Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/03/13 23:58:08.122 GMT+1

Asier Iriondoren artikulua


Asier Iriondo bertsolari legazpiarrak eta txapelketan epaimahai bezala ari denak, igandeko Goierriko Hitzan artikulu polit bat idatzi zuen. Horregatik erabaki dugu gure blogera ekartzea.

Martxoan bertxoa

Legazpiarrok askotan izaten dugu zalantza hau garuneko zirien hemisferioan: zertan dira gu baino hobeak urretxu-zumarragarrak? Orain dela urte pare bat arte izenen 'r' kopuruan erantzuten genion gure buruari. Zer esanik ez jentilizioetan. Geroago Martxoan Bertsoa antolatzen hasi ziren. Eta guk gure artean Andu Lertxundik eta Tasio Erkiziak herri horietan ezingo luketela karrerarik egin pentsatu genuen.

Lertxundik eta Erkiziak ez baina urtero-urtero hogeita hamar lagun inguruk berritzen du bere lizentziatura bertsologian. Halako bertsologo pila daukaten herriek derrigor behar dituzte katedratiko onak. Azkarate, Ojanguren eta Fernandez anai-arrebek badute zerikusirik gaur egungo arrakastan. Baita Juanjo Sagastibeltzak eta Iñaki Beitia zenak ere.

Urretxuko bertso eskola Iñaki eta Juanjok abiatutakoa da. Uxue, Antton eta bi Gorkak hortik ateratakoak dira. Seguru nago, urtero garai honetan, Juanjok semea ingeniari lizentziatu berri zaion aita baten harrotasuna edukiko duela. Ulertzekoa da sentimendua. Baina, era berean, senar alargunduarena ere edukiko du, bikotean hasitako proiektu hura bakarrean gozatzen duelako penaz.

Martxoan Bertsoaren barruan egindako txapelketako finala honezkero erabakita egongo da. Nik Motzeko kanporaketaren berri baino ez daukat. Izugarrizko gozatua hartu nuen Lasatarrak, Trikitilariak, Galaktikoak eta Pitxitxiak bertsotan entzutean. Handiegirik ez dut bota nahi baina BECen baino gusturago egon nintzen.

Bertso maila eta sortu duten giroaz gain hedapenaren kontua ere hor dago. Goierriko Hitzaren bilatzailean Martxoan Bertsoa sartuz gero 28 testu aurkitzen ditu. Gogoan daukadala lautan egin da ekitaldia, eta egunkari bateko 28 testuri gaia eman badie lana ondo egin den seinale. Giro hori eta gaur egungo teknologiak probestuz artikulua puntua jarrita bukatu nahiko nuke. goierrikohitza.info webean hiru lagunetik gorak erantzungo baliote oso gustura jarriko nintzateke eta, hori gutxi ez balitz, agian, Gaztelekuko finalera sorpresaren bat eramango nuke. Horra puntua: «Urretxu-Zumarragak urrun du Legazpi».

Nork: uzbertsoeskola.2006/03/13 23:58:08.122 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Eta ez al dituzue artikulo horretan proposatzen den puntuari jendeak botatako erantzunak bildu behar? Ze blog klase da hau? Manipulaziorik ez, mesedez!!

Nork: mihiluzea.2006/03/14 09:36:40.140 GMT+1

Ez dakit bromatan ari zaren edo ez, baina, artikulua baino lehenago dagoen linkan sakatzen baduzu hor agertzen dira Goierriko Hitzan puntuari egindako erantzunak. Ez daukagu puntu guztiak biltzeko denborarik eta Hitzan agertzen badira begiratu itzazu han zuzenean.

Nork: .2006/03/14 09:46:51.432 GMT+1

Ez nabil bromatan, legazpiarrekiko harremanak sendotzearen aldekoa naiz, eta uste nuen eritzi horiek ere argitaratzeak lagunduko lukeela horretan

Nork: Mihiluze.2006/03/14 12:35:55.880 GMT+1

zergatik sentitzen haiz

triste eta gaizki

Asier bertsotarako

nahiz hi haizen aski

etorri zumarrara

elkartzean zazpi

Nork: joseba.2006/03/16 18:49:50.173 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.