela, besteak beste. Baina pentsatzen dut lagun asko erabileran arin trebatu baziren ere, ez zutela era berean oinarrizko araua ikasi, zentzuzkoa dirudiena, bestalde: feed-backa.

 

Beste batzuk oso hotz erantzuten dute. Baina hori errespetagarria iruditzen zait. Ez zait, halere, sinpatiko eta atsegin gertatzen. Hori ere esan beharra dut. Ezin dut imajinatu telefonoz ari naizela, lagunak ia agur esan barik eskegitzea.

 

Anaiarekin horretaz ari nintzela behin, berak zioen zuzeneko harremanetan ez bezala, ezin izaten dela asmatu hartzailearen egoera emozionala mezua bidaltzerakoan. Eta horretan arrazoia ematen nion. Niri ere gertatu izan zait mezu bati erantzutean tonika berean ez egotearen sentsazioa izatea.

 

En fin, posta mezuen joan-etorriak pertsonaren norabidearen ispilu ez ote diren pentsatzen dudala…

 

Nork: negua.2008/11/17 21:24:30.784 GMT+1
Etiketak: komunikazioa posta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/06/06 14:29:31.539 GMT+2

praktikak

Praktikak hasi ditut aste honetan azterketak eta lanak amaitu ondoren. Egia esan, atseden hartzeko gogo apur batekin banengoen, baina ez, oraindik ez. Ez da amaitu. Hasi beharbada, izan ere, horrelakoetan esaten da ikasi ikasten dela. Ea egia den! Hala ere, ikasturtean zehar zenbat gauza berri eta probetxuzko ikasi ditudan. Jode maizago sartu beharko naiz hona idazten, ahaztuta neukan kontraseina.

Nork: negua.2007/06/06 14:29:31.539 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/03/21 19:31:56.553 GMT+1

kabinakoak

Hilabete pasa ezer idatzi gabe. Astelehenean, artean elurra hasi barik zegoela, gure etxera pasatzeko dagoen semaforoaren botoia sakatu nuen. Han zain nengoela, telefono kabina barruan kanpotar batzuk ikusi nituen. Momentu batez, erraz ahazten baitzaigu gero, euren barruan sentitu nintzen, etxetik urruti gau hotz batean. Etxeratu nintzenean betikoa aipatu nuen: ez gara konturatzen zelako suertea dugun!  

Nork: negua.2007/03/21 19:31:56.553 GMT+1
Etiketak: atzerritarrak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/16 17:00:13.147 GMT+1

picasa argazkietarako

Hona hemen argazki bat. Aspaldi blogean sartu barik nengoenez, zerbait idazten ari naiz. Ea ez dudan ahaztu nola egiten zen! A! argazkia Picasa programa erabiliz moldatu nuen. Oso programa konpletoa da.barnerako komunikazioa

Nork: negua.2007/02/16 17:00:13.147 GMT+1
Etiketak: picasa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/24 22:44:48.524 GMT+1

sakelerako doinua

Sakeleko doinuaz aspertuta bazaude, hona hemen aukera bat aldatzeko. Konturatuko zara ez dela osorik agertzen, hasi berria naiz odeon eta ez da osorik grabatu, baina bukaerak zera dio "...ez duzu hitz egingo deitu dizunakin." Beraz, gustatzen bazaizu zuk kantatu beharko duzu.
powered by ODEO

Nork: negua.2007/01/24 22:44:48.524 GMT+1
Etiketak: odeo | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/12 18:36:04.222 GMT+1

Tagzania: mundua etiketatzen

Luistxo Fernandez ezagutzeko parada izan nuen Sustaturen 5. urteurrenean, fakultatean eman zigun hitzaldiaren aurretik. Egun hartan beste batzuen artean, hitz batzuk eskaini zizkigun han bildu ginenoi. Han jakin nuenez, kazetari honek lan izugarria egin zuen Sustaturen sorreran, oso kontuan hartzekoa, duda barik.

Aste batzuk geroago gertuagotik jarraitu ahal izan genituen hari entzutera hurbildu ginenok bere programaren, Tagzaniaren,  nondik norakoak. Ordurako Joxe Arantzabalekin zerbait saltseatuta geunden zerbitzu honetan, baina hitzaldian xehetasun berriak jaso ahal izan genituen.

 Tagzania ezezaguna bazaizu, Web 2.0k eskaintzen digun beste zerbitzu edo aplikazio bat dela jakin behar duzu. Eibarreko kazetari honek beste batzuekin batera sortutako programa hau Euskal Herritik egin den programarik nazioartekoena dugu. Baina zertan datza? Ingelesez Tag etiketa dela honezkero badakizu, ezta? Ba, esanahi horretatik datorkio programari funtzioa. Mundua etiketatzeko balio du. Beste era batera esanda, munduko mapak gure pantailara ekartzeko balio du. Bai, horixe egiten du. Nahi duzun lekuko mapa lor dezakezu programa erabiliz. Beraz, kanpokoa den lagun bati zure etxera iristeko bidea zein duen erakutsi nahi diozula? ba, hartu mapa eta bidali. Edo oporretan bisitatuko duzun hirian zure hotela non dagoen ikusi nahi duzula? ba, hartu mapa eta inprimatu. Mapak ez ditu sortzen, baina google maps erabiliz erraz aurki daitezke. Berak adierazi zituen hitzaldian zehar zailtasun edo akatsen batzuk hainbat mapen inguruan, baina beno…

Azkenik, ez nintzateke gustura geratuko zera esan gabe, hitzaldia apur bat astuna egin zitzaidala. Egia da ezin izan nuela bukaerara arte geratu eta horrek nire iritziari balioa ken diezaiokeela. Baina edo opor aurreko azken eguna zelako, edo nekatu samar geundelako edo ez dakit zergatik, nahiko aspergarri egin zitzaidan. Eta bestalde, pena hartu nuen gaiaz hainbeste dakien pertsona euskaldun baten hitzaldian gusturago ez egon izateagatik. Beno, behintzat ezagutu dugu Tagzania, ezagutu dugu bere sortzailea eta orain erabili eta zabal dezakegu aplikazioa. Eskerrik asko, Luistxo!

Nork: negua.2007/01/12 18:36:04.222 GMT+1
Etiketak: tagzania | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/11 17:05:09.729 GMT+1

firefox-a: instalatu ez ezik, erabili

Ez dakit gogoratuko duzun, Joxe, baina blogean Iban Arantzabalen hitzaldiaren gainean idatzi nuen hausnarketan nahiko kritika agertu nintzen. Firefox-aren inguruan ere bai, baina ez eragozpenik edo alde txarrik ikusten niolako, baizik eta hizlariak erabili zuen tonuagatik batez ere. Eta gogoratuko duzu, agian, erantzun zenidala. Erantzun zenidan, behintzat firefox-a instalatu nuela, hori zela garrantzitsuena aditzera eman nahirik-edo. Ba, gauza bat aitortu nahi dizut, oso gutxitan erabili dudala orduz geroztik nabigatzaile hau, baina ez arrazoi konkreturen bategatik, ez, beste barik, lanean ez daukagulako, alde batetik, etxean ez naizelako akordatzen… 

 

Dena den, egia da, bestalde, orain testigantza guzti hauek irakurtzean eta atzo zuk emandako azalpena entzun eta gero, erabiltzeko asmoa hartu ez ezik, ikastolan ere horren erabilpena bultzatzeko asmoa ere hartu dudala. Abantailak asko omen dira: orri guztiak eskura izatea, diseinu aldakorra edukitzea, Internet Explorer-ek ez dituen hainbat aplikazio izatea, jardun osoa bertatik bideratzeko aukera edukitzea, estentsioak erabili ahal izatea, gehigarriak ordenatzeko era, bizkortasuna, Soft librea... Bide batez, Mikel Irizarrek bezala nik ere nahiago ditut behetik gorako ekimenak…

 

Arrazoi guzti hauek oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, baina egia esango dizut, –zenbat egia batera idazlan berean- nik, batez ere, euskaragatik erabiliko dut nabigatzaile hau. Ginekologoa aukeratzeko orduan ere euskaraz dakien ala ez begiratzen dudan bezala, antzerako jarrera hartuko dut hemen ere. Beraz, gaurkoz hemen nire hausnarketa eta banoa etxera portatilera ere firefox ekartzera.

Nork: negua.2007/01/11 17:05:09.729 GMT+1
Etiketak: firefox | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/01/07 18:32:41.228 GMT+1

neguko itsasoa

Joan da, iragana da oporraldia dagoeneko. Halere, pasatutako hainbat momentu garuneko ez dakit zein memoria-lekutan gorde egingo ditugu ziurrenik. Argazkiak ikusita gogora ekarri ahal izango ditugu beste hainbat.  Esate baterako, nik hauxe bera ikusten dudan guztietan gogoratuko dut orduan izandako elkarrizketa. Zein ondo ibili garen, mendian eta itsasoan, kanpoan eta barruan, lagunekin eta familiarekin!

mutrikuko itsasoa

Nork: negua.2007/01/07 18:32:41.228 GMT+1
Etiketak: itsasoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/06 12:15:36.599 GMT+1

sareko errege

Youtube, Flickr, Blogger... sareko errege. Edo sortzaileak omen errege? Bietara irakur edo uler daiteke "Los nuevos reyes de Internet" artikuluko (El País, 2006ko abenduaren 3a) izenburua. Kontua da 20-30 urte arekoak omen direla zerbitzu hauen sortzaileak. Gazteak, ezta?

Baina ez da hori gehien harritu nauena. Harritu nau, esate baterako, adinak baino gehiago zerbitzuak sortzeko bideak. Itxura denez, ezintasunetik asmatu dira gehienak. Edo batzuk behintzat bai, Youtube eta Flickr, besteak beste. Traba edo oztoporen bati irtenbidea ematearren, beraz. Horregatik dio artikuluak errege hauek iniziatiba handikoak direla, besteek egiten saiatu ez direna, eurak saiatu direlako egiten. Meritoa sor zaie, hortaz.

Dena den, idatziak zer pentsa eman dit hiru arlo hauetan: lehenengo eta behin, multinazional digitalak ere existitzen direla ohartu naiz. Beraz, birtualetik urruti samar ari diren beste multinazional batzuen antzera ari dela sarea bera ere, erosi eta hazi. Hemen ere diruak agintzen omen du. Pribatizitate kontua ere ibili dut buruan jira-bira. Ondo dago konpartitzea, munduari zabaltzea, egin duguna, jaso duguna, dakiguna, pentsatzen duguna munduari erakustea, baina denok al ditugu argi mugak? Ez dauka honek guzti honek aurreikusten ez den arrisku bat? Azkenik, aipatu nahi dut nire beldurra edo sumoa zela sarea ere lerdokeria edota ergelkerietarako erruz erabiltzen ote zen. Eta bai, asmatu egin dut. Izan ere hor dago Jason Lanierrek aipatzen duen datua, hain zuzen ere, egindako ikerketa baten ondoren sarean lagunik gehienek ikusitako bideoa gerlari bat imitatzen ari zen ume batena zela.

Bestalde, blogari naizen aldetik, nire bloglanaren gainean hausnarketa egin nahi nuke amaitzeko. Norberak sortutako hori denon ikusgarri jartzen du, bai. Asma ditzaket horrek dituen hainbat eta hainbat alderdi on, bai. Halere, hiru hutsunerekin egiten dut topo nik. Bat, hartzailea. Idazten dudan bakoitzean ez dakit oso ondo zeinentzat ari naizen. Eta igual horrek ez du hainbesterainoko garrantzirik, nahiz eta teorian beti aipatu izan didaten/dudan hartzailea komunikazioaren osagarrietako bat dela. Bi, helburua. Izan daiteke desberdina, idazten duzun bakoitzean, jakina. Edo helbururik ez izan, baina hau ere komunikazioaren teorian ikasi dudan beste arlo bat da. Eta kostatzen zait neure idatzietan, batzutan identifikatzea. Hiru, erantzunik eza. Nahiko hutsala, frustrantea suertatzen zait azkeneko hau. Norberak komunikatu nahi izan duena inork ez duela irakurri sentitzeak min ematen dit. Horregatik, ez naiz ziurrenik gehiago sartzen blogean. Denbora eza ez ezik, neure kasuan hauxe ere faktore garrantzitsua da.

Baina buka dezadan optimismoz, blogak zabaldu dizkit eta zenbait ate. Idazteko atea (aspalditik galdua nuena), mundua ezagutzeko atea (beste batzuen begietatik jasotzen dudana) eta azkenik, irudia –argazkia, ikus-entzunezkoa- sortzeko, lantzeko atea (sakontzeko irrikatan nagoena).

Nork: negua.2007/01/06 12:15:36.599 GMT+1
Etiketak: web 2 0 | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/01/03 17:16:05.845 GMT+1

ZEIN ONDO OPORRETAN

Urteberri on, guztioi! oporrak hartu nuenetik ez naiz sarri sartu blogean. Egia esateko neurean behin ere ez. Deskonexioa erabatekoa izan da. Baina bagoaz berriro ere normaltasunera itzultzen eta zerbait idazteko premia ere sentitu dut. Zein ondo egoten garen oporretan, ez? Badaukat etxeko lanen bat egin barik oraindik, artikulu baten inguruko hausnarketa, baina hori biharko utziko dut. Argazki bat sartu nahi nuen, baina idazten ari nintzela ohartu naiz flickren gorde barik nuela, beraz, hurrengoan erakutsiko dizuet. Mutrikuko itsasoa da. Horretarako ere  astia izan dugu eta. Pasiatu, paisajeekin gozatu, etxekoak ondo-ondoan euki... Laster arte, bada!

Nork: negua.2007/01/03 17:16:05.845 GMT+1
Etiketak: oporrak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)