Orain dela gutxi irakurria dut nire herrikide Alberto Onaindiak (Markina, 1902 - Donibane Lohitzune, 1988) idatzitako "Hombre de paz en la guerra" memoria liburua. Onaindia bera ere abade gaztea zen Gerra Zibilaren garaian, eta hildako abade baten anaia (Celestino Onaindia Zuloaga). Liburuan modu zirraragarrian kontatzen du bere anaiaren heriotza nola izan zen. Inolako epaiketarik gabe, deklaratu gabe, gauez, txakur zorritsuak balira bezala erail zituzten abade horiek "Gurutzadan" etorritako "nazionalkatoliko" haiek.
Larruskain-Amallo auzoan bizi zen Jose Sagarna Uriarte abade gaztea ere frankistek erail zuten. Auzoko jauntxo bat kontra jarri zitzaion, ustez gona kontuak ere tarteko zirela ( orrialde honetan daukazue istorio osoa, zabal kontatuta http://eibar.org/blogak/orakulua/archive/2006/10/17/704).
Bera fusilatu zuten tokian, 1958an, usteldutako sagarrondo bat erorita zegoen eta "mirariz" berriz tentetu ei zen. Inguruko auzotarrek berehala lotu zuten gertakari harrigarria Sagarnaren heriotzarekin, baina garaiko agintariek era guztietako metodoak erabili zituzten zurrumurru horiek isiltzeko. Gaur egun ez dago arbola horren arrastorik, Markina-Xemeingo udalak 1988an Sagarnaren omenez jarritako gurutze bat baizik.

70 urte pasatu behar izan dira hiletarako. Gehiegi. Gure herriak asko sufritu du urte hauetan guztietan. Baina ea oraingo onarpen honek jazotakoaz pentsatzera garamatzan, berriz ere horrelakorik inoiz gerta ez dadin.
Idatzi artikulu bat