Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/09/11 00:16:55.368 GMT+2

Mickey Mouse parrandan

Aitzineko urteetan baino tentsio gutiago sumatu nuen Hondarribiko karriketan joan zen larunbatean. Azken asteetan duintasun oro ezabatzeko asmoz paratzen zuten plastiko beltza kentzeko eskaria egin genuen makina bat eragilek. Plastiko beltzik ezean, horia nagusitu zen Hondarribiko karrika nagusian. Gizon eta emakumeek bizitzako arlo guztietan –baita besta giroan ere- eskubide berak ditugula onartzen ez duten horiek Disneyko karetekin atera ziren karrikara. Azken urteotako ikuskizun penagarrian aurrerapauso ttikia da plastiko beltza eraitsi izana. Oraindik, baina, bide luzea dago egiteke normaltasunerako bidean.

Alkatearen hitzek auzia konponbidean paratzeko trazarik ez duela uzten dute agerian. “Herritar gehienak ezin dira okerturik egon” bota zuen. Gizon-emakumeen parekidetasuna ez da gehiengo-gutiengo parametrotan neurtzen ahal. Bere alderdiak bultzatutako legea betetzeko inolako asmorik ez dute. Ez Hondarribian, ez Gasteizen. Eguneroko ekintzetan, besta publikoetan inoiz baino ageriago gelditzen dira borondateak. Kanpoan horrela jokatzen duenak, Mickey Mouseren kareta baten gibelean estali behar duenak, nola jokatuko du etxe barruan?

Harrigarri zait, era berean, Emakundeko, Berdintasuneko zuzendariaren eta Arartekoaren presentziatik haratago, alderdi politiko eta instituzioetako ordezkaririk ez ginen apenas Hondarribian. Ez dugu bide makala gizon eta emakumeen arteko eskubideak parekatzeraino!

Nork: jonabril.2007/09/11 00:16:55.368 GMT+2
Etiketak: alardea berdintasuna hondarribia | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Kaixo! Ez naiz politikan oso aditua baina ulertu dudana gustatu zait zure blogean. Eta nire iritzia eman nahi nuke gai honi buruz. Ni hondarribitarra naiz, emakumea eta 20 urte ditut.

Gure herrian gertatzen ari dena benetan tristea dela guztiok badakigu, herritarrok ere noski. Eta norbaitek normaltasun bat lortu nahi badu, gu gara horren alde lan egin nahi dugun lehenak. Baina ez horrela.

Hondarribian ezker abertzale erradikalak ez du nahi beste indar, festetan ez da beraiei gustatzen zaien giro hori sortzen normalean, beste herri askotan gertatzen denaren aurka, festa ez dute beraiek egiten. Horregatik jo nahi izan dute herriari min gehien emango dion sentimenduaren aurka. Duela 13 urte zioten, hau desfile militar bat zela eta ez zela bidezkoa bertan parte hartzea. Ikustean ez zutela ezer lortu, emakumearen gaiarekin hasi ziren eta noski, aurretik desfile militar bidegabe deitutakoan parte hartzen lehenengoak dira. Eta ongi arduratu dira Hondarribia Euskal Herri osoaren aurrean gaizki uzten. Erraza baita esatea emakumeak jaian ezin duela parte hartu eta irainak jasotzen dituela, eta horren aldeko erantzun masibo bat jasotzea.

Gure alardeak normaltasun batera iritsi behar duela badakigu, emakumeek eta gizonek egoera berdinean parte hartu behar dugula. Jaiak bakoitzak nahi duen bezela bizitu behar ditu, ez gizonak desfilatzen eta emakumeak hori txalotzen. Honek prozesu bat jarraitu behar du baina; gauzak ezin dira egun batetik bestera inposatu eta oraindik gutxiago herriaren aurka jotzeko edozein une erabiltzen duen jendearen aldetik.

Alardea guretzat ez da festa hutsa, sentimendu gozo bat da; Hondarribiak eskeintzen digun sentimendua, unkitzen gaituena bere bizipenarekin. Horregatik hori zauritzen saiatzen den jendearen aurkako jarrera hartu dugu. Hasieran inkoszienteki agian, orain ordea minduta sortutako ingurabar guztiekin.

Emakumearen eskubideen alde egunero borrokatu behar da, gauza txikienetatik hasita, bakoitzak ahal duen neurrian aldaketa txikiak eginez. Guretzat aldaketa suposatzen duen hau, guk bultzatuta burutu beharko da, herritarrak gara gure alardeari bira eman behar diogunak. Eta kanpoko presioek eta irainek ez dute prozesua luzatzea baino ekarriko.

Lasaitasuna behar da, herrian argi eta modu onak erabiliz hitz egiteko, eta gutxi barru emakumearen integrazioa gauzatzeko. Seguruenik, hasieran gauzak ondo egin izan balira, gaur egun denok parte hartuko genuke alardean, eta jaietaz gozatuko genuke pakean. Azken finean sexismoaren irudiarekin mozorrotutako beste gatazka politiko bat baino ez da.

Badakit hau dena irakurtzera iritsi bazara ere, ez duzula nire jarrera ulertzen, eta ez da hori nire asmoa. Asko saiatuta ere Txingudiko badiatik kanpo zaila delako gure jarrera ulertzea. Eta pentsatuko duzu argudioek ez dutela balio gai honetan eta begiak bendatuta ditugula hondarribitarrok. Baina tira, nire iritzia azaltzeko gogoa nuen.

Nork: amaia.2007/09/11 11:52:05.860 GMT+2

Argazki pila bat jarri ditu Gotzone Elu-k. Han bertan eman dut Zaldieroaren gaurko tira ere, polita.

Nork: Iban Arantzabal.2007/09/11 12:25:32.573 GMT+2
http://www.arantzabal.com

Amaiak kontatzen duenari jarraituz, lagunen artean Hondarribian gertatzen denez iritzi ezberdinak entzun ditut; lau ginen eta hiruk zioten eztabaida esajeratu egin dela; ez genukeela zertan eztabaida horretan sartu beharko, gehienak ere kanpotik etorritako ahotsak direla alarde mistoaren alde aritzen direnak. Han ere ez ginen adostasunera iritsi; batek zioen ez dela diskriminazioa egiten, ez behintzat emakumeen kontra diskriminazioa egiteagatik behintzat. Jarrerak jarrera ondorioa da emakumezkoek ezin dutela alarde tradizionalean gizonezkoek moduan parte hartu.
Nire herrian ere egiten da alardea; gurea, baina, Mairuaren alardea izaten da. Gure herrian neskek tanbor-jotzaile, kainoilari eta musikari izateko aukera dute; kapitain eta mairu ez (mairua gutxienezko azkeneko 30 urtean berbera izan delako eta kapitaina orain dela 6 bat urterarte bat izan delako eta harrezkero beste ordezko bat izentatu dutelako), baina beste edozer izan daitezke.
Parte-hartzaile faltak eraginda eratorritako gauza "normala" izan da nesken parte hartzea; pentsatzen dut horrek eraginda izan dela normal-normal ikustea neskak ere kanoi ondoan eta horrela. Eskopetero ez daukat gogoan emakumezkorik ikusi izan dudan, baina badirudi sasoi baten ehiztariek bakarrik zituztenek horrelako armak eurak izaten zirela alardean ateratzen zirenak. Gerora Udalak erosi zituen eta udalaren esku daude.
Dena dela, Amaiak kontatzen duen alardearekiko zaletasun edo barruko sentimendu hori ez dut ezagutzen nik nire herrian egiten denarekiko. Zer egingo diogu bada.

Nork: Marijo.2007/09/11 13:42:23.723 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/marijo

Kaixo Amaia,

lehenik, esker mila bloga bisitatzeagatik, irakurtzeagatik, eta idazteko astia hartzeagatik. Estimatua dago.

Gutitan entzun/irakurri izan dut hondarribitarren bat patxada, sosegu eta oreka horrekin alardeaz. Ez nago guztiz ados diozun guztiarekin. Sentimenduak herri guztietako jaiek eragin ohi dizkigute, bakoitzari gure herrikoek. Ezin da neurtu zeinek eragiten duen sentimendu gehiago eta zeinek gutiago.

Baina uste dut gaia ezin dela sentimenduen terrenora eraman, edo ez behintzat, sentimenduenetara bakarrik. Tartean, eskubideak daude jokoan. Eta besta, aldarri publikoa den neurrian, gizarteen aldaketen lekukotza nagusia izan behar dute.

Arrazoia duzu gaia bertze moduren batera landu behar dela diozunean. Erabat ados! Eta horren alde eginen dugu. Baina aukerarik ere ez da izan gaia bertze moduren batera lantzeko. Lehenbiziko urteetako bortizkeria, krudelkeria hainbertzekoa izan da! Gatazka guztietan bezala, denborak edo negoziazioak bakarrik bideratu dezakete auzi hau. Eta orain arte agintean egon direnek (Irunen eta Hondarribian) ez dute zuzen jokatu. Euren ideiak, euren ikusmoldea edukitzeko eskubide osoa dute, eurena defenditzeko, baina alkate diren neurrian, herri guztiarentzat agintzen dutela ezin dute ahantzi (eta urtero ahantzi dute!), ez guti batzuentzat, ez gehiengo batentzat, ez soilik euren botuemaileentzat. Ez. Politikan, botuek duzun indarra neurtzeko balio dute, baina politika ez da soilik norberaren botu emaileentzat egin behar. Guztientzat baizik. Herritar guztiek behar dute berdinak eskubideetan eta betebeharretan. Ideologia batekoek eta bertzekoek, botua eman dutenek eta eman ez dutenek.

Eta horretan alkateek egin dituzten hutsuneek gatazka gaiztotu baino ez dute egin. Horregatik hartu du mediatikoki horrelako oihartzuna.


Horregatik, kosta egiten zait erabat diozuna ulertzea. Baina eskertzen dizut tonua, gogoeta eta asmoa. Horrelako jarrera luketen gehiagorekin, adostasuna lortua legoke. Barrutik bultzatu behar duzue aldaketa, gogoeta. Baduzue lan franko, eta behar duzuenerako prest gaude. Guk ez dugu etsiko.

Nork: Jon Abril.2007/09/11 15:35:20.603 GMT+2
www.blogak.com/jonabril

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru