Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/01/18 19:09:23.254 GMT+1

Oinarrizko bibliografia soziolinguistikoa euskaraz

Oinarrizko bibliografia soziolinguistikoa egin dudala esan dute hor nonbait. Euskaraz gehituko nuke nik. Eta, hala da, bai, antza, baina nire bibliografia izan da, nire-nirea. Jarraian dituzue denak zerrendan:

- 1-10 liburuak

-11-20 liburuak

- 21-30 liburuak

Hori bai zerrenda horretan nire ustez bi liburu falta dira. Ez daude zerrendan euskaraz ez daudelako. Baina, zalantza handirik gabe, bi liburu horiek izan dira (eta dira) euskarazko soziolinguistikan eraginik potoloena izan dutenak.

- Sanchez Carrion, J.M. Un futuro para nuestro pasado

- Fishman, J. Reversing Language Shift


Nork: garaigoikoa.2011/01/18 19:09:23.254 GMT+1
Etiketak: euskaraz euskara oinarrizko soziologia hizkuntza soziolinguistikoa sl bibliografia soziolinguistika | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

1987ko "Un futuro para nuestro pasado"ren ordez, Zenbat Garak 1997an argitaratutako Jon Sarasuaren "Biziaren hizkuntzaz" irakurri dezake euskaldunak. Baita ere, Aitor Zuberogoitiak Txepetxi egin zion elkarrizketa 1999an "Zenbat Gara" aldizkarirako: http://www.zenbatgara.org/eus/txostenak/txepetx-margeneszg4.htm

1991ko "Reversing Language Shift"en ordez Eusko Jaurlaritzak argitaratutakoren bat irakurri dezake euskaldunak. Baita ere, Xabier Erizek Fishmani egin zion elkarrizketa 1999an "Bat" aldizkarirako: http://www.soziolinguistika.org/es/node/820

Jazinto

Nork: Jazinto.2011/01/22 14:32:48.297 GMT+1

Eskerrik asko Jazinto. Entzun nuen bere garaian Adorez eta Atseginez mintegikoek Txepetxen liburua euskaratu zutela (Gure iraganaren geroa gaur edo antzeko zeozer). Eta Fishmanena euskaraz dagoen osatuena, loturan bertan dago, Mikel Zalbidek egindakoa.

Nork: txerra.2011/01/24 12:53:32.422 GMT+1

Eskerrik asko zuri, Txerra. Zentzu horretan, euskaldunak irakurri ditzake 1987an Gotzon Nazabalek euskaratu zuena "Jakin" aldizkarirako
(http://www.jakingunea.com/50urte/html/Jakin87_42_43/Jakin87_42_43.html) eta 1988an Xixa Gardner eta Mikel Zalbidek euskaratu zutena "Jakin" aldizkarirako (http://www.jakingunea.com/50urte/html/Jakin88_48/Jakin88_48.html).
Jazinto

Nork: Jazinto.2011/01/24 22:38:36.496 GMT+1

Pozik ikusi dut soziolinguistikari buruz egin duzun 30 libururen hautua; izan ere, uste dut harrigarria dela hizkuntzaren gaiak gurean sortzen duen interesarekin, zein gogoeta eta azterlan gutxi argitaratzen den euskaraz, euskarari buruz (dela soziolinguistikaren ikuspegitik, dela psikolinguistikarenetik, dela politikarenetik...).
Zerrenda horretan, ordea, argitaratu berri samarra den saiakera bat sartzea iradokiko nizuke: P. Baztarrikaren "Babeli gorazarre" (Alberdania, 2009) gogoeta sendoa eta informazio iturri oparoa dela iruditzen zait. Hara, adibidez zer dioen Argian Iñaki Martinez de Luna soziologiak (eta bada nor): "Gogoeta-iturri
Etsaiak egiten hasteko arriskuan nago Babeli gorazarre irakurtzean buruan zebilkidanarekin: Mitxelena eta Txepetxen lanak salbu, bertako hizkuntzen bizi-baldintzez ez dela horren gogoeta mamitsurik (aspalditik) egin. Barka ditzaten hitzok ur sakon eta emankorretan murgildu diren gainontzeko egileek, baina esandakoa da zinez burura behin eta berriz etortzen zitzaidana.

Eta Mitxelena aipatzen hasita, horra hor bere –eta Baztarrikak jasotako– ideia mamitsu bat: “Ezin fida daiteke (…) dekretuaren ondorio miresgarrietan, ezta ofizialkidetasun nahiz ofizialtasunezko aitorpenetan ere. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Beste nonbait esan eta idatzi dudan bezala, diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu”.

Beldur naiz Mitxelenaren hitzoi entzungor egin zaien modu berean, Baztarrikaren lana ere baztertuta ez ote den geldituko. Izan ere, euskalgintzaren parte baten planteamendua handikeriatan erori izan da denbora luzez, horren ondorioz errealitate gordinarekin estropezu eginez behin eta berriz. Mitxelenaren ikuspuntu zentzudunak hainbat urtetan oihartzun handirik izan ez duen arren, bada garaia harenak bezain aproposak izan daitezkeen hausnarketei erreparatzeko. Baztarrikaren eskutik, adibidez.

Badira, noski, Babeli gorazarre liburuaren ideia guztiekin ados ez egoteko arrazoiak, balorazioa zein planteamendutatik egiten den. Batzuentzat desegokia izango da, garatzen duen tesia antolaketa instituzionalaren baitan kokatua dagoelako –hala ere, planteamenduak ez du muga horien barruan zertan gelditu behar–. Beste batzuei, aldiz, euren –espainiar zein euskal– nazionalismo linguistiko zurrunak ez die betarik emango halako ideiarik onartzeko. Arrazoiak arrazoi, idazlanaren irakurketa kritiko bati ez nioke inoiz uko egingo, jarrera kritikoa beti dugu-eta beharrezko. Onartezina litzaidakeena, aldiz, hauxe da: bestelako interesak ezkutatzen dituzten kritika interesatu edo mami gutxiko deskalifikazio errazak eginez, liburua aintzat ez hartzea.

Hala ere, nolabaiteko itxaropena badut. Izan ere, atzeak erakusten dio aurreari nola dantzatu eta, urteotako eskarmentuen poderioz, euskaltzale gehienen jarrera soziolinguistikoa askoz helduagoa da, gaur egun. Baztarrikaren lana aintzat hartzeko behar bezain irekia, alegia.

Bestalde, eta ajeak aje, euskalgintza sasoiko dago eta orain bada gai hizkuntza-diskurtso zaharkituak beharrezko duen berrituari ekiteko; horretarako, iturburu ezin egokiagoa du Baztarrikarengan.
Tamalez, espainiar nortasundunek ez dute iturri horretatik oso gustura edango –erdaraz ere argitaratuta dagoen arren–, beren hizkuntza-egoera erosoaren zutabea zalantzan jartzen duelako. Pena litzateke, baina errealitatearen egoskortasunaz jabetu beharra dago, beti. Onerako zein txarrerako!"

Nork: joseba.2011/02/10 09:53:22.465 GMT+1

Eskerrik asko ekarpenagatik, Joseba.

Arrazoia duzu, Babeli gorazarre falta da 30eko zerrendan. Baina irizpide bat hartu nuen egiteko: nik irakurriak izatea liburu guztiak. Eta Patxi Baztarrikaren liburua oraindik ez dut irakurri. Egin beharrekoen artean daukat, baina ez dut astirik atera horri ekiteko.

Baina irakurri eta berehala, iruzkina, kritika edo komentarioa igoko dut blogera. Eta, hala dela iruditzen bazait, 30eko zerrendara ekarri (azken finean berdin da 30 izan edo 31, ezta?).

Eskerrik asko eta segi horrelako ekarpenak egiten, Joseba. Mila esker.

Nork: txerra.2011/02/10 10:36:59.974 GMT+1

Harira datorrelakoan, Joxe Austin Arrietaren orain dela hogei urteko hau:

"Dagoeneko aipatua dut Txepetx, eta aurrerantzean ere hamaika bider ekarriko dut hizpidera. Denok gatzaizkio zordun: hark plazaraturiko teoria-gorputz trinkoarekin hitzez hitz ados daudenak, ideia askotan teoria horrekin bat etorri arren zalantza eta eritzi ezberdinik, hala ere, badugunok, eta teoria horri erabateko muzin eta ezentzunarena egiten diotenak ere bai. Aldez edo moldez, aurkako zein aldeko jarrerak eraginez, teoria hori hor baitago. Gaur egun ezin da Euskal Herrian elebitasunaz mintzatu, inplizitoki zein esplizitoki “Un futuro para nuestro pasado” liburuarekiko nork bere pentsakeraren hurbil-urruntasunak markatu gabe. Nik neuk ere markatuko ditut neureak, hurbiltasunak, noski, urruntasunak baino askoz ere ugariago eta sakonagoak. Baina gauza bera egiten dute, alderantziz doi-doi, EAJ eta EEko euskara-alorreko bozeramaleek ere. Ikus, esate baterako, duela egun gutxi Patxi Bazterrikak [sic] prentsari eginiko adierazpenak, zeinetan “lumazo” batez deskalifikatzen bait gaitu “hizkuntzen arteko burrukaren teorietan edaten dugunok”. Edota EAJko Kultur Sailburuak “euskal munduaren gehiengoak elebitasunaren apostua egin duela” dioenean, bide batez, noski, gehiengoa omen ez garen euskaltzaleoi “intolerantzia”ren, “beste kulturen ukazioa”ren, “bakartasunaren pobrezia”ren eta gisa beretsuko beste hainbat estigma egozten dizkigularik."

http://www.jakingunea.com/50urte/pdf/Jakin91_62/Jakin91_62_029.pdf

Nork: Jazinto.2011/02/17 09:54:12.775 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru