...eta zer erantzun sei urteko haur bati...

aizkorripetik 1456130602071 Aizkorripetik... | 2007-10-16 23:28
7

Badut lehengusu txiki bat, Maria izenekoa. Sei urte ditu, eta orain ari da irakurtzen eta idazten ikasten. Nire Printzesa deitzen diot nik, eta zera esaten dit berak: 'ni zure printzesa banaiz, zu nire erregina!', eta barrez algaraka hasten da, sudurrean muxu ematen didan bitartean.

Gaur zera esan dit: 'Handia egiten naizenean zu bezalakoa izan nahi dut'. Seko jota utzi nau horrek. Eta buruari bueltaka nabil egun guztian. Ni bezalakoa izan nahi du. Kazetaria izan nahi du, eta asko idatzi eta asko irakurri nahi omen du. Galderak erantzuteko gaitasuna izan nahi omen du… Nik galdera guztiak erantzuten omen dizkiot (ironia polita, nire Printzesarena) eta berak ere horregatik izan nahi omen du ni bezalakoa: galdera guztiak erantzuteko gai izan nahi duelako.

Herenegun ordea, erantzuteko modurik izan ez nuen galdera bat egin zidan. Imajina ezazue: igande goiza, eguzki ederra zeruan, haize epela, ileak aidean. Mendira joateko giro paregabea. Aitatxo, amatxo eta Ane (arrebatxo, ikaragarrizko printzesa hau ere...) konbentzitu zituen eta mendira joateko plana egin zuten. Aizkorrira joango ziren (hara!). Aitatxo ere konbentzitu zuen, lehendabiziko aldiz, etxe azpiko okindegira ogia erostera bakarrik joateko (aitak balkoitik begiratzen zuen bitartean).

Hala ba, joan zen ttikia okindegira, bakarrik, lehendabiziko aldiz. Eta hauxe, berak kontatutakoarekin eta ezagutzen dudanarekin eginiko ezsena/elkarrizketaren berreraiketa:

-Kaixo, egun on (edukazio oso oneko ttikia da gurea). Bi ogi emango al dizkidazu, mesedez?

-Perdona chiqui, no te entiendo!! (eta barre algara bat ondoren). Hablame en castellano, peque!!  ¿Que quieres?

-Bi ogi, mesedez. -Mariak ezin zuen sinistu ere egin gertatzen ari zena. Non dago betiko okina? Non dago Lurdes? Zein da andre potola hau?

-En cristiano, chiqui, en cristiano, que te digo que no te entiendo!

-Bi ogi, mesedez. -errepikatu zion. Maria larritzen hasia zen ordurako. Lotsatzen denetan bezela, bi eskuak ahora inguratzen ari zen harrezkero, aurpegia ezkutatu nahian bezala.

-A ver, chiqui, ¡que no te entiendo! ¿Donde esta tu amacho? ¿Has venido sola? Pero ¿qué quieres? Hija, a mi en cristiano, ¡que  si no no te entiendo! ¿Quieres pan, chiqui? -galdera zaparrada ederra bota zion dendari berriak ttikiari.

Korrika alde egin zuen haur gizarajoak, hori izan zen bere erantzuna. Larrituta igo zen eskaileretan gora. Are larrituago galdetu zion aitak alabari zer gertatu ote zen, etxera ogirik gabe eta malkoak dariola iritsi zela ikusita. Aitak ezin izan zion erantzun zergatik ez zion dendari berriak euskaraz hitz egin. Zergatik ez ote zion ulertzen andre helduak haur txikiari. Eta zergatik haserretu ote zen dendaria (beranguago jakingo bainuen andrea haserretu egin zela sinistu zuela Mariak).

Hala ba, gaur bazkalorduan iritsi naiz etxera eta hantxe zeuden Maria eta Ane nire zain, hiruok batera bazkal genezan. Eta hala, hasi da Ane igande goizean Mariari gertatutakoa kontatzen. Eta Mariak haserre aurpegia jarri du bapatean, lotsaren lotsaz.

Anek bukatutakoan hasi da galdera zaparrada: "Eta zergatik ez zuen andre horrek euskaraz egiten?", "eta zergatik esaten zidan niri gazteleraz egiteko eta ez zuen berak euskaraz egiten?", "eta denok euskaraz egiten badugu, berak zergatik ez?"… Hala jarraitu dute galderek, erdi-malkoka, ia-haserre, jakinminez beterik.

Eta hortxe aritu da bere ustetan dena (edo behintzat asko asko asko) dakien bere lehengusuari galderak egin eta egin. Eta bere lehengusua mutu, ttikiak ulertzeko modukoa izango zen erantzun baten bila.

"Aaaaai Maria Maria! Zuk ez al dakizu ba batzuk euskaraz egiten dugula eta beste batzuk gazteleraz? Euskaraz dakigunok, denok dakigu gazteleraz, baina gazteleraz egiten dutenek ez dute denek euskaraz egiten. Hori denek dakite neska!". Hara, Ane, Mariaren ahizpa zaharraren erantzuna (zortzi urte egin ditu aurten Anek). "Baina zergatik nik gazteleraz egiten baldin badakit berak euskaraz ez?".

Ixilik geratu gara denak.

Ez nuen erantzunik. Pentsatzen jarrita, agian zera esango nioke: "Maria, emakume hark ez zekien euskaraz egiten eta gazteleraz egin behar zenuen…". Edo antzerako zerbait. Edukazio osoz jokatzeko esango nioke behintzat. Beste askotan ordea, dendatik ateratzen ondo egin zuela esango nioke.

Ez dut ordea erantzun egokirik aurkitu. Haur gaixoari begiratu, sorbaldak gorantz eta lepoa beherantz eraman, eta galderaren ernatzunaren arrastorik ez dudala jakinarazi diot, burua alde batera eta bestera mugituz.

Oraindik sei urte ditu, eta ezin hasiko naiz ulertzen ez dituen kontuen inguruan berarekin hitz egiten… Baina egunen batean, handia egindakoan nire modukoa izan nahi duela errepikatzen badit, nik hala izango ez balitz hobe izango litzatekeela erantzungo diot. Eta igande honetan gertatutakoa gogoratuko diot . "Gogoratzen al zara, txikia zinenean, lehendabizikoz ogia zeu bakarrik erostera joan zinenean gertatutakoa? Seguruenik ez zara gogoratuko baina…"  hasiko naiz, eta gertatutakoa kontatuko diot. Eta esango diot, zerbait hobea merezi duela berak: gure herrialdean, toki guztietan, euskaraz hitz egiteko eskubidea merezi duela berak, nik ez dudan zerbait. Edozein tokitan edozer gauza, edozer iritzi plazaratzeko eskubidea merezi duela esango diot, nik ez dudan zerbait, hau ere. Egunero atxilotuak, torturatuak… ez ikusteko eskubidea duela ere esango diot. Hara! hau ere nik ez dudan zerbait. Aske bizitzeko eskubidea duela esango diot. Hegan egiteko eskubidea.

Eta orduan konparaketak egiten hasiko da, eta konturatuko da ez duela nire modukoa izan nahi. Ez duela hala bizi nahi.

Elizabeth

Elizabeth 2007-10-20 17:37 #1

Ze polita - ze hunkigarria - den hau! Baina Blath, zergatikan izan den ezinezkoa txikiari zera esatea, zoritxarrekoa dela emakume hura eta ez zuela inoiz Mariak berak bezala Euskara ikasi egin? (Txikiak gazteegia ei da gastelania oraindik ikasi ahal izateko....ziurena da berak alderantzizkoa ulertzea, ez?)

Euskaraz leku guztietan hitz egiteari buruzko ipuintxo bat: Bilboko hiru lagun New York hirira etorri zitzaizkidanean, 2004ko Aste Santuan, martxoan, jatetxe asiatar batean afaltzen ginela, etengabeko joandatorria zegoen eta sartzen zirenaren ehuneko 50ek jatetxeko atea irekirik uzten zuen, gu izozteko modura, eta azkenean lagunetako batek ITXI ATEA!!! bota zuen, euskaraz eta osenki, eta norbaitek ATEA ITXI EGIN ZUEN.

Tira, textuinguruaren arabera erraza izan zen esanahia harrapatzea. Eta galdetzen diot neure buruari ea zergatikan ogi saltzaileak (sunormala ote?), okintegi batean lanean ariturik, ez zuen atzerantz besoa luzatu eta barraren bat hartu eta eskaini eta keinuka hasteko ideiarik izan, Chinatownen arrainekin gertatzen den bezala. Hau? Ez? Beste hau? ta hatzamarrekin zenbatuz. (Jabeak sekulako disgustua izango zuen, salmenten jaitsiera ikusita; ea kale gorrian gelditzen den saltzaile txar hura.)

Beno, gai gehiegi dago hemen oraingo honetan komentatzeko, eta gehiegi ez luzatzeko, ZORIONAK blog berri honengatik, Blath maite hori. Bejondeizula.

Hurrengora arte.

Blath

Blath 2007-10-22 21:23 #2

Hara! Euskararekin gertatzen ez zaizkigunak... eta gertatuko zaizkigunak

New Yorkeko istorioa  kontatu duzu... Badun lagun oso mendizale bat, zortzimilakoak egiten dituena... Shisha Pagmara igotzeko asmoarekin zeuden kanpamenduan, eta iritsi zen afaltzeko garaia... tipulak behar zituzten eta tipulak ezin aurkitu... lagunari esan eta esan ari zen, tipulak non jarri ote zituzten... Eta lagunak ez zuen entzuten... Halako batean bota zuen nire lagun honek: "Tipulak, jode, tipulak!!" Eta hantxe agertu zitzaion sherpa, eskuan bi tipula zituela... Halaxe jakin zuen (eta guk ere hala jakin dugu, gure lagunak bere abentura kontatuta) Shisha Pagmako magaletan ere zuen "onion"-i tipula deitzen diotela.

Hara!

kar kar kar

Elizabeth

Elizabeth 2007-10-24 17:50 #3

Beste aldetikan, Bilboko lagun batek (katalandarra bera, Bilboko eguneroko hitzak izan ezik Euskara ez dakiena) kontatu zidan duela urte batzu Washington DCko hilerrian zegoela, Kennedyren betiko suaren aurrean, kulunka jarri eta aldamenean zeukanarekin tropiezo egin eta pentsatu gabe "Barkatu!" bota; aldamenekoak, Hara! eta Donostiatarra zela. (Hitzak ez ezik pertsonak ere bidaiatzen dira. jijiji.)

Elizabeth

Elizabeth 2007-10-24 18:04 #4

Galdera bat: nondik zetozen tipulak beraiek? Jo, hemengo hiztegian Allium cepa Asiatik datorren belarra da... Cepa-gatik izango dira tipula (2), cipolla, cebolla hitzak antzekoak... Agian cepa hura Sherpen hizkuntzatik zetorren, belarrarekin batera.... ;>)

Blath

Blath 2007-10-24 18:36 #5

Agian, Elizabeth, agian!

Zein aberasgarria den beti zurekin hitz egitea!

xaun

xaun 2007-10-26 21:59 #6

euskarazko tipula / kipula latinetik dator, cipullam-etik.

Ados saltzailea txarra dela dionakin, ta borondate, erreflejo eta errespetu gutxikua dela ere esango nuke.
Alaitz eta Maiderrek bazuten kantu bat... "hablame en cristiano... ze uste dute?"

galdera da: non bizi direla uste dute halako egoeretan gutxieneko borondate eta errespetua agertzeko gai ez diren gaztelaniadun elebakar —berentzako kalte— horiek????

Esti

Esti 2007-10-27 19:39 #7

Zoritxarrez, horrelako milaka kasu ikusi dira eta ikusiko dira, zenbatzen hasiz gero amaigabe izango liratekeenak...

Nolakoa izango ote litzateke "en castellano, por favor" beharrean "euskaraz, mesedez" entzungo genukeen mundua... nire ametsetakoa... utopikoa?

Utzi iruzkina: