Mendebalde honetan kultura
judu-kristauan haziak garela gauza jakina da, baina beti harritzen
nau judu-kristautasun horrek noraino blaitzen dituen gure eguneroko
bizitza ustez laikoaren azken zirrikituak ere. Bizi-bizirik daukagun
kontzepzio kristauetako bat sakrifizioarena da, edo bestela esanda,
pertsona nobletzen omen duen sufrimenduaren ideia. Horren indarra
argi baino argiago erakusten duen testuinguruetako bat amatasunarena
da. Orain dela gutxi ETB1-eko programa ezagun batean elkarrizketa
egin zieten hainbat emakume haurduni, esperientzia paregabe horren
inguruko xehetasunak azal zitzaten. Galderetako bat erditze uneari
buruzkoa zen: “Eta minaren aurrean, zer? Anestesia epiduralik
hartzeko prest?” Erantzunak, eta erantzun moduak, oso
adierazgarriak izan ziren: anestesiarik erabiliko ez zutela
aldarrikatzen zuten emakumeak irribarrez eta harro mintzo ziren,
aukera zail baina zuzena egitea lortu duen pertsonaren satisfakzioaz.
Berriz, epiduralaren aukera aintzat hartzen zuten emakumeak (batek
ere ez zuen eman baiezko biribilik) lotsati antzean ageri ziren,
“zergatik ez” tankerako espresioak tartekatuz eta begirada kamera
errukibakoaren paretik aldenduz. “Batek daki, igual orain ezetz
esan arren, gero ezin izango dut mina gehiago jasan eta eskatu egingo
dut azkenean”, zioen batek, halako ahulezia justifikatu nahian.
Ilusio optiko bat izango zen, baina halako batean, elkarrizketatuen
gainean jainkoaren begia gordetzen duen hirukia ikusi nuen, eta
honako esaldi hau suzko letretan idatzita: “Emaztekiari ere erran
zioen: Usutuko ditut zure gaitzak eta zure izorrak: oinhazetan erdiko
zare”.
Gurean agindu biblikoari itzuri egin
nahi dionak bekatariaren marka darama, beraz. Egia da, bai, asko eta
asko direla –garela– tentazioari amore ematen diotenak, baina
horixe da, tentazioa edo jausialdia, eta amatasunaren ideal puruak,
printzipioz, bere horretan dirau: “Ez zara zu gai izango besteek
pasatu dutena pasatzeko ala?” da amatxogaien gimnasia-saioetan
sarrien entzuten den esaldietako bat. Gutxiago izango zara, hortaz:
belaunaldi degeneratu honek eman duen ama-espezie galduxe horretako
beste kide bat.
Bitxia da oso, baina tamaina bateko
sufrimendu fisikoa ekar dezaten gainerako ebakuntzetan anestesia ez
da behin ere arazo morala izaten. Duela gutxi nire ezagun bati
meniskoko ebakuntza egin diote, anestesia epiduralarekin hain zuzen,
eta inori ez zaio bururatu ere egin ahuldade horretaz galdetzea, ez
eta anestesia justifikatzeko argudiorik eskatzea ere. Jakina, ahaztu
zait esatea nire lagun hori gizona dela, eta aipuak honela jarraitzen
zuela: “oinhazetan erdituko zare, eta izanen zare gizonaren
eskupeko, eta gizona izanen da zure nausi”.
Erantzunak
Nork: Lady Marion.2007/12/07 22:22:40.722 GMT+1