Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/01/14 23:11:53.440 GMT+1

Polikronikoak eta monokronikoak (eta 4)

    Harley Hahnek (www.harley.com/writing/time-sense.html), polikroniko aitortuak, honela deskribatzen ditu polikroniko eta monokronikoen portaerak lantokian eta eguneroko zenbait egoeratan:

"Lantokian polikronikoek nahiago dute denbora egituratuta ez edukitzea, eta atazatik atazara aldatzea aldarteak eskatzen dienaren arabera. Epeak betetzeko gai dira, baina euren erara egiten dute. Ez dute plan xeheturik nahi, nahiago dute euren barne prozesu mentalei jarraiki lan egin.

Monokronikoek plan zehatzak maite dituzte, zerrendak egitea, jarraipena egitea atazei eta denbora errutina baten arabera antolatzea. Une bakoitzean gauza bat egin nahiago dute, eta ez dira pasatzen hurrengo atazara aurrekoa amaitu arte. Monokronikoarentzat, ataza batetik bestera aurrera eta atzera ibiltzea denbora galtzea da, desbideragarria eta deserosoa.

Polikronikoei, berriz, aldi berean gauza batean baino gehiagotan lan egitea gustatzen zaie. Polikronikoarentzat atazaz tarteka aldatzea estimulagarria eta emankorra da, lan egiteko modurik desiragarriena.

(...) Polikronikoek denbora ikusten duten moduagatik, askotan berandu heltzen dira lekuetara. Izan ere, polikronikoarentzat ordu zehatzak (eta are data zehatzak ere) ez dira benetan pertinenteak, eta, beraz, ez dira hain garrantzitsuak.

(...) Monokronikoarentzat denbora zehatza da eta, berak ikusten duen moduan, berandu heltzea zakarkeria eta errespetu falta da. Polikronikoarentzat denbora oro -baita denbora zehatza ere- gutxi gorabeherako erreferentzia bat da. Berarekin geratu den norbait berandu heltzen bada, ez zaio axola. Pentsatzen du zerbaitegatik atzeratuko zela, et ez dio aparteko garrantzirik ematen. (...) Polikronikoek ikasi egiten dute orduan heltzen benetan beharrezkoa denean. Hala ere, egi-egia esatea lortzen baduzu, aitortuko dizute ez dutela benetan ulertzen zergatik uste duen hainbeste jendek puntualitatea bertute bat dela.

Hemen lezio inportantea da denbora antolatzeaz ari garela, denok uste dugula geure antolaera dela zentzuzkoena (...). Egia zera da, denboraz pentsatzeko modu bat baino gehiago dagoela, eta ez bata ez bestea ez direla ez onak ez txarrak; desberdinak dira, besterik ez".

Hau da, nire lagunaren lankide costarricatarrak bere izaera polikronikoaren arabera jokatu zuen: bere eskalan pertsonak eta harremanak epeen gainetik zeudenez, bere familiari laguntzea eta lagunari bisita egitea zen inportanteena, eta horixe egin zuen; denbora bigarren mailako gauza bat zen, ahal zuen neurrian beteko zuen gutxi gorabeherako epe bat, desiragarria baina ez ezinbestekoa, eta ez inondik ere inportanteena.

Monokronikoak epe batean lan bat amaitu behar duenean, amore emango du exhaustibotasunean eta men egingo dio denboraren eskakizunari. Inportanteagoa da eginbeharra sasoiz bukatzea exhaustiboa izatea baino: "gurako nuke gehiago landu eta hobeto egin, baina baldintza hauetan, ezin dut, eta hemen eta hor moztu behar dut".

Aukera beraren aurrean, polikronikoarentzat inportanteagoa da ataza epea baino, eta denboraren eskakizunean emango du amore. Inportanteagoa da berarentzat lanean exhaustiboa izatea sasoiz amaitzea baino: "gurako nuke epea bete, baina ez nintzateke edukiarekin gustura geratuko. Baldintza hauetan ezinezkoa da, eta berandu entregatuko dut, baina nik nahi dudan moduan".

    Denbora pentsatzeko bi era dira, Hahnek gorago zioenez, eta bata ez da bestea baino txarragoa. Hala ere, banaketa geografikoari erreparatuta, berehala jabetuko gara mundua gaur egun gobernatzen duten herrialdeak monokronikoak direla. Hori dela eta, monokroniaren arauak eta balioak unibertsaltzat jo ohi dira, horiek dira prestigioa dutenak eta epai moral despektiboak eman ohi dira horien arabera bizi ez diren kulturez eta pertsonez (magrebiarrak edo mexikarrak alferrak, informalak, txapuzeroak, kaotikoak omen etab.). Baina hori etnozentrismoaren beste aurpegi bat besterik ez da. Horixe da Hallen ikerketatik nik neuk ikasitako lezio garrantzitsua.

    Edozelan ere, orain dela gutxi artikulu interesgarri bat irakurri nuen honetaz: gure sasoian bizi ditugun aurrerapen teknologikoen ondorioz, kultura monokronikoetako gero eta pertsona gehiago ari dira esperientzia polikronikoak izaten... eta zenbait ohitura aldatzen:  email, txat, blog, mp3, ipod, eskuko telefono eta abarrekin, multitasking delakoa etorri zaigu, hots, aldi berean ataza bat baino gehiago egitea, gai ugariren inguruan, pertsona askorekin batera eta denbora/espazio erreferentzia ugari aldi berean erabiliz... Artikulua sinatzen zuenak izatez monokronikoa zela zioen, baina polikronikotasun berri horrek susmatu gabeko kreatibitatea emana ziola bere lanean eta mundu ikuskeran, bat-batean gai zelako ideiak oso modu irudimentsuetan antolatu eta erlazionatzeko, lehendik ikusiko ez zituen konexioak egiteko... Eta asko gustatu zitzaidan gauza bat gaineratzen zuen:

    "ez al dira izan ba, betidanik, munduko pertsonarik kreatibo, berezi eta harrigarrienak gauza bi aldi berean egiteko gai diren izaki antonomasiaz polikroniko horiek, hau da, hizkuntz interpreteak?"

    Eta orain, astiro eta presa barik, banoa to Basque in the Sun... Ez, itxaron, lehenago arropa lisatu behar dut... Tira, bi alkondara lisatu eta eskuartean dudan liburuko beste atal bat irakurriko dut. MMmm, ondo dago liburu hau bai... Ei, pasarte honek ideia bat eman dit blogerako, ea, koadernoa hartu eta idatziko dut...


Nork: AnaIsMorales.2007/01/14 23:11:53.440 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (8) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

 

Irakurri ditut zure azken idatziak, eta beti bezala, interesgarriak, oso, iruditu zaizkit, argigarriak. Badakizu beti egiten diguzula argi eta zure hausnarketak gu ere hausnarketara eramaten gaituela. Ederto! hausnarketa baita gauzak hobeto ulertu eta errespetua sendotzeko bidea.

 

Dena dela, gaur berriro ere gai horren ingurukoak irakurtzerakoan (berriro diot lehenengo idazlana aspaldikoa delako), erantzuna emateko gogoz egon naiz, baina goizean izan dut giro guztiz bestelako batean beste kontu oso desberdin bati buruzko erantzuna idazteko aukera, eta horrekin eguneko kupoa betetzat eman dut. Hala ere, egun osoan buruan gaiaren run-runa izan dut, eta nire lagun Strogoff-ek melena askatzeko esan dit, esateko esan beharrekoa (bera badaezpada isil-isilik bere txokoan…), baina ez dut melena askorik eta ez neukan gogorik nire hile eskasa –luzeran, behintzat‑ haize zoroaren menera ipintzeko, ondotxo baitakit haize leuna zurrunbilo arriskutsu bilakatu daitekeela bapatean.

 

 Honezkero, bat baino gehiago pentsatzen hasia egongo da burutik eraginda nagoela, nire etorria zentzubakoa dela, baina lasai nago, egileak jakingo baitu zertaz ari naizen. Bai, Morales andrea, egun osoa daramat zeozer esan gurean, baina ez naiz ausartu. Hala ere, ondotxo dakizu zeinen arriskutsu izan daitekeen gogoari gogor eustea, munstro beldurgarri bihurtu baitateke barruan, eta, beraz, zeozertxo idaztea erabaki dut. Ai ene, baina, erabakiak erabaki, badakigu biok zeinen labankorra den gaia, eta ez dut, oraingoan ere, nire melena aske utziko, eta ez naiz zehaztasunetan sartuko (barkatu horrela uztea kontua); baina esan gura dizut aurrez aurre gaudenean hitz egingo dugula honetaz, aukera egokirik badugu horretarako. Bai, laster egingo dute bat, berriro ere, zure izaera polikronikoak nire izaera monokromikoagaz, oker ez banago horrela sailkatuko –barkatu, definituko ‑  genituzke-eta geure buruak, salbuespenak salbuespen, eta gura nuke honetaz apur bat luze hitz egin, albo batera itxita mezuen tonu laua, txarto ulertuetarako bide izaten dira-eta sarri askotan.

 

Bueno, morales, laster arte. Ganerako irakurleok, ez kezkatu, ez da-eta odolik ixuriko gai honen inguruan, eta, bidez batez, jakin ezazue, izaki monokromiko eta polikromiko bi hauek badakitela, ondo jakin ere, orekara heltzen elkarrekin daudenean eta, gehienbat, mundua ikusteko bi modu desberdin horiek ez direla oztopo gure adiskidetasunean… eta aurrerantzean ere bide berari eutsi nahi nioke!

 

M.A.

Nork: .2007/01/15 22:48:47.530 GMT+1

Mezu luze hau irakurrita, garbi geratu zaidan gauza bakarra izan da MA andreari zerbait ez zaiola gustatu nire artikuluetatik, eta erantzuteko harra haginka eduki duela egun osoan, Strogoffek  ere desmelenatzeko eman ei dizkion akuilukaden pean, gainera. Baina, hara non erantzun luzea bi bider irakurrita, ez dudan garbi ateratzen zein den mezuaren mamia. Diozu, Ms Aperry, nik badakidala zertaz ari zaren, baina, egia esateko, ez daukat ideiarik ere. Eta diozu ez zarela idazten ausartu, eta ez dakit zergatik. Eta, egia esan, ausartu zara, hementxe dago proba, baina ez dut antzematen zer esan nahi duzun.

Edozelan ere, nik gauza bat bai nahi nuke oso-oso garbi utzi: nik neure burua bakarrik deskribatu (deskribatu!) dut pertsona polikroniko  bezala, Hallen azalpenak neure portaerekin erkatuta. Beste inortaz  --zutaz ere ez, MA-- ez dut ezertxo ere esan. (Nire lagunaren lankide costarricatarraz bakarrik, eta horretaz ere polikronikoa dela esan dut). Gainerakoek, bakoitzak jakingo du ea bere burua batarekin edo bestearekin identifikatzen duen, edo biekin tarteka edo inorekin ere ez.

Nork: Ana Morales.2007/01/16 00:05:28.530 GMT+1

Lehengo mezuan esan dudan legez, ez dut idatziz luze aritu nahi honen inguruan, baina ez da ez dudala zerbait gustuko, ezpada, hain gai interesgarria izanda, zurekin honetaz berba egiteko gogoa daukadalako.

Antza denez, ez duzu gogoratzen aurreko batean gorabeheraren bat izan genuela gai honen inguruan, eta horixe da gehiago ez idazteko arrazoia. Gurago dut aurrez aurre gaudenerako utzi eta lasai hitz egin. Konforme, Morales? Bitartean, hartu nire besarkada eta musu parea, mezu honekin batera bidali ditut-eta itsasoaren beste alderaino.

MA

Nork: .2007/01/16 09:08:54.883 GMT+1

Nik, MA, egiaz esan dut ez dudala jakin zertaz ari zinela, aipatu duzulako baten bati erantzuna eman behar izan diozula eta horrekin bete ei duzula zure eguneko kupoa, eta, era berean, aipatu ere egin duzulako desmelenatzeari buruzko kontu bat, Strogoffen gomendioa ei zena, eta horretaz ere ez nekien ezer, nahiz eta, goizean, gure komunikazio pribatuan, esan dizuedan bioi uste nuela kriston elkarrizketa paraleloa galtzen ari nintzela (zuen bion artekoa, alegia). 
Beraz, argibide gehiagoren ezean, pentsatzen dut hona aurreko mezua idazteko izan duzun arrazoia izan dela zure diskonformitatea publikoa egitea, nahiz eta diskonformitate horren nondik norakoak niri neuri bakarrik azalduko omen dizkidazun, aurrez aurre gaudenean. Ederto ba. Hortaz, gauzak horrela eta besterik ezin dudanez egin, nik ere publikoki adierazten dizut oso gustora mintzatuko naizela zuk gure duzunaz aurrez aurre, plazer iturri amaigabea baita zurekin, adiskidea, luze eta lasai berba egitea.

 Hori bai, mesedetxo bat eskatuko nizuke aurrera begira (mesede moduan besterik ez; hemen nahi duenak nahi duena idatzi dezake, nik ez diot ezer ezabatuko): nire gauzei iruzkinen bat idazten diezunean, aurreztu ezazu, mesedez, zure lehen erantzunean ageri den lehen paragrafoa bezalakoak. Argi egitearena eta halakoak Luziferren kontuak dira, argi eroalearenak, eta beldur handia ematen didate dotrina txikiko sasioetatik. Nik egiten dudan gauza bakarra da interesgarriak edo emankorrak iruditzen zaizkidan ideiak konpartitzea, ez daukat inor ilustratzen ibiltzeko hantusterik. Uste dut bistan dagoela ez daukadala inongo arazorik esateko ideiak nori hartu dizkiodan eta iturriak trankilamentean aipatzeko eskura dauzkadanean.
Nik bi musu ez, MA, hiru eta hiru mila ere bidaltzen dizkizut. Badakizu zure fan number one naizela. Eta espero dut luze barik berriz ere zurekin ohea konpartitzeko aukera izatea.

Nork: Ana I. Morales.2007/01/16 16:06:20.896 GMT+1

Gai interesgarria ekarri dozu, Basque Woman. Arreta handiagaz irakurri dodaz polikroniari eta monokronoari buruzkoak eta gero ni non sartzen nazen pentsatzen egon naz. Nire arloa pintura izanik, gaitza egiten jat batzuetan berbak ipintea barruan daukadanari. Halan bere, eguneroko jokabideari begiratzen ahalegindu naz, “polia” edo “monoa” naizen zehazteko.

Nik ordena maite dot, maite dodaz armairuak, tiraderak, apalak, karpetak eta artxibadoreak, baina, adibidez, arropak garbitu eta plantxatu ostean, ia beti uzten dodaz armairuan sartu barik, tolestuta eta aulki baten gainean. Buzoian agertzen diren propaganda, faktura eta aldizkari guztiak irakurri ostean, sueteko mahai gainean edo egongelako mahaitxoan geratzen dira, pilotuta, luzaroan, badaezpadan behar badodaz, botatzea erabakitzen dodan arte. Ez jat gustatzen gauzak botatzea. Gaur bertan bost karpeta barri-barri aurkitu dodaz zaraman; antza danez, ondoko tailerrekoek bota dabez. Beilegiak eta distiratsuak dira eta etxerako hartu dodaz.

Etxean gauza asko egoten da egiteko. Normalean suetean hasten naz, denbora asko emoten dodalako bertan eta beti egoten dalako zer artezatu. Gero, egongelara noa leihoa ixtera eta lurrean sakabanatuta dagozan argazkiak ikusten dodaz (albumetan ipintzen nabil) eta Pragako bidaiakoak errepasatzen hasten naz; aldizkari bat sofa gainetik hartu eta liburuen apalera daroat; han ikusten dot aspaldi irakurri neban liburu bat eta pertsonaia baten izenaren bila hasten naz. Ordu erdi pasatu danean konturatzen naz labadorak bukatu egin dauela eta arropak eskegi behar dodazala eta hurrengo eguneko bazkaria prestatu behar dodala, eta seirak bot gutxiago direla eta frantseseko klasera joan behar dodala.

Kalendarioak, agendak eta erlojuak gustatzen jatez. Agendan apuntatzen dodaz lagunen eta familiartekoen urtebetetzeak, dentistarenera joateko hitzorduak, teknikoa noiz etorriko dan galdararen errebisioa egitera, afariak eta bazkariak, lagunen telefonoak eta amari falta barik esan beharrekoak. Koaderno batean idazten dodaz hileroko etxeko gastuak (argia, gasa, telefonoa...) eta kapritxo txikiak (diskoak, arropak, kontzertuak...). Etxean ia gela guztietan daukat erloju bat: logelan, suetean eta egongelan, eta etxetik urteten dodanean eskumuturrekoa daroat; puntuala naiz, ez jat gustatzen itxarotea, ez eta beste batzuk niri itxaroten egotea bere. Zer ordu dan jakitea gustatzen jat eta sarritan ordua baino lehen heltzen naiz hitzorduetara. Hori amaren eragina da; gazteagoa nintzenean amorrua emoten zozten horrek, ez neban ulertzen zergatik heltzen zan 15 minutu lehenago medikuaren kontsultara, gero zain egoteko. Baina bardin-bardina nazela konturatu naz, eta uste dot honezkero ezin dodala hori aldatu.

Estudioan, egunero eukitzen dodaz enkarguak: hau eta bestea pintatu behar dozuz. Bale. Lehenengo enkarguagaz hasten naiz eta sarritan koloreren bat begiratu behar izaten dot kolore-biltegian edo pintzel barria erabili behar dot (bai, enkarguetan pintzelak erabiltzen dodaz batzutan). Estudioa biltegitik urrun dago eta, harantz noala, aurreko egunean periodikuan edo telebistan ikusi dodan zeozer etortzen jat gogora eta koloreen biltegira joan beharrean, bidean dagoen biltegi batean sartzen naz, ikusitakoaz gehiago jakiteko. Baliteke pinturagaz zerikusia izatea edo ez izatea. Biltegi eta denda asko dagoz eta danak dira interesgarriak. Gero, bapatean konturatzen naiz denbora pilo bat emon dodala denda batean etxerako gura neukeen AGA sukalde zoragarriaren argazkiak ikusten, erratz elektrikoen ezaugarriak aztertzen eta prezioak konparatzen, edo liburutegi batean Grimm anaien biografia irakurtzen, eta ondino ez dodala lehenengo koadroa bukatu. Orduan, behar dodan kolorea edo pintzela arin-arin aurkitu eta lanera itzultzen naz. Hori askotan gertatzen jat, bardin da koadro baten erdian edo koadro biren arteko atsedenean egon.

Beste batzuetan etxeko estudioan egiten dot behar, neure mihisetan. Koadroak ez dira beti bardinak, batzuk errazak eta beste batzuk gaitzak dira; batzutan koloreak erraz nahasten dira, beste batzutan ezin izaten dot gura dodan forma aurkitu, eta edozer gauzagaz distraitzen naz: nebera, ur-botila, sueteko leihoa, komuna, La2-eko dokumentalak eta Canal Euskadiko kulebroi brasileiroa (oso surrealista da, protagonistak Brasilera joandako marokoarrak dira). Horregatik diziplina jarri behar deutset neure buruari: komunera joateko edo nebera zabaltzeko ordutegiak ipintzen dodaz, ostantzean ez dodaz koadroak bukatzen.

Uste dot horregatik esan zoztela behin lagun batek “Mondrianen koadro baten modukoa zara”. Kariñosamentean, hori bai. Pentsa, Pollock eta Mondrian gorputz berean! Halanda ze, Mondrian naz gauza batzuetarako eta Pollock beste batzuetarako. “Monoa” eta “polia”? “Mono-polia” ote naz?

Hori guztia gorabehera, ni polikromatikoa naz. Muxu bat, Basque Woman.

Nork: Jackson Pollock.2007/01/22 14:29:19.976 GMT+1

Eskerrik asko zure ekarpen guztiz interesgarri eta ederragatik, Piet Pollock-Jackson Mondrian.
Eutsi, eutsi zure pintzelen polikromatismo bihurriari, munduaren harridura eta eskandalurako!!
Hemen naukazu, zurekin monopolian jokatzeko irrikitan.
Musu asko!

Nork: Ana Morales.2007/01/22 19:39:18.665 GMT+1

Ni ere, Pollock, bezala (bera aipatzea onartzen badit). Monokroniaren eta Polikroniaren artea oreka bila eta "ekilibrioak" egiten ibiltzen naiz. Uste dut, urteekin, gero eta polikronikoagoa naizela. Gazte-gaztetan gai nintzen nire polikromia monokromatikotasunaren mugetan egiteko (oso abila nintzen bai!). Urteekin, tristurek eta adinarekin torpetzen zaituenarekin, ezin nuen garaiz amaitu hain ondo egin nahi nuena, beraz, polikromiaren alde egin nuen eta nire estresak pagatzen zuen epeak ez betetzearen, berandu iristearen, errua. Denboraz, estres hori kontrolatzen ikasi dut, baina ez da gutxitu nire polikronismoa monokromiaren arauekin kontrolatu nahia guztiz. Hala ere, lan ona eta pertsonak dira garrantzitsuena niretzat, bestea, bigarren mailan dago. Iraganaren mireslea naiz, baina iragan urrunarena. Gertuko iragana ezin da aldatu eta mingarria bada, mina baino ez du ematen eta nahikoa min dugu gaur egunean atzokoari begiratzeko. Hala ere, etorkizunari aurre egiteko ezinbestekoa dugu iragana...

Beno, agur nadin haria guztiz galdu baino lehen eta itzul nadin neure lanaren errealitate monokronikora... arratsaldeko etorkizunak polikroniarako astia emango didan arte!

Nork: Lady Marion.2007/01/29 08:20:35.681 GMT+1

Ni ere, Pollock, bezala (bera aipatzea onartzen badit). Monokroniaren eta Polikroniaren artea oreka bila eta "ekilibrioak" egiten ibiltzen naiz. Uste dut, urteekin, gero eta polikronikoagoa naizela. Gazte-gaztetan gai nintzen nire polikromia monokromatikotasunaren mugetan egiteko (oso abila nintzen bai!). Urteekin, tristurek eta adinarekin torpetzen zaituenarekin, ezin nuen garaiz amaitu hain ondo egin nahi nuena, beraz, polikromiaren alde egin nuen eta nire estresak pagatzen zuen epeak ez betetzearen, berandu iristearen, errua. Denboraz, estres hori kontrolatzen ikasi dut, baina ez da gutxitu nire polikronismoa monokromiaren arauekin kontrolatu nahia guztiz. Hala ere, lan ona eta pertsonak dira garrantzitsuena niretzat, bestea, bigarren mailan dago. Iraganaren mireslea naiz, baina iragan urrunarena. Gertuko iragana ezin da aldatu eta mingarria bada, mina baino ez du ematen eta nahikoa min dugu gaur egunean atzokoari begiratzeko. Hala ere, etorkizunari aurre egiteko ezinbestekoa dugu iragana...

Beno, agur nadin haria guztiz galdu baino lehen eta itzul nadin neure lanaren errealitate monokronikora... arratsaldeko etorkizunak polikroniarako astia emango didan arte!

Nork: Lady Marion.2007/01/29 08:20:37.231 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.