Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/12/08 20:34:05.902 GMT+1

Aingeru Epaltza Santutxun

Aingeru Epaltza urrian zen etortzekoa Santutxuko Irakurlearen Tartera, baina gaixotu eta solasaldia atzeratu egin behar izan genuen.

Datorren astean etorriko da, "Lasto sua" (Alberdania) liburuari buruz hitz egitera: asteazkenean izango da hori, abenduaren 13an.

Epaltzari eta aipatutako liburuari buruzko informazio gehiago bildu genuen urriko deialdian, hemen.

Zatoz, gonbidatuta zaude!

Nork: irakurlearentartea.2006/12/08 20:34:05.902 GMT+1
Etiketak: epaltza santutxu literatura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/11/27 10:41:26.173 GMT+1

Paddy Rekalde Santutxun

Asteazken honetan (azaroak 29), hilero bezala, zita dugu Santutxu aldeko Irakurlearen Tartean.

Azaroko saio honetan, Paddy Rekalde idazlea ekarriko dugu gurera, "Ragga-ragga dator gaua" (Susa) nobela aitzakia hartuta.

Paddy Rekalde (Deustua, 1964) genero guztietan aritu izan da: narrazioei dagokienez, "Aizu Paddy!" eta "Whiskey koloreko gauak" liburuak idatzi ditu; poesian, "Sex abaroa" eta "Bilbo dub kronikak"; saiakeran, The Clash taldeari buruzko liburua; eta nobelagintzan, berriz, "Rebel Mayo Colorao" eta asteazkenean aurkeztuko digun "Ragga-ragga dator gaua" hau.

Zatozte! Gonbidatuta zaudete.

Eguna: azaroaren 29a, asteazkena
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21

Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.

Nork: irakurlearentartea.2006/11/27 10:41:26.173 GMT+1
Etiketak: literatura santutxu rekalde | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/11/21 09:37:45.827 GMT+1

Zerk egiten du interesgarri liburu bat?

"Azaro, liburu aro" jardunaldien baitan, solasaldi interesgarria dugu ostegunean arratseko 20:00etan Deustuko Bidarte Udaltegian. Iratxe Retolaza eta Ibon Egaña, Berriako literatura kritikari gazte eta zorrotzak izango dira "Zerk egiten du interesgarri liburu bat?" galderaren inguruan jardungo dutenak. Hurbildu eta solastu liburu aroan.

(Berbaizu elkartearen blogetik hartua)

Nork: irakurlearentartea.2006/11/21 09:37:45.827 GMT+1
Etiketak: egaña hitzaldiak deustu retolaza literatura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/11/14 18:35:34.964 GMT+1

Aritz Gorrotxategi Deustun

Bihar, asteazkenean (azaroak 15), Aritz Gorrotxategi idazle donostiarra Deustuko Bidarte auzo-etxean egongo da, Kearen truke (Alberdania) nobelari buruz hizketan.

Aritz Gorrotxategik 31 urte ditu eta genero guztietan aritu izan da, berak idatziak baitira "Egurra Pinotxori" narrazioa, "Kafkaren labankada" nobela, "Taxi bat Hamlet-entzat" poema-liburua eta "Galtzontziloak autobusean zintzilik" kronika-liburua.

Hauxe da Alberdaniaren webgunean "Kearen truke" eleberriari buruz irakur daitekeena:

"Noraino iristeko gai da maitale bat maite duen horren peskizan? Are, maite den hori pertsona bat ez baina gauza bat denean. Liburu zahar bat esaterako, inork inoiz ikusi ez duen liburu bat. Arraza aparteko bat osatzen dute liburu zaharren maitaleek. Inor gutxi arduratuko litzateke hirian agure baten heriotzagatik, bestela. Inor gutxi, agure horrek sekretu ilun bat gordeko ez balu.

Sekretu hori argitzen saiatzen da Samuel Elizalde ikertzaile ohia. Elizalde tipo garratza da, ezkorra. Duela gutxi utzi dio erretzeari eta nostalgia zipitzik gabe begiratzen dio inguruari. Inguruak ere sarritan itzultzen dio begirada hotz hori. Ustelkeriaz zipriztindutako hiri honetan, besteak zauritzeko gaitasunak mugiarazten du jendea. Ke artean aienatu edota itzal bihurtzeraino".

Bihar (azaroak 15), Deustuko gizarte-etxean, 20:00etan. Berbaizu elkartearen Irakurlearen Txokoan eta "Azaro, liburu aro" kanpainaren barruan.

Nork: irakurlearen tartea.2006/11/14 18:35:34.964 GMT+1
Etiketak: literatura deustu gorrotxategi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/11/06 09:52:21.556 GMT+1

Paul Auster eta Brooklyngo erokeriak Durangoko liburutegian mintzagai

Durangoko liburutegian ere Irakurlearen tartea sortu da euskaraz. Orain arte, hainbat urtetan gaztelaniazko liburuak irakurtzen ibili eta aritu da irakurle talde bat. Oso modu aktiboan. Eta bertatik sortu da euskarazko liburuekin hasteko asmoa ere.
Esan eta egin.

Urriko lehen asteazkenean bilera egin ostean, hilero liburu baten gainean arituko gara Durangoko liburutegian.

Lehen liburua Paul Auster idazleak idatzitako Brooklyngo erokeriak izango da, eta horretarako Oskar Arana euskaratzailea gurekin izango da.

Kontua da, gaztelaniaz be Paul Austerren liburu bat irakurri dutela, eta horrela hitzaldia mamitsuagoa izango da. Paul Auster batetik, eta Brooklyngo erokeriak izango ditugu hizpide.

Brooklyngo erokeriak, Paul Auster (Alberdania)
Eguna: azaroak 8, asteazkena
Ordua: 20:00
Lekua: Durangoko liburutegia
Kalea: Kurutziaga kalea 13, Durango

Nork: irakurlearentartea.2006/11/06 09:52:21.556 GMT+1
Etiketak: auster literatura irakurlearen durango tartea liburutegia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/10/25 22:29:23.026 GMT+2

Aingeru Epaltzaren hitzaldia, atzeratuta

Aingeru Epaltzak gaur Santutxun (Bilbo) eman behar zuen hitzaldia atzeratu egin dugu, idazlea gaixorik dago eta.

Data berria erabakitzen dugunean, jakinaraziko dizuegu.

Nork: irakurlearentartea.2006/10/25 22:29:23.026 GMT+2
Etiketak: santutxu epaltza literatura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/10/24 19:11:17.389 GMT+2

Aingeru Epaltza Bilbon

Bihar, asteazkenean (urriak 25), Irakurlearen Tartearen 5. ikasturtea hasiko dugu. Orain arte bezala, hilero-hilero elkartuko gara Santutxu aldean, hilaren azken asteazkenetan.

5. ikasturte honi ekiteko, Aingeru Epaltza idazlea ekarriko dugu gurera, "Lasto sua" liburuarekin (Alberdania).

Aingeru Epaltza (Iruñea, 1960) aski idazle ezaguna da, eta berak idatzitakoak dira, besteak beste, "Ur uherrak", "Tigre ehizan" edo "Rock´n´roll" liburu bikainak.

Hauxe da Alberdaniaren webgunean "Lasto sua" narrazio-liburuari buruz irakur daitekeena:

"Lasto suak bero laburra du, ez horregatik da ordea gutxiago erregarri haren garra. Lastozko zortzi zuzi aurkituko ditu irakurleak ipuin bilduma honetan, baina elkarren ondoan gehiago berotzen dutela irudituko zaio. Liburua bukatzean, ez harritu oharkabeko erreduraren bat agertzen bazaio irakurleari larru azalean, edo, nork daki, barrurago.

Euskal gatazkaren ikuspegi tragiko eta futurista erakusten duen kontakizun batekin hasten da liburua, eta gai beraren fartsa alderdia agertzen duen beste batekin ematen zaio akabantza. Tartean, umorez eta samurtasunez -baita krudelki ere- trataturiko hainbat gertakari eta hainbat pertsonaia, irakurleak begia zorroztuz gero, oraintxe bertan leihopetik pasatzen ikus ditzakeenak".

Zatozte! Gonbidatuta zaudete.

Eguna: urriaren 25a, asteazkena
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21

Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.

Nork: irakurlearentartea.2006/10/24 19:11:17.389 GMT+2
Etiketak: santutxu epaltza literatura | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (1)