Txoria da? Hegazkina da? No, it's the United Nations!!

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2006-11-17 17:16
5

Inork ez diezadan maltzurki leporatu euskal kontuak beste kezkarik ez izatea eta munduko hiririk kosmopolitenean euskal zilborrari begira jarraitzea, gaur guztiz internazional jarriko naiz. Eta, lagunok, non aurkituko nazioartekotasun ikur beteagorik, Nazio Batuen Erakundean baino?

Ez da, hala ere, ataza erraza halako erakunde errespetagarri, serios eta txundigarri baten berri ematea. Beraz, estrukturalismoan hazi nintzela profitatuz, Saussurek erakutsitako "azaleko egitura/sakoneko egitura" bereizketa famatua baliatuko dut azalpena apur bat antolatzeko. Beraz, genevar famatuari omenaldi txiki bat eginez, Nazio Batuen Erakundearen azaleko egituraz mintzatuko naiz gaur. (Sakoneko egituraz aurreragoko batean jardungo dut, Itzulpen Zerbitzuari oso-osoan eskainiko diodan atal monografiko batean. Dena dela, pentsatzen jarrita, atal horretarako askoz emankorragoa izango dut dekonstrukzioaren teoria erabiltzea, bere garaian azalduko ditudan arrazoi mamitsuengatik... Baina utz ditzagun digresioak eta goazen harira).

UN: azaleko egitura

Egun oso euritsu batean zapaldu nuen lehen aldiz nire lantoki berria. Hain nengoen ikaratuta, Ms Aperry nitaz errukitu zela eta ateraino lagundu zidala, umea lehen aldiz eskolara daraman ama baten bihotz urratuaz. Baina Ms Aperryri agur negartia eginda hankak dardara batean NBEko atera hurbildu nintzenean, bat-batean eta ezustean uneko tentsioa zerora jaitsi zen begi aurrean agertu zitzaidan ikuskizunarekin.

Polizia bi zeuden atea grabedade osoaz zaintzen, eta ondo baino hobeto prestaturik euren eginkizun garrantzitsu hori eguraldi errukigabe hartan ere ederto betetzeko: turistek Batikano aurrean erosi ohi dituzten plastikozko pontxo horietako batzuk zeuzkaten uniformearen gainean jantzita, baina onena bisera babesten zien dutxako txanoa zen. Benetan! Dutxarako saltzen dituzten txano horietako batzuk ziren, edo, ez baziren, haien lehengusu karnalak bai behintzat. Panicus Interruptus moduko bat eduki nuen, eta uste dut nire aurpegian beldurraren Jeckyl eta despepitearen Mr Hyde txandakatu ziren neure burua aurkeztu nuenean haien aurrean.

Hasiera baino ez zen: heldua nintzen nazioarteko lurralde miragarri horretara, bitxikeriaz jositako Nazio Batuen Erakundera, non ezertxo ere ez den dirudiena.

Batek pentsa lezake NBEren eraikinean sartzean hainbeste erabaki, akordio eta eztabaida garrantzitsuren giro solemneak inguratuko duela, hainbat aberritako guraso beneragarrien arrastoak hunkituko duela... Tira, gero ikusiko dugu hori, baina lehendabizi lortu egin behar da ondo sartzea.

Behin polizia txanodunen froga pasatu ondoren, lorategi moduko bat zeharkatu behar da eta revolving door beldurgarriak gainditu. Kontuan eduki behar da goizeko bederatziak aldera ate horietatik hainbat herrialdetako hamaika funtzionario ondo gosaldu sartzen direla, etengabe eta ez sinesteko moduko abiaduran. Ondorioa? Ateak jiraka eta jiraka dabiltza eta, ni bezain erritmo motelekoa bazara (a basking Basque cow) arrisku handia daukazu hurrengo bueltan ostera ere jardinetara jaulkia izateko, eta hor dauden eskulturetako baten kontra zanpatuta geratzeko (glamourosoa behintzat izango litzateke Henry Mooren eskultura baten besoetan hiltzea, hala ere...). Beste aukera bat da ateari sendo eustea zure zulotxoan, eraikinaren barruko partetik pasatzen zaren hurrengo bueltara arte, eta gero salto egitea, baina hurrengo polizia kontrolean dagoen zaldunaren besoetan jaustearen arriskua ere baduzu. Hor norberak baloratu behar du zer nahiago duen.

Jo dezagun lortu duzula, barruan zaudela azkenik. Ohhh, Nazio Batuen Erakundean nago!!! Baina... zer igartzen dut? Goi mailako politikaren, diplomazia sofistikatuaren, negoziazio sotilen usaina? Ez, lagunok, ez: itzelezko fritangada usaina da igarriko duzuna. Izan ere, NBEren jantoki nagusia beheko solairuan dago, eta, ez gaitezen engaina, hanburgesek usain bera daukate leku guztietan. Revolting doors-etatik irten eta gero txute hau hartzeak ondorio aluzinogeno nabarmenak izan litzake. Orain badakigu zer egiten den NBEn droga debekatuak ordezkatzeko.

Hurrengo froga iniziazio prozesu honetan igogailuena da. New Yorkeko NBEren egoitzak 38 pisu ditu, eta, jakina, hainbeste langile izanda, igogailu asko daude, naturala denez. "Ederto! Asko daudenez gero, hauxe bera hartuko dut, esaterako", diozu zuk, inuxente horrek. Oker. Oso-oso oker (hemen belarri tirakada bat eman liteke). Zer uste duzu, igogailu guztiek daramatela Erromara? Ez ba! Igogailu multzo bakoitza pisu tarte batera igotzen da (adibidez, batzuk 15.etik 25.era, beste batzuk 20.etik 30.era). Gainera, igogailu batzuk espresoak dira (adibidez, 10era doaz zuzenean, beheragokoetan geratu barik) eta beste batzuk basking Basque cow estilokoak, hau da, para-paraka doazenak pisu guztietan.
Bai, bai, bai, xehetasun horiek guztiak adierazita daude, lagun listook, baina konturatzeko gora begiratu behar duzu, eta zuk erreparatu ez diezun kartel batzuk ikusi. Ez badiezu erreparatu (nire kasua, adibidez) gerta lekizukeena da igogailuetara behin eta berriro sartzea eta botoia sakatzera zoazenean ikustea zure panelean ez dagoela zuk behar duzun botoia, edo bai egotea, zuk sakatzea baina botoia ez piztea, ze, ordu horretan espresoa da eta ez da pisu horretan gelditzen. Esate baterako, 20. pisuan zaude eta 7.era jaitsi nahi duzu, baina zure igogailuak ez dauka 7rik, zeren, jo dezagun, 10.era baino ez da heltzen. Edo, 13a sakatu dozu, ez da piztu, konformatu zara ("apurtuta izango du argia") eta jesus-amen batean 25ean agertu zara, nondik eta nora ez dakizula...

Hori behin gertatzen bazaizu, edo arrazoia jakinda gertatzen bazaizu (hau dau, ezagutzen duzu sistema grazioso hori baina despistatu egin zara), tira. Orain, behin eta berriro gertatzen bazaizu eta ez badaukazu ideia putarik zergatik arraio gertatzen diren gauza esplikaezin eta exasperante horiek etengabe, oso etsigarria izan daiteke, eta zure barruan instinto asesinoak ernatzen has daitezke, nahiz eta ez jakin oso ondo noren kontrakoak (NBE? Schlinder? Kofi Annan? Ben Ki-Moon?).

Jo dezagun, edozelan ere, azkenik heldu egin zarela zure lekura, nire kasuan Spanish Translation Service delakora. Aurpegi berrien jario etengabea azaltzen da zure aurrean, nazionalitate askotako berrogeita hamar pertsona aurkezten dizkizute erreskadan, eta hasiera ematen diozu zure aro profesional berriari. Ez zara ausartzen zure lekutik asko mugitzen, baina, gauza batzuk atzeratu ezin direla eta, hasten zara komunera irteten ("Que tal?" galdetzen dizu eskuak garbitzen dagoen lankide batek. "Bien, bueno, aterrizando todavia...". Ui, ze arraroa, lankideak ja ez dit begiratzen...) , txango bat egiten duzu fotokopiagailura ("Que tal? " galdetzen dizu  orri zurien bila joandako lankide batek. "Bien, un poco despistada porque los ascensores...". Ui, lankideak ospa egin dit berbetan nagoela!), ur bila zoaz karrajoan dagoen iturrira ("Que tal?"  galdetzen dizu sobre bat hartuta ondotik pasatzen zaizun lankide batek. "Bien, tenia sed y estoy llenando la botella". Ui, ez du ba bidean aurrera jarraitu ni hemen ez banengo bezala? Halakorik!!). Adiskideok, lagunok, irakurleok: we have a cultural issue here. Igual zuek bazenekien eta nik ez, baina "Que tal?" delako hori gaztelaniaz "Hola" hutsaren parekoa da leku askotako espainieradunentzat. Bestela esanda, galdegileari bi piper t'erdi inporta zaio nola zauden, ez diozu ezer kontatu behar, eta, kontatzea erabakitzen baduzu, okerrago zuretzat, ez baitizu kasu zipitzik egingo. Segurutik, esaldia bukatzen duzunerako bost kilometrora egongo da. Beraz, niri dagokidanez behintzat, "Que tal?" galderaren erantzuna "Hola" da hemendik aurrera, eta bakea guztiontzat.
Baina QueTal arazoak dislokatuta utzi baninduen ere, hori ez zen ezer izan artean entzuteke neukan beste galdera askoz potologo baten alboan. Eta potoloa, diot, zeren bere laburrean kontinente bat ezkutatzen zuen. Nik ordura arte egundo entzun bako b/e erako galdera zen, gainera. Oso sinplea formulazioan, hiru hitz soilez osatutakoa:

Tecleas
o
dictas?

O, lagunok Estudias o trabajas itxuraz inozente horrek bizi proiektu oso baterako asmoa gorde dezakeen legez galdegilearen aldetik,  TOD galderak esfingearen kobazuloaren aurrean jartzen ninduen: ez nekien oso ondo zer esan gura zuen, ez nekien zer erantzun behar nuen, ez nekien nire erantzunak zelako ondorioak izan litzakeen, eta ez nekien zer adierazten zidan galdera horrek nire erakundeaz (baina susmatzen nuen giltzarrizko informazioa zegoela jokoan).

Tecleas o dictas?

Buf, gogoratze hutsarekin batera, oiloipurdia jartzen zait... Dena dela, puntu honetara helduta NBEren sakoneko egituraz agindu dudan atalaren hasieran jarriko nintzateke, eta gaurkoz nahikoa idatzi dudala uste dut. Eta, gainera, azkenean larritu ere egin naiz azken pasarte hori gogoratzean... Uste dut tarte bat behar dudala indarrak hartzeko.

...I think I am gonna Basque a little bit  in the sun!

Koltx

Koltx 2006-11-17 22:31 #1

Uste dut sakoneko/azaleko izan zela hain zuzen chomskyren ekarria; beno hjelmslevek bazuen "eskema/manifestazio" bezalako bereizketa bat. Baina Zapatagina ez zen horretan sartu... I think

Ana Morales

Ana Morales 2006-11-17 22:50 #2

Ea lortzen dudan erantzuna orain ikustea, lehen ez dut lortu eta. Bai, arrazoia duzu, apur bat pasatu egin naiz: strictu sensu eta merezimendu osoarekin Chomsky jaunari dagokio bereizketa, baina nire aurpegia apur bat garbitzeko, esan dezadan Saussurek langue eta parola bereizketa bota zuela, eta, gutxi gorabehera, lehenengoari sakoneko egitura eta bigarrenari azalekoa dagokiela, ezta? Jope, zelako beldurra ematen duen blog tonto bat idazteak hain begi zorrotzek irakurtzen dutenean. Musu handi bat, Koltxebive!!

Ana Morales

Ana Morales 2006-11-17 22:56 #3

Hirugarren aldia da erantzun hau idazten dudala, baina hain naiz torpea ez dudala lortzen argitaratzea. Zelako blog woman nagoen eginda!
Esaten nuen baietz, arrazoia duzula, baina nire aurpegia garbitzeko, esango dudala Saussurek langue eta parole bereiztu zituela eta horietan oinarriturik garatu zituela gero Chomsky jaunak sakoneko egitura eta azalekoa, hurrenez hurren langue eta paroleri dagozkienak. Ala ez?
Eta, hirugarrenez idatziko dot, jope, zelako beldurra emoten duen blog tonto bat idazteak hain begi zorrotzek irakurtzen dutenean. Muxu, Koltxevike!

lost hawk

lost hawk 2006-11-17 23:05 #4

Harri astun eta nora gabekoa naiz, ez egin kasurik, beti nabil ikasitako lau gauzatxoekin... bueltaka edo bilinboloka

k

Lady Marion itxoiten aspertua

Lady Marion itxoiten aspertua 2006-11-24 14:19 #5

Jo, nire zinemazaletasunarekin (gaixotasuanrekin) jarraituta, ni ere guztiz harrituta geratu nintzen poliziek haien "txotoak" estaltzeko erabiltzen zuten "dutxako txanoa" ikusi nuenean. Zorionez, pelikulan ikusi nuen, ze zuzenean ikusi izan banu, ez dakit farreari eusterik izango nuen eta ez da komeni "autoridadearen" aurrean farre egitea. Snif. Uste dut NBEn sartu eta usaintzen duzuna fritanga bada, "revolving doors" baino "revolting doors" egokiago litzatekeela, ez uste?
JAG

Utzi iruzkina: