Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/11/02 23:17:03.609 GMT+1

Ohar garrantzitsua


Atzo, Domusantu eguna, mezatara joan ez zineten sinesgogor halakook ez duzue jakingo -ez baitzenituzten atzoko irakurgaiak entzun, eta horregatik diotsuet, jakinaren gainean egon zaitezten- Apokalipsia heltzen denean 144.000 pertsona baino ez direla salbatuko; beste guztiak, sutara.  Egin diren kalkulu fidagarrienen arabera mundu petral honen historia guztian 106.456.367.669 pertsonak izan du bizitzeko aukera; beraz, eta matematikek ez badidate –beti bezala- hutsegiten, inoiz izan diren gizaki guztien ehuneko 0,0001 baino ez da salbatuko; beste guztiak, sutara. Eta gure markagailuan kontuak honakoak dira:
 

Salbatuko dira: Ehun eta berrogeitalau mila.
Ez dira salbatuko: Ehun eta sei mila laurehun eta berrogeita hamasei milioi berrehun eta hogeitahiru mila seiehun eta hirurogeitabederatzi.

Eta esango duzue: Zertara dator gaurko mezu hau? Ba, tira, estimatzen zaituztedanez, eta badakidanez jakin ez zaretela oso-oso elizkoiak prezisamente, ba, abisatzearren, horretara dator ohar garrantzitsu hau; ez dezazuela gero esan: nik ez nekien, nik uste nuen...  Ba, hori, gaur bertatik aurrera, zintzo-zintzo ahaleginak egin, gogotik, ea ehuneko zero-koma-zero-zero-zero-bat horretan sartzeko aukera irabazten dugun.  Amen.

 

Nork: Jozulin.2006/11/02 23:17:03.609 GMT+1
Etiketak: salbazioa erlijioa | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Kaixo,

 

Mila alditan “eskerrak” emateko betarik ez dudanez, “mila esker” esan beharrean “eskerrikasko” esango dizut... Hamaika aldiz entzun ditut honelako nahasmenak (eta ez prezisamente “hamaika” alditan). Pentsatzen jarrita, ez dakit... otu zaizun lehenengo gaiaz hitz egiten hasi eta hanka hondoraino sartu duzun, edo nahita sartu duzun hanka, gai hau honela planteatuta komikoa geratu zitekeela pentsatuz. Baina egia da, apokalipsiaren liburuaz ezertxo ere ez dakien norbaitek literalki interpretatu dezakeela testua. Bibliako beste pasarte askorekin ere berdina gertatu ohi da batzuetan. Kezkatu zaituen zenbaki horretara laburbilduz (bestela luzeegi joko bailidake), jakin ezazu 144000 = 12 x 12000 dela. Zenbaki horrek, osotasuna eta ugaritasuna adierazten du. 12 zenbakiak Jainkoaren herri osoa sinbolizatzen du, garai batean hamabi leinuetan banatua (beraien pentsakeran). Hamabi apostoluekin, eta kristau filosofiaren arabera, Jainkoaren herri hori ez da hamabi leinu horietara (herri konkretu batetara) mugatzen, mundu guztira baizik. Beraz, argi dago, itxaropenezko mezu bat eman nahi dela. Eman duzun link-ean bertan, zenbakia aipatzen den tokian izartxo bat dago, bertan klik eginez gero hau gogorarazteko, oso oso despistatuta dabilenari... Gainera, testua irakurtzen jarraituz gero, honakoa ere ikusiko duzu: “Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen ...”. Bada, garbi dago, 144000 zenbakiak ugaritasuna (Jainkoaren herria bere osotasunean) adierazten duela.

 

Agur, eta ondo izan!

Nork: gari.2006/11/03 08:59:00.602 GMT+1

Ez naiz, prezisamente, elizkoia, baina, horrelako kontuak ikaragarri interesgarriak iruditzen zaizkit. Segi horrela, segi! eta eskerrik asko bioi!

Nork: Izaskun .2006/11/03 15:00:11.823 GMT+1

>>edo nahita sartu duzun hanka, gai hau honela planteatuta komikoa geratu zitekeela pentsatuz.<<

Bai, Gari, umorearen bitartez agertu nahi nuen salbazioaz hitz egitearen absurdua; kopuruez aritzea, are absurduago egiten du, besterik ez. Hala ikusten dut nik, behintzat.

Eskerrik asko Gari eta Izaskun, irakurtzeagatik eta are gehiago erantzun eta parte hartzeagatik.

Nork: Jozulin.2006/11/06 13:10:31.095 GMT+1

“Salbazioaz hitz egitearen absurdua” salbazioa zeri esaten zaion jakin gabe hau kritikatzea bada, ados nago. Eta, "kopuruez aritzeak, are absurduago egiten du", bai, nire ustez.

Nork: gari.2006/11/07 09:49:44.540 GMT+1

apa!

nere irakurketa beste bat da ba,
salbaziorako aukera hain txikia izanik,
eta kontuan izanik kasualitate handiegia litzakela
niri tokatzea halakorik hain probabilitate txikia egonik,
aprobetxa eta gozatu, eta ez egin elizari kasorik!!!

Nork: satortzulo.2006/11/07 11:55:47.717 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.