2009/03/16 21:48:45.444 GMT+1
Niri ere emilez iritsi zaiz Marx-ek esan omen zuen esaldi hau:
"Los propietarios del capital estimularán a la clase
trabajadora para que compre más y más bienes, casas, tecnología cara, empujándoles a contraer deudas más y más caras hasta que la deuda se haga insoportable. La deuda impagada llevará a la bancarrota de los bancos, los cuales tendrán que ser nacionalizados”.Oso profetikoa benetan, ezta?
Izquierda Unidako Koordinatzaile Nagusia den Cayo Larak ere egiatzat hartu eta adierazi zuen. Argi dago baina Marxek ez zuela horrelakorik inoiz esan. Arrazoiak honakoak
- Marx-ek ez zuen imaginatuko proletargoak honelako jabetzarik izan zezakeenik.
- Garai haietan, 1.873.ean edo, teknologia ez zen erosi zitekeen zerbait bezela uletzen. Teknologia zientziaren aplikazioak izendatzeko erabiltzen zen.
- Nazionalizazio hitza, XX mende haserarte ez zen inoiz erabili.
Aurreko zita hori, literala ez izateaz gain, ez dator bat "Kapitala" liburuaren funtsarekin. Liburu honek aipatzen du kapitalismoaren amaiera proletargoaren erabateko pobretzeak ekarriko duela geroz eta soldata baxuagoak jasoko dituztelako, baina inolaz ere ez kreditu bidezko erosketak direla eta. (Kontutan hartu behar da kreditu bidezko erosketa ez zela gizartean masiboki hedatu XX mendean sartu arte.
Honek guztiak bi ondorio uzten dizkigu:
1. Ezin zaitezke Internetez itsuki fida iturriak dokumentatzeko (guztiok aurretik ere bagenekien ondorioa)
2. Alderdi Komunistako kide eta buruzagiek ere ez dute Marx behar bezela irakurri. (Nahiko tamalgarria)
Aurreko zita faltsua izanagatik ondorengoa benetazkoa da. Ez da aurrekoa bezain profetikoa, baina badu berea
Nork: Karrera.2009/03/16 21:48:45.444 GMT+1
Etiketak:
marx
kapitalismoa
krisia
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/12/03 20:48:40.003 GMT+1
AHT bezelako azpiegitura baten aurka egoteko arrazoi ugari aurki daitezke. Batzuk oso arrazoizko eta zentzuzkoak gainera. Jende ugariren atxekipena lortu dezaketenak.
ETAk baina, gaur bezala pertsonak hiltzeaz gain, mobilizazio soziala ere hiltzen du. Gizartearen babesa izan dezaketen hainbat proiektu, ideia etab ezerezean uzten ditu.
Katixa Agirrek gaur esaten duen bezala:
Harrotasunez betetzen gaituzten sinboloak desagertzen
diren bitartean (Laboa), bada munstro bat desagertzen ez dena. Gaur, Azpeitian
berragertu da. Beste heriotza-zigor bat, pertsona babesgabe bati ezarria. Beste
kausa kakaztu bat.
Baten batek pentsatzen al du "ekintza" honek AHT eraikitzea eragotziko duenik?
Nork: Karrera.2008/12/03 20:48:40.003 GMT+1
Etiketak:
aht
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (1)
2008/11/05 23:32:01.506 GMT+1
UN-Habitat Nazio Batuen agentziak
munduko hirien egoera 2008-2009 txostena argitaratu berri du. Bertan munduko egoera urbanoa eta hirien egoera aztertzen da ikuspuntu sozioekonomiko batetik. Kontutan izan behar da 2007-tik aurrera munduko biztanlegoaren erdian baino gehiago hirietan bizi dela, egunetik egunera aldea handiagoa izanik.
Errenta eta diru sarreren des/berdintasunak dira nere arreta gehien piztu dutenak txosten honetan. Des/Berdintasuna neurtzeko
Giniren indizea darabil txostenak. Indize honek (0-1) baloreak har ditzake. 0 denean biztanle guztiek errenta maila berdina dutela adierazten da, indize hori 1 denean berriz pertsona bakar batek errenta guzitak bereganatzen dituela esan nahi du.
Oro har, desberdintasun maila handienak AEB-etan, Afrikan eta Hego Amerikan aurkitzen dira: Atlanta, New Orleans, Washington D.C., Miami, eta New York-ek adibidez, Nairobi, Buenos Aires, Sao Paulo eta Santiago de Chileren desberdintasun maila antzekoa dute. Gainera ia hauek guztiek 0,4 baino Gini indize altuagoa daukate, zifra hau alerta egoerakoa kontsideratzen delarik. AEB-tako desberdintasunaren aldagai klabea arraza dela ere esaten du txostenak. (Obamak zerbait aldatuko al du? Nahiko lan izango du)
Kontrako aldean, berdintasun handieneko hiri bezela Beijing agertzen da. Holanda, Danimarka, Finlandia eta Eslobeniako hiriek ere berdintasun maila oso esanguratsuak dituzte. India berriz desberdintasuna azken urteetan gehien hazten ari den herrialdea da.
Eta Euskal Herrian zer? Estatu ez garen heinean txostenak ez dio ezer gutaz. Espainiak berriz Gini indize altuenetariako du (0,34) Europar Batasuneko estatuen artean Erresuma Batua (0,34), Portugal (0,36),Italia eta Greziarekin (0,33) batera
Txostena irakurrita argi dago egoera ez dela batere ona, batez ere 3. munduko herrien artean. Hau dena nola konpondu liteke? Planifikazio urbano egoki eta sendoa, kudeaketa ezinhobea eta lidergo politiko sendoarekin. Ez da nere iritzia soilik, txostenarena baizik. Baina ze erraza den horrelakoak esatea ezta? Nola errealitatera eraman ordea?
Nork: Jakot Karrera.2008/11/05 23:32:01.506 GMT+1
Etiketak:
hiriak
desberdintasuna
berdintasuna
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/06/09 20:50:07.202 GMT+2
Leihakortasun ekonomikoaz hitz egiterakoan
atentzioa normalean Estatu-nazioek bereganatzen dute. (Brasil, India, Txina, AEB etab). Hala ere Munduko
ekonomiatik tira egiten duen indar nagusia beste aktore bat da askoren ustez: Mega Erregioa.
Mega Erregio bat hiri bat
eta bere inguruneak baino askoz gehiago da. Definitzea ez da erraza, ez eta non hasi
eta noraino iristen den. Horrela nahiko
zonalde “difusoak” dira, enpresa erraldoi piloa eta aktiitate ekonomiko ugari
dutenak.
Munduan 191 Estatu inguru
daude, mega erregio garrantzitsuak berriz 40 inguru. Beraietan munduko
biztanleriaren %20 bizi da. Hala ere produkzio ekonomikoren bi heren
kontzentratzen dituzte, eta munduko berrikuntza eta patenteen %85.
Mega Erregio handiena
Tokio da, 55 milioi pertsona eta 2,5 bilioi dolarreko aktibitate
ekonomikoarekin. Ondoren Boston eta Washington arteko korridorea dago 54 milioi
pertsona eta 2,2 bilioi dólar produkzioarekin. Europako garrantzitusenak London
inguruak dira eta honekin batera, Amsterdam inguruak, Milan-Turin zonaldea eta
Frankfurt eta Stuttgart-ek osatzen dituztenak.
Brasil eta India bezalako
hazkuntza handiko ekonomietan ere mega erregiak dira protagonista, bertan, Río-Sao
Paulo eta Bangalore-Bombay ardatz dituztelarik.
Kontzentrazio handi
horien arrazoia bilatzerakoan alde batetik botere politikoaren kokapena dago.
Botere ekonomikaok gustoko izaten du eta botere politikoa gertu izatea eta. Espainiar
estatuan argi geratzen da hori. Madrilen kokatzen dira enpresa handi gehienak
eta gainontzekoak Bartzelonan. Hala eta guztiz ere argi dago Europako eta
Munduko adibideak begiratuta botere politikoaren kokakpenak ez duela sailkapen hau
erabat baldintzatzen.
Ikaragarrizko kontzentrazio
horren ezkutuko arrazoiak ezagutu baino nahiago dut atentzio beste nonbait
jarri. Azkenaldian zenbait lobby polítiko eta ekonomikok baitiote Estatuen polítikak
mega erregioen interesen aurkakoak direla. Eta, aberastasunak “mega erregio” hauetatik
zonalde txiroetara eramaten direla, erabaki hau ez zuena eta ez efizientea
izanik. Alderantziz, botere publikoek dentsitate altuaren alde ekin behar
dutela eta honela denok aterako garela garaile munduko merkataritza gehiago
haziko delako eta honen ondotik munduko ekonomia.
Besteak beste Zapatero
eta bere aholkulari askok “guru” bezala onartzen duten Richard Floridak esaten
ditu honelakoak. Nere galdera: Non geratzen da lurralde kohesioa? Oreka? Eta
lurralde zati hain garrantzitusak kudeatu, eta mantentzen dituzten nekazariak?
Munduko merkataritzak
behar omen ditu Mega erregioak, diote. Guk ordea ez dut uste. Bestela erantzun.
Non bizi nahi zenuke? Frankfurten edo Iruñan? Ordizin edo Chicagon?
Nork: Karrera.2008/06/09 20:50:07.202 GMT+2
Etiketak:
mega
lurralde
mundu
kohesio
erregio
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/21 19:06:59.788 GMT+2
Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait dirulaguntza eman berri dizkie hainbat udalerriri helburu eta emaitzetara zuzenduriko kudeaketa proiektuak burutu ditzaten. “Emaitzetara zuzenduriko kudeaketa proiektuak” esatean Aldundiak Plan Estrategikoak, Legegintza Planak eta Urteroko Kudeaketa Planak burutzea ditu buruan batik bat , nahiz eta Aginte Mandoak edo Balanced Scorecard delakoak eta helburu hauetarako software-a ere diruz laguntzea aurreikusita zegoen. Hala ere erresoluzioan hauetarako diru laguntzarik ez da eman (edo udalek ez dituzte eskatu). Zure herriak diru laguntzarik jaso badu ikusteko klikatu hemen.
Orotara diru laguntza hauek jaso dituzten 31 udalen artean 500.000 € pasatxo banatu dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren intentzioa azken finean enpresa pribatuetan hain ezagunak diren kudeaketa neurriak ezartzen hastea da horretarako gida bat ere aurkeztu duelarik. (hemen gida) Logikoa den bezala gidak kontutan hartzen du udal bat ez dela enpresa pribatu bat eta ondorioz udal bilkura bat ez dela akziodunen bilkura bat, edo Gobernu Junta bat ez dela Zuzendaritza Kontseiluaren gauza berbera.
Udal gehienek laguntzak Legegintza Planak egiteko eskatu dituzte. Hauekin honako helburak lortzea espero dute
v 2007-2011 Legealdirako Plana, hausnarketa eta plangintza prozesuetan definitutako lehentasunak eta helburu estrategikoak zehaztea.
v Helburu horiek zabaltzea, maila eragileetaraino, Arlo, Zerbitzu eta Programenak, urteroko prozesu batean, aurrekontuen kalkulua barne eta zenbait adierazleen bidez bere jarraipena egin ahal izatea.
v Kudeaketaren etengabeko kontrola eta jarraipena egitea , urte osoan zehar lorpenak eta exekuzio mailak aztertuz.
v Urtero kontuak ezagutzera ematea, aurrekontuak gauzatu diren informatzeaz gain, lortutako helburuen inguruan ere informatu beharko delarik.
Ikusi beharko da ze puntutaraino hobetu dezakeen honek guztiak udal kudeaketa. Ziurrenik udal batzuetan emaitzak ikusiko dira, ez baina guztietan. Arrakasta diru laguntzak baino arduradun politiko eta teknikoen borondatean baitago, batez ere politikariengan eta hauek udal teknikariak proiektuan txertatzeko ahalmenean. Azken finean bertako langileak baitira egunerokoan sail desberdinak aurrera eramaten dituztenak.
Dena dela, Aldundiak laguntza hauek ondorengo urteetan jarraitzeko intentzioa omen du. Denon hobe beharrez espero dezagun inpaktu positiboak izango dituela kontrakoak gipuzkoarren dirua gaizki erabiltzea suposatzen baitu.
Nork: Jakot Karrera.2008/04/21 19:06:59.788 GMT+2
Etiketak:
plan
gipzukoa
legegintza
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/08 00:43:30.628 GMT+1
Bizkarretik hurbildu eta hiru tiro jotzea. Balentria galanta. Eta nori? Autopistako kobratzaile bati. Autopistako langileak, horiek bai direla gure eskubideen zanpatzaileak!!!
Gainera batzuek Euskal Herria libreagoa, askeagoa dela pentsako dute. Zer da ba askatasuna? Arrasateko herritarren bozken zilegitasunari inongo baliorik ez ematea? Herritarrek bere garaian aukeratutako pertsona bat desagertaraztea?
"Herritarren hitza errespetatu" entzuten dugu maiz ezker abertzaleko bozeramaileen ahotik. Noizko "herritarren bizitza errespetatu"? Hildakoek hitzegin al dezakete bada? Haurreskolan ez al ziguten ba irakatsi mintzatzeko ahalmena bizirik dauden pertsonek bakarrik daukatela? Hipokresia handiagorik egon al daiteke?
Gauzak honela martxoko 9ko hauteskundeetan abstenitzeak honako esanahi hau du: Ados zaudela hilketa honekin. Bozkatzera joaten ez bazara pistolen lagunek zure jarrera bere aktibo gisa erabiliko dute eta. Beraz egiozu muzin pasibotasunari eta pasotismoari eta joan zaitez bozkatzera.
Garaiz zabiltza zure bozka jasotzearen ohorea nork merezi duen erabakitzeko!
Nork: Karrera Jakot.2008/03/08 00:43:30.628 GMT+1
Etiketak:
nazka
eta
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)
2008/01/26 00:24:03.434 GMT+1
Hitz berri hau, (ez dakit euskeraz nola deitu behar diogun, ingeleraz “Flexicurity” deitzen diote) epe laburrean sarri askotan entzungo duzu, Europar Batasuneko enplegu politikaren hitz kuttunena baita. 2013 urte bitarteko enplegu sustapenerako programa eta politikek berau garatu eta ezarri beharko dutelako Europako diru laguntzarik jaso nahi badute behintzat.
Bere esanahia erraz antzeman badaiteke ere, ondorioei buruz hitzegin aurretik azal dezagun zertan datzan, edo zer izan beharko lukeen europako agintarien aburuz.
- Terminoaren jatorria Holandan dago, nahiz eta egun Danimarka izan politika honen adibide paradigmatikoa.
- Flexisegurtasunak, lana edo enplegua segurtatu baino langileen enpleabilitatea ziurtatu nahi omen du. Horretarako hiru elementu konbinatzen ditu, teorikoek “urrezko triangelua” deitutakoa:
- Flexibilitatea lan merkatuan: Enpleguaren babes legala murriztea bai sektore pribatu zein publikoan, hau da, langileak egoztea erraztea.
- Gizarte babes politika sendoak. Langabezian daudenentzako diru sarrera garrantzitsuak ezartzea.
- Lan politika aktiboak indartzea. Lan programa desberdin eta ugariak lan merkaturako itzulerak sustatzeko eta lan merkatutik irtendakoan bueltazea errazteko. Honetaz gain Lifelong Learning edo bizitza osoan zehar formakuntza jasotzeko programak sustatzea.
Grafikoki, (eta ingeleraz) Aalborgko Unibertsitateko Bredgaard, Larsen eta Madsen irakasleen diagrama:
http://faos.sociology.ku.dk/dokum/flex_wilthagen.ppt#346,11,Diapositiva 11
Azaldutako hau da laburbilduz Europar Batzordearen plana lana sortzeko. Enpresaburuek begi honez hartu dute proposamena, sindikatuak aldiz ezkor agertu dira ardilarruz estalitako otsoa ikusten baitute, hau da, flexi asko eta segurtasun gutxi.
Europar Batasuneko Estatu guztiek nahitaez, beren “Programa Nacional de Reformas”-en barruan planteamendu hau nola garatuko duten azaldu behar diete Europari aurtendik, beraz gurean ere lehen erabakiak laster ikusiko ditugu.
Argi daukat honek guztiak usain onik ez duela, eta sistema sozialak indartzea baino AEBen adibidea jarraitu nahi dela. Holanda eta Danimarkako enplegu polítikak betetzen dituzte (gutxi gorabehera) flexisegurtasunaren hiru premisak, emaitza onekin gainera, baina horrek ez du esan nahi sistema edonon ezarrita emaitza berberak lortuko liratekeenik. Adibide soil bat, Espainiar estatuak prestakuntza sozialetan Danimarkaren mailara iristeko, bere aurrekontua gutxienez hirutan biderkatu beharko luke. Ez ditut ez espainiar agintariak, ez euskaldunak ez eta ere frantziarrak honetarako prest ikusten. Are eta gutxiago zergak jeitsi nahi dituztenean!
Euskal Autonomi Erkidegoak eta Nafarroak badute beste arazo bat. Segurantza Soziala eta lan merkaturen konpetentzia normatiboa (“urrezko triangeluaren” lehen bi premisak) estatuaren esku daude. Autonomiek Lan Polítika aktiboak dituzte soilik erabilgarri, triangelu horren erpinik ahulena, gutxien garatuena dagoena eta orain artean emaitza kaxkarrak eman dituena.
Informazio gehiago (ofiziala)
Libro Verde “Modernizar el derecho laboral para afrontar los retos del siglo XXI” http://ec.europa.eu/employment_social/labour_law/docs/2006/green_paper_es.pdf
eta beste zenbait dokumnetu http://ec.europa.eu/employment_social/employment_strategy/flex_steps_en.htm
Nork: Jakot Karrera.2008/01/26 00:24:03.434 GMT+1
Etiketak:
enplegua
europa
lana
flexicurity
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/12/28 13:46:38.063 GMT+1
Herri+publika hitz jokoa erabiliz ez dut blog honetan herrietara bakarrik mugatzeko intentziorik. Herri zein hiri, Euskal Herri zein Euskal Hiri, konnotazio zein biztanlego kopuruaz haratago, lurralde eremu berberari buruz arituko naiz. Atxagaren Euskal Hiri kontzeptua gustoko dudan arren, zerbait erreala baino helburu bezela ikusten dut.
Herripublikak Errepublika hitzaren antza handia izanda ere, blog hau ez da gobernu forma horren aldeko alegato bat. “Res publica” espresioak (errepublikaren jatorri etimologikoak) erromatarren garaian Gauza Publikoa adierazi nahi zuen (kaleak, zubiak, errepideak etab), hau da, interes publikoko edozer. Ondorioz, konnotazio hauen tarteko Estatuarekin ere identifikatu zen Res Publica, gobernu forma edozein izanik ere.
Blog honetan arlo publikoan eragina duten eta gure gizartea eta bizimodua moldatzen duten hainbat gai jorratuko dira, esaterako ekonomia, lana, lan harremanak, ingurugiroa, azpiegiturak, garapen politikak, hirigintza, lurralde antolaketa etab. Hau da, ahalik eta laburren esatearren Lurralde Garapena da leit motiv-a
Badakit helburuak handianahikeria kutsua duela. Nire xedea aldiz xumea da, aldez aurretik ere badakidalako ezin izango diodala hainbeste frente desberdini aurre egin. Gaurko eta biharko bizimoduan eragingo diguten ideia gutxi batzuei buruz gogoeta eragitearekin konformatzen naiz. Gainera irakurkerik ez badut ere, ez naiz larrituko, gutxienez neure burua ordenatzeko ziur baliogarri izango zaidala idaztea.
Herripublika terrminoak gainera, arestian esan dudanaren aurka, badu Errepublikarekin antzekotasunik. Historikoki, sistema polítiko honen oinarrian herritarren partaidetza egon da, beraz Web 2.0 delakoarekin uztartzeko aukera aproposa ematen dit.
Aurkezpenak alde batera utzita ea ahalik eta azkarren sar naitekeen mamira!
Nork: Jakot Karrera.2007/12/28 13:46:38.063 GMT+1
Etiketak:
lurralde-garapena
herripublika
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak