Petako-makinak desagertzeko zorian

euskarazoak 1456132591400 EUSKARAZOAK | 2007-06-19 17:27
1

Behin, ia taberna guztietan aurki zintezkeen, eta ze alaitasuna ematen zuten, haien koloreekin, haien argiekin eta haien zaratekin. Halaxe zen eta nahiz eta taberna txiki-txiki bat izan beti zegoen txoko bat petako-makina  jartzeko. Lehenaldiko makinak sinpleak ziren, itxuraz behintzat, baina haien barrukoak kablez, bonbilak, eta hainbat tramankuluz beterik zeuden. Baina tramankuluen artean  “flipperrak” edo “petakoak” ziren inportanteenak, haien bitartez zure trebetasuna frogatu ahal zenuelako. Lehen petako makinek bost burdinazko bola zeuzkaten partida jokatzeko, eta zortea baldin bazegoen hots magiko bat entzun zenezakeen partida berri bat lortzen bazenuen jakinarazteko: KLAK.

Zenbat partida jokatu genuen...duro baten truke bi partida, hori zen garai hartako prezioa. Dirudunak ez ginenez, pikareska ere erabiltzen genuen...horregatik gure partidak luzeagoak izaten ziren. Alanbrez, nola edo hala, kristal azpitik puntu gehiago lortzeko trebetasun itzela zeukaten batzuek. Besteek, auskalo nondik aterata, bazekiten zer zenbakia zen, loterian, partida berri bat ematen duena. Eta gehienok bagenekien makina noiz eta nola jotzea, bola galdua berreskuratzeko, “falta” egin barik, jakina.

Zenbat ordu jo genuen makina magiko haietan...petakoaren urrezko aroan...


Denborarekin lehenaldiko makinen itxura joan zen aldatzen, markagailu mekanikoa, digitala bihurtu zen, partidak hiru bolakoak izatera pasatu ziren eta tramankulu pila bat ipini zuten makinetan, gainera bi jokalari edo gehiago jokatu zintezkeen txandetan.

Baina nahiz eta aldaketa horiek egin Petako-makinaren garaia amaitzear zegoen. Makinaren mota berri batzuk bere lekua hartzera baitzetozen, marcianitos-en makinak eta txanponjaleak hain zuzen ere. Makina berri hauek, txikiagoak ziren, merkeagoak eta mantenimenduz guztiz erosoagoak.

Pixkanaka-pixkanaka Petako-makinen lekua hartu dute eta gaur egun ia ezinezkoa da taberna batean petako makina bat ikustea. Eta egoera hau berbera da mundu osoan. Espainian  Petaco izena zeukan fabrikak aspaldi desagertu zen eta gaur egun mundu osoan petako edo pinball-makinak egiten dituen azken fabrikatzailea Estatu Batuetan dago.

Orain 60ko eta 70eko hamarkadako makinak ia museoko piezen bezala baloratzen dira, eta gero eta pertsona gehiago dabiltza interneten bidez petako-makinen bila. Badirudi ia bakarrik bigarren eskuko merkatuan aurki ditzakegula petako-makinak, baina gehienek berriztapen handiak behar dituzte. Hala ere eta petakozale batzuei esker hainbat web orritan aurki ditzakegu aholku eta informazio ugari petako-makinak konpontzeko.

 Inoiz pentsatu duzu petako-makina bat etxean edukitzea?  Bada orain daukazu aukera, baina ez laga luzerako, petako-makinak amaitzear daude eta.

nerea

nerea 2007-06-20 21:14 #1

<p>Jesseus! erabat ahaztuta neuzkan makinatzar horiek. Zenbat ordu pasatu genuen halakoetan jokatzen. Niri gehien gustatzen zitzaidana biren artean aritzea izaten zen. Ez dakit, emozionanteagoa edo zen. Sartzen zenuen dirua, eta hor zihoan bolatxoa gora, hasieran polikiago, gero beherunzko bidean erne egon behar, petakoarekin jotzeko eta berriz ere gora; argi gorri eta "soinu berezien" artean, bola eta norbera zoratu beharrean. Nik etxean ez nuke jarriko oso txikia da eta, baina gustura ibiliko nintzateke atzera ere horrelakoetan. Gazte denborako kontu nostalgikoak, ezta? </p>

<p>Galdutako ohiturez ari garela, lehengoan amari entzun nion aspaldi nire hiztegian erabiltzen ez dudan berba bat. Uste dut erderazkoa dela, baina atentzioa eman zidan, ahaztuta neukan eta: "galbania" erabili duzue aspaldion? </p>


Utzi iruzkina: