Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/02/29 16:23:46.786 GMT+1

Batzen gaituena

Rosa Díez-en Nortasun Agiri Nazionala 2017ko otsailaren 17an iraungiko da. Gizarte osoaren esku jarri duen informazioa da hori, UPyD alderdi berriaren karteletan agertzen baita bere agiriaren erreprodukzio handi bat. NANaren alboan, leloa: Lo que nos une (Batzen gaituena). Leloak berdin balio du telefono konpainia baterako zein Ibilaldirako.


«Partidu nazional bat gara eta Espainia hiritar aske eta berdinen nazio baten moduan ulertzen dugu». Hala diote UPyDko web orrian. Eta batasun eta berdintasun horren sinbolorik erakargarriena NANa iruditu zaie. Guztiok inposizioz sakelan eraman behar dugun plastiko zati hori. Aireportuetan bekozko iluneko guardia zibilei erakutsi behar zaien agiria. Supermerkatuko kutxazainek mesfidati begiratzen dutena. Chapeau, neska-mutilak!

Izan gaitezen serioak. Espainia barruko «sentsibilitate nazionalak» alde batera utzita ere, inork gutxik gustuko duen dokumentua dugu NANa, ditxosozko agiria berritzeko ilara batean laster konprobatuko duzuenez. Zeren eta, hiritar guztion identifikazio sistema hau estatuaren onurako baldin bada, zergatik hainbeste eragozpen, dokumentua berritu edo atera behar dugunean? Zergatik komisariarainoko erromeria? Zergatik goizeko seietatik bertan itxaroteko beharra? Zergatik ordutako ilarak? Are gehiago, Estatua baldin bada NANaren jabe, zergatik ordaindu behar dugu edukitzera behartuta gauden plastikotxoa? Baina tira, Rosa Diez ez da 2017ra arte honetaz kezkatu behar.

NAN sistema 1944an jarri zuen martxan kaudilloak. Presoak eta baldintzapeko askatasuna zutenak izan ziren beren agiria formalizatzeko lehenengo «aukeratuak». Hortik aurrera hiritar guztiengan zabaldu zen obligazioa: guztiok gara preso potentzialak, badakigu. Francok berak 1go zenbakia erreserbatu zuen bere buruarentzat.

Eta hala ere, UPyD espainiar guztiok batzen gaituena zer izango eta NANa bururatu zaie. Noski batzen gaituela. Halabeharrez. Inposizioz. Izorratuz.

UPyDkoek, NANa sinbolo gisa aukeratuz, beren burua erretratatu dute, eta erretratuan ez dira ageri Rosa bere NANeko argazkian bezain irribarretsu.

Nork: Katixa.2008/02/29 16:23:46.786 GMT+1
Etiketak: rosa_diez upd hauteskundeak kontrakanpaina berria | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Tira, ados nago, ez dot uste batzen gaituena NAN danik. Bizkaian behintzat argi dago zer batzen gaituen (neu izan ezik): Atletidxa. Baina ondo dago salbuespenak egotea, jente arraroa egotea...

Baskistan osoa kontutan hartuta, badago gauza bat batzen gaituena (neu barne), eta ez da NANa: Errioxako ardaua! Mahai batean bildu oinaztarrak, ganboatarrak, librepentsalariak, naburroak, jakobinoak, unionistak eta munduko-uritarrak-dirala.esaten-daben-unionistak, eta laga Errioxako ardaua muga barik zirkulatzen. Luze barik, sorbaldetatik helduta "Lau teilatu" abesten baietz amaitu!   

Nork: patxi lurra.2008/03/02 21:51:44.462 GMT+1
www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra

Nire gaztetasuna gogoratuz, penintsulatik kanpo "ikastera" joan nintzen orduan, kontinenteko hainbat jende pirineoetako bi aldeetan zuhaitzak (eta mahastiak) "libertate berberaz" hazten zirela aipamenarekin batera, espainako jendearen NANak gaizkileen fitxa poliziala zirudiela zioten. A ze lotsa!

Nork: Goñiko J..2008/03/04 19:04:22.763 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.