Sailkapenean laugarren geratu arren, aparteko saioa egin zuen Gorka Azkarate herriko bertsolariak atzo Hondarribian.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari hasiera eman zitzaion joan den asteburuan "Gpuntua" lelopean. Atzo Hondarribiako Amute auzoko aretoan jokaturiko kanporaketa 8. saioa izan zen. 6 bertsolarik hartu zuten parte bertan, hauen artean Gorka Azkarate urretxuarra eta Nerea Elustondo legazpiarra.

Amute auzoko aretoa nahiko leku txikia zen, baina goxoa. Agian goxotasun horren ondorio izango zen bertsolariek azaldu zuten maila altua eta parekatua (kontuan izan lehenengotik azkenera 18,5 puntuko tartea baino ez zela izan). Ariketa guztietan ale ederrak entzuteko aukera izan zuten bertaratutako entzuleek (200dik gora). Bertsozale asko epaileek emandako puntuazio baxuarekin harrituta irten bazen ere, entzundako saio bikainarekin gustura ikus zitezkeen gehienak. Honela geratu zen sailkapena:
- Iñaki Zelaia (Hernani): 272,5 puntu
- Hodei Iruretagoiena (Zarautz): 265,5
- Josu Oiartzabal (Errenteria): 261
- Gorka Azkarate (Urretxu): 259,5
- Unai Gaztelumendi (Añorga): 254
- Nerea Elustondo: 254
Azkaratek oso maila altua erakutsi zuen (lastima kartzelako gaian eginiko potoa) eta bertaratutako herrikideak gustura utzi zituen oso. Elustondok ere, bertso polit ugari helarazi zizkien entzuleei.
Bukatzeko, ederra bezain hunkigarria izan zen bertso eskolako kideei eta atzetik datozen gaztetxoei Gorkak eskaini zien agurra. Harro egoteko moduan gaude! ZORIONAK Gorka!
Erantzunak
Nire ustez, atzoko saioko hiru edo agian lau bertsolari aritu ziren Legazpiko irabazlearen gainetik (Xabier Sukia) eta hori puntuetan ez da islatu.
Nire ustez atzoko saioko hiru edo agian lau bertsolari aritu ziren Zumarragan bigarren geratu zenaren gainetik (Iñaki Apalategi) eta hori puntuetan ez da islatu.
Nire ustez atzoko irabazlea ez zen Zumarragakoa baino okerrago aritu eta hori ere ez da puntuetan islatu.
Beti ere nire ustez, eta kontuan hartu nik gutxitan erreparatzen diodala poto egin duen ala ez, errimatzen duen ala ez, errima pobrea den ala ez, nik nire barruan bertsoak sortzen duenari baino ez diot erreparatzen, hortaz, .... zuek atera kontuak.
Gorkaren saioa bikaina izan zen benetan, nire usterako noski.
Zortziko handian Iñaki Zelaiarekin egokitu zitzaion. Biak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu behar dute, Iñakik nahikoa du parte hartzearekin, Gorkak, berriz, irabaztea baino ez du buruan. Bertso saio ederra izan zen eta Gorkaren hiru bertsoak bikainak. Uste dut ariketa honetan Zelaiaren (ederra, bizia, goxoa, umore finez betea, Iñakik Nerea Elustondorekin zortziko txikian egindako saioa) pare edo gainetik aritu zela.
Zortziko txikian Unai Gaztelumendirekin egokitu zitzaion Gorkari. Gorka pilotariak, partida irabazten ari zela, ikusten du bere botileroa kontra ari dela apustuan. Oso saio bizia eta txukuna. Gorkaren lehen bi bertsoak eder askoak eta hirugarrena balekoa. Gorka nagusi.
Hamarreko txikian bigarren geratu zen Hodei Iruretagoienarekin (bikaina kartzelan egindako lana, zorionak Hodei) fortunatu zitzaion. Hodei tabernariari tragaperrasen jokoan ari den Gorkak kanbioak eskatu dizkio. Nahikoa ona izan zen biek eginiko lana, goia jo ez bazuten ere oso txukun aritu ziren biak. Ez nuke jakingo esaten zeinek atera zituen puntu kopuru handiena.
Puntuari erantzuten: bi ariketak oso oso ondo egin zituen Gorkak.
Kartzelako gaia: "Ezin duzu gehiago. Telefono zenbakia pantailaratu eta deitzea erabaki duzu". Maila altuko lana egin zuen Gorkak, gero jakin genuen poto bat egin zuela, lastima!
Gorka ikusi genuen fresko, txispa handirekin, ironia fina erabili zuen (kartzelako gaian neska bati deitu eta "zein da?" entzun orduko mutu geratu zen).
Saioa bukatu ondoren Izagirre ahizpen aita hurbildu eta zera esan zidan: "Suerte galanta duzue irakasle horrekin, izugarri gustatu zait, ez naiz harritzen zuen herriko Bertso Eskola onenen pare egoteaz."
Ba, hori! Zorionak txapeldun!
Nork: sebas.2007/10/01 10:26:32.453 GMT+2
Nundik ateratzen dek denbora?
Nork: Josu Aztiria.2007/10/01 11:29:51.154 GMT+2
Gauza batean ados geunden sei bertsolariak saioa amaitu ondoren: epaileek oso bajutik puntuatu zutela gure saioa besteen aldean. Jende guztiaren ahotan zegoen atzokoa orain arteko saiorik onena izan zenaren ustea, eta hori ez zen puntuaketan isladatu. Pena da. Nik Legazpikoa eta Zumarragakoa jarraitu ditut orain arte eta, umiltasunez, atzokoa besteak baino biziagoa, orekatuagoa eta maila txukunagokoa iruditu zitzaidan. Beste saioetan ez bezala, atzokoan ez zen inor besteen oso azpitik ibili eta horrek eragin zuzena du saioaren freskotasunean.
Nire balorazioa, orokorrean, positiboa da. Orain lau urte baino aho zapore askoz hobeaz bukatu nuen atzo eta hori zen, azken finean, nire helburua. Azken asteotan bertso eskolan egindako prestaketa saioak hor daude eta, niretzat ez ezik, nire "esparring" izan diren horientzat ere (ez dakit nola eskertuko diedan emandako laguntza...) baliagarri izango ziren, ziur.
Mila esker!
Gorka
Nork: Gorka Azkarate.2007/10/01 11:30:54.151 GMT+2