Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/05/03 17:13:30.362 GMT+2

Haserre ad-ministro-trakzioarekin

Gaur haserre antzean nabil administrazioarekin haserre eta beira denda batean tamaina handiko birrinketa itsua egin aurretik ordenagailuan iltzatu ditut nire amorru eta gorrotoak. Hala ere uste dut eskuek eta teklek akordio bat dutela ondoko mezuarekin:

Munduratzera kondenatuak

Munduratzera kondenatuak gu

Inoiz ezagutuko ez dugun mundu abstraktura boteak.

Mundua, planeta izendatzen ditugun

Gauza ezezagunez osaturiko esparrua

Planetak, iluntasunean hegan egiten duten

Kolorezko baloiak

Gure planeta urak bereizten dituen kontinente itxien batuketa

Eta kontinenteak marra fin batek bereizten dituen herrialde ikurdunen batuketa

Herrialdeen barruan lurraldeak eta herriak

Herrien sakonean erroldak eta erroldetan izenak

Izenetan etxebizitzak

Etxebizitzetan bizimoduak edo bizitzeko moduak

Munduaren kartzelari ihesi dabiltzan errefuxatuen zerrenda hutsala

Hiltzeko jaioak direnen izen abizenak

Eta hilik jaio direnen ezizenak gorriz azpimarratuak

Izenak, izenak eta izenak

Hilobietako apaingarri

Beste mundu bati begira

 

Bakoitzak irakurri beza eta aholkatu nazala ezagutzen duen psikiatrarik onena.

IZZ

 

Nork: iker zaldua.2007/05/03 17:13:30.362 GMT+2
Etiketak: artikulua | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2007/05/02 08:54:17.257 GMT+2

Badator nagia

Asteazken goiza, astelehen goizaren pare gaur eta astearte gaua igande gauaren biki. Nagia ez dugu engainatuko eta nahiz eta egutegiarekin jolastu hura engainatuko dugulakoan, gure itzalari itsatsita etortzen zaigu lan egun bezpera iluntzetan.

Inspirazio iturriko urak ere moztu egin dituzte nirean eta nire garunean ez dago ideia tantarik ere, itokinak besterik ez. Hala ere, nagia gainetik kentzeko medikuak idazteko esan zidan behin eta zer esanik ez badut ere horretan ari naiz. Gai finkorik ez, errutinaren itzulera beharbada edo atseden egunen azken garrasia apika. Kontua da gutxiago falta dela hurrengo zubitik igarotzeko, portzierto, zenbat?

 

Nork: iker zaldua.2007/05/02 08:54:17.257 GMT+2
Etiketak: artikulua | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/04/27 08:18:21.140 GMT+2

Irabazi 500 euro!

Goizeko hirurak

Irabazi 500 euro! hori da azkenaldian telebista kate guztiek goizeko ordu txikietan eskaintzen dizkiguten saioen muina.

Lehenengo kate bat hasi zen, gero bitan ikusten nuen eta orain guztietan dago, baita Etb-n ere!

Normalean neska lirain bat ikus dezakegu, esku batean 500 euro dituela asmakizun bat asmatzeko proposatzen eta arren deitzeko eskatuz, ikusleei dirua oparituko dietela eta. Nik ez dakit egia izango denentz, baina galderak oso errazak iruditzen zaizkit, errazegiak, susmagarrik behintzat.

Hala ere ez nator galderez edo erraztasunaz edo balizko erraz "aberasteaz"  mintzatzera edo idaztera hobe esanda. Lehengo batean arretaz ari nintzen halako saio bat ikusten, 20 minutu inguru egon nintzen eta inork ez zuen deitu baina arreta eman zidana neska gaztearen egitekoa izan zen. Izugarrizko meritua zuen, nik ikusi nituen 20 minututan etengabe hizketan, gauza beraren inguruan hitz egiten, ezer esan ez eta zerbait adierazi nahiean, sekulako ahaleginak egin zituen eta oso oso zaila iruditu zitzadan haren egitekoa. Ordu betez isildu ere egin gabe deitzeko mesedez eskatuz, oso erraza zela eta telefono zenbakia azpian zegoela agerian.

Goizeko hirurak izango ziren, ni logurez akatzen nengoen eta ez dakit hauek zerbait sartzen ote duten hala egoteko, baina ahalegina estimatzekoa da, ziur aski kazetaritzaren munduan lehen urratsak ematen ari direnen gizarajo hauena.

Ez dakit gerora 500 euroak norbaitek irabaziko ote zituen baina hala ez bazen berak merezi zituen inondik ere!

Nork: iker zaldua.2007/04/27 08:18:21.140 GMT+2
Etiketak: artikulua | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/04/25 17:33:36.587 GMT+2

Hondar alea

 

Ezagutzen nautenek ondo dakite futbolzalea naizela eta horretan utziko dugu, garai batean zale amorratua izandakoa nahi baduzue. Txikitatik baloiari ostikoak ematen ibiltzea gogoko izan dut ea amak ere badaki zenbat zapatila pare puskatu eta zenbat praka urratu ditudan.

Sobra ere, nolabaiteko trebetasuna banuen eta taldeak egiteko garain ez nintzen hondar alea (beste gauza askotan hala banintzen ere, eta naiz oraindik ere) eta horrek herriko taldean izena ematera bultzatu ninduen.

Herriko taldean ere ez nintzen hondar alea eta futbolean jarraitu nuen harik ete hondar alea izatera bihurtu nintzen arte. Oraindik jarraitzen dut futbolean jokatzen herriko txapelketa xume batean, baina areto futbolean (bueno erabiltzen ditugun aretoekin, izendapen hori ere nekez har dezake, egia esan).

Telebistaz jarraitzen ditut hondar aleak izateko garaia iritsi ez eta hor aritzen direnak eta haien ahotatik entzuten ditudan gauza batzuk amorrarrazi egiten naute. Azkena gaur bertan, presiopean daudela eta ezin dutela futbolean behar bezala egin diote, hori esan eta gainera guk men egin behar ote diegu? arrazoi dutela esan behar ote dugu?

Gutxik izan dute nahi duten hartatik bizitzeko aukera eta gutxiagok dugu extralurtarra den soldata bat, eta hori gutxi balitz are gutxiagok uste dut izango dugula bere lana presioa dela eta behar bezala ezin dutela egin adierazi dezaketenak.

Jarri obra langile baten hitzetan, "ezin dut behar bezala lan egin, presio honekin" jarri egia esan ia edozeinen hitzetan hori, emaitza ziur asko ez da izango futbolariarena. "Presio honekin edozein lan egingo nuke" azken honekin uste dut gure ditxosozko gizarte honetako gehiengoa egongo dela identifikatuagoa.

Futbolariari hau esango nioke, segi lanean! ondo ari zara eta!

Nork: iker zaldua.2007/04/25 17:33:36.587 GMT+2
Etiketak: futbola | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/04/24 17:34:19.677 GMT+2

Abiadura handikoa

 

 

Beno, lehenik eta behin garai batean hemen zer edo zer idazten nuela gogoratu behar dut. Urtebete pasa da hemen sartzeke nenbilela eta psahitza ere kosta zait burutxo honetan bilatzea. Baina beno hemen da eta ondorioz hemen naiz.

Tren batez idazteko asmoz sartu naiz berriro ez dakit urtebeteko egonaldiaren ondorengo egokia den eta ezta gaiak hainbeste merezi duen ere, baina hala tokatu da.

Hala tokatu da, hori da gu nonbait jaiotzearen arrazoia, hala tokatu da, hori da gu garai honetan bizitzearen erantzuna eta erantzun bera du zein ingurune egokitu ote zaigun galderak. Itaunak itaun, gauza bera ihardetsiko dute gure ondorengoek eta ondorengoen ondorengoek "hala tokatu da" baina denboraren poderioz ohartzen naiz ez zaigula tokatu, gure aurrekoen ondasuna dela ingurunearen nolakotasuna neurri batean behintzat.

Abiadura handiko trena denon ahotatik irristatu den hitz multzoa da, baina gehienetan horretan geratzen da, laprast egiten du baina gaiari heldu aurretik irensten dugu berriro, listua bailitzan.

Baina Abiadura Handiko Trenak izango dituen balizko abantaila guztien gainetik gure ingurunea aldatzea ekarriko du (ez naiz sartuko expropiazio kontutan) gutxienez. Hain harro goraipatzen dugun Euskal Herri menditsuari hortzetako aparatua jarriko diote behin betiko, baina ez pentsa horrek denborarekin gure mendiak konponduko dituenik! Agian norbaiten poltsikoa konponduko du eta norbait horren ondorengoena ere, baina mendiari ez dut uste onurarik egingo dionik.

Gehienok egiten dugu berehala so mapan eta lasaitasuna datorkigu, beno nire etxetik ez da pasako eta hor konpon! baina sarraskia begiak itxita ere nabariko da. Egia da berehala ahaztuko direla sarraskiak nola gerretan ahazten diren hildakoak, baina gertatu aurretik begiak irekitzen baditugu agian ez da sarraski hitza erabili beharko.

Badakit askok esango dutela, zein argumentu ahula mendiarena! joaten ahal da ba tipo hau mendira? axola al zaio ba mendia? edo trenaren aurka jarri behar eta nonbaitetik heldu behar dio? ez ditut galdera horiek ereantzungo ez dut uste merezi duenik ere, baina nik ez nuke hortzetan ezer konponduko ez duen aparatorik jarriko, hain garestiak izanik, gainera! 

Erabakia ez dakit gurea den, baina zerbait egin ahal izango dugu, ezta? edo agintariak ez izan eta isilik geratu behar dugu "hala tokatu delako?"

 

Nork: iker zaldua.2007/04/24 17:34:19.677 GMT+2
Etiketak: artikulua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/03/14 17:44:09.522 GMT+1

Zuldar

Aspaldi ezer bildu gabe, baina beno, hemen nator hitz berri batekin.

Itsaso (herria) aldean erabiltzen da hurrengo hitza.Ezagutzen al duzue?

Zuldarra da, (Zaldar euskara batuan), hau ere azalean agertzen de bikor itsusia da, handia, gaiztotzen den bikorra.

Beno, ea lehentxoago etortzen naizen hurrengoan. 

Nork: iker zaldua.2006/03/14 17:44:09.522 GMT+1
Etiketak: galduak hitz gure | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2006/03/07 23:51:39.932 GMT+1

Neure Bidean Zeudenak

        NEURE BIDEAN ZEUDENAK(06/03/07 Goierriko Hitza)

 

            Argazki baten bila , gauzak txukun izaten baina, ez naiz abila.Eskuan argazki sorta, gehienak pasa, ez zitzaizkidan asko inporta. Eskuak izoztu dira, begiradaren lausoa urruntzen ari da, argazki bitxi bat ageri da.         

            Ni nengoen hor, lagun batekin eserita, inguruan ez zegoen inor baina kioskoa zabalik, irekita. Izozkien kioskoa, amaren pagaz mantendutako txokoa, garai hartan jarri zait berehala gogoa.Garai bateko pergolaz oroitu naiz, gauza asko aldatu direnaz ohartu naiz, eta nola ibiltzen nintzen zabu berdetan aldarte alaiz eta nola joan behar izaten nuen etxera garaiz.

            Zabu pareko gurutze gorria, autobus geltoki maitagarria, gris koloreko kiosko handia eta pergolak atzetik ixten zituen pareta zuria. Zahartzen hasi ote naiz ni ere,ez da hainbeste denbora pasa hala ere,baina aurrerabidea ez dago bare.Gaur, kafetegiko eserleku eta mahi borobilak daude gurutze gorriaren tokian, bide gorria pareta zuriaren tokian,hutsunea izozkien kioskoaren tokian,eta landarez apaindutako errotonda bat, autobus zuri berdeen tokian.

            Hiruzpalau trenbide aparkaleku bilakatu dira eta pilotaleku txiki bat jaio da , guretzako agian txikia , baina umeentzako egokia,eta oinetako ere berriak,gorriak ditu egun Pergolak. San Martin gajoak ere liftinga egin du, urteroko herriko festek ez dutelako barkatzen eta ezin da itxura mantendu.

            Ni ere ez naiz berdin mantendu, nire burua begira ari zaidala ematen du, atzo gertatutako zerbait aipatu nahi didala dirudi baina ordutik egin du bai makina bat euri eta esku artean izan ditut lausotutako hamaika irudi.

            Irudiak irudi baina, orri bakoitzean marrazki bat duen liburua behatz potoloaz pasatzen denean bezala , aldaketa ikusten da alajaina, mugimendua ikusten da.Mugimendua eta aurrerabidea , bidean aurrera doaz, baina nik Ruperrek  Santutxoaren aurreko ezkia betiko behar zuen bezala, behar nuen gure santutxoaren inguruan zeuden kiosko, horma zuri edo zabu berdeak.

            Bitartean sorta miatzen jarraituko dut, irudi berri batek gogoeta berri bat sortaraziko didalakoan eta bestela abestia entzun eta begiak itxiko ditut,Oi aurrerabidean hainbat gauza bazterrera bota,galtzadak, zuhaitzak, etxeak, neure bidean zeudenak.

Nork: iker zaldua.2006/03/07 23:51:39.932 GMT+1
Etiketak: artikulua | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/02/27 13:02:10.995 GMT+1

The big one Sagardotegian.

 

 

  Ia aste bete pasa dut, blogaratu gabe, baina hemen naiz berriz.Gaurkoan sagardotegi kontuekin gainera. Ostegunean Ataungo Urbitarten izan nintzen, giro beroa zegoen, epela eta berezia ere bai.Gurea bezalako lagun talde tipikoaz gain, beste lagun talde atipikoago batzuk ere baziren han.

Korea,Txina eta Indiarrek osatzen zuten mahai bat, euskara ikasleak beste bat , telefonicako beharginek beste bat... Fauna dotorea Ataunen.

 Parranda atzetik izan ohi du sagardotegiak eta hura ere iritsi zen.Bi tabena nahikoa dira mozkorkerian ibiltzeko.Ia gau guztia bueltaka ibili arren , guztira 300 bat metro egingo genituen gehinera jota, tabernatik tabernarako tarte horretan. Ibilbidean,greziarrak, poloniarrak,kolonbiarrak eta argentinarrak ikusi genituan. Asko eta asko euskaraz hitz egiten. Batzutan alkoholaren eraginarekin nahasten zenuen sentsazio arraro hura eta sagardotegiko tortilak osagai sekreturen bat ote zuen ere eztabaidatzen zenuen barne lineaz.

Baina biharamuneko tabako usaiak eta alkohol kiratsak, elkar hizketak ekarri zizkidan gogora bueltan. Oraindik harrituta nago eta ez nuke aposturik egingo, epe luzera bertsolari argentinarrak entzutearen aurka.

Bitartean sagardoa dut gogoan eta korearrak kanpoko kupeletara ateratzean esan zuen bezala The big one! entzuten dut mingainean.

Nork: iker zaldua.2006/02/27 13:02:10.995 GMT+1
Etiketak: artikulua | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2006/02/22 11:08:59.785 GMT+1

Aspertu?

 

    Atzoko egunak besotik hartu eta non bizi garen ikustera eraman ninduen.Nire tokitik atera ninduen eta gure mundura bidali.Badakit nire lagun batzuk, bidaia horren hastapena geltokia dela irakurri bezain pronto, beti kontu berdinarekin nagoela esango didatela, baina egunak atzo geltokiko argazki berri bat zuen niretzako.

   Nire buruan istripua izan duela esaten zidan zerbaitek, berez neska polita zelako, eta oraindik berezkotasuna gordea duelako, baina istripua , izan ere ez zen gai bakarrik ibiltzeko eta jarrera ere ez zuen istripua izan aurretikoa ziur aski, urduri, urduriegi.

 Emakume bat zuen laguntzen, trenean sartu ziren eta lasaitu egin zuen hark.Urduritasuna deseginda , maitasuna azaleratu zitzaion begietan eta emakumeari eskaintzen zion etengabe, ez zion begirik kentzen, "hartu, hau zuretzako da" esango balu lez.Hamar miinututan loak hartu zuen.

 Ni baino lehenago irten ziren trenetik baina egunak beste norbait bisitarazi zidan.50 bat urte azalez beltzarana, nire buruak Argeliakoa dela esaten zidan,eta burua estalia zeraman, zetazko zapi batez.Ni joan behar nuen etxe zaharraren aurrean zegoen sasiarte batean gorde zen. Bere etxera, sasiartera.Han baitzituen hainbat gauza, aulki, koltxoi...Gehienak , ni bezalako baten batek zaharkitua zegoelako eta etxean estropezurako besterik balio ez zuelako zaborretan utzita.

Iluntzean, gauean ia, bi ume ikusi nituen, umeak, nire buruak hala esaten zidan, umeak, erosketak eginda etxerantz.Zazpi-zortzi urte izango zituzten, eta bizkarrean motxila izan beharrean, eskuan poltsakada zuten eta isilik zihoazen, etxera.Nire buruak ez zuen asmatu ,nongoak izan ote zitezkeen, euskalduna dagoeneko, erabaki nuen.

Baina Igandean berriro kexatuko naiz, aspertu egin naizelako, ez dudalako ezer egin.Baina aspertzeko eskubidea aldarrikatuko dut berriro, hemen. 

Nork: iker zaldua.2006/02/22 11:08:59.785 GMT+1
Etiketak: irakas-pena | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/02/17 15:10:55.255 GMT+1

Errameroa (Legazpia aldean...

 

 Hasteko zuzenketa bat egin nahiko nuke, sail honetako lehen hitza erlakistana zen, baina idazkera ez da zuzena. Erlakaiztena da , hitz zuzena.

 Bestetik, hitz berri baten aipamena egin nahi dut.Errameroa . Langa hitza ezagunagoa den arren,badirudi Legazpia aldean behintzat oraindik indarrean dagoela. 

Nork: iker zaldua.2006/02/17 15:10:55.255 GMT+1
Etiketak: galduen hitz bila gure | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)