Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/02/12 10:06:50.570 GMT+1

Habitat berria

Habitat berria lortu dut...

zu ere gonbidatuta zaude.



Nork: Katixa.2009/02/12 10:06:50.570 GMT+1
Etiketak: habitat | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2009/02/06 10:57:35.589 GMT+1

Datorren astean...

Liburu berria...



Eta blog berria!



Asteburu ona pasa!

Nork: Katixa.2009/02/06 10:57:35.589 GMT+1
Etiketak: blog liburuak | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2009/01/30 12:20:57.836 GMT+1

Neo-eskaleak

Eskale bat egokitu zaigu etxe azpian, arkupeetan. Ez da eskale konbentzionala: ez da zikina, ez du atzamarrik gabeko eskularrurik, ez diot kartoizko oherik ikusi. Gaztea da, guapoa dela esan daiteke, eta, aurikularrak belarrian, mp3aren konpainian igarotzen ditu egunak.

Baina dirua eskatzen du. Edonori. Modu goxoan. Bereziki neskak ditu jomugan. Niri zuzentzerakoan, euskara ere tartekatzen du: "Kaixo, barkatu, oye, una preguntita, mesedez…". Eta galderatxo hori dirurik emango ote diodan izan ohi da. Aurpegi arraroa jartzen diodanez bere egoeraren nondik norakoak azaltzen dizkit, gaztelera hutsean oraingoan: "Gurasorik gabe nabil eta, badakizu, dirua behar dut…". Bere albotik pasatzen naizen bakoitzean, informazio gehigarria eskaintzen dit. Azken egunean, "asistentearen laguntza" ailegatzen zitzaion bitartean eskatzen ari zela argitu zidan, eta gero berriz errepikatu "gurasorik gabe" zebilela.



Ez dut oso ondo ulertzen zer esan nahi didan horrekin. Hil egin direla? Gurasoen etxea utzi duela? Gurasoek etxetik bota dutela? Bat edo bestea izan, ez dut ondo harrapatzen mutilaren logika. Garai bateko eskaleek hiru seme-alaba eta amaginarreba bat beren kargu zutela argudiatu ohi zuten. Langabezian egoteagatik ezin zutela prolea behar bezala zaindu. Eta laguntza eskatzen zuten horregatik.

Mutil honek ez du familia baten erantzukizuna aurkezten baizik eta kontrakoa: familia eza. Ez lan eza, ezta etxe eza ere, ez: guraso eza. Ando sin aitas y… esan ohi du aurikularrak kendu gabe. Hau da, diru eta ondasunen hornitzailerik gabe dagoela.

Ez dakit tipoak izugarrizko kopeta duen edo eskale espezie berri baten alea ote den. Gaztea, kualifikazio eta enplegurik gabekoa (hala diote estatistikek, lehen hezkuntzatik pasa ez direnen artean langabezi tasa izugarria dela egun) eta sostengurik emango duten gurasorik gabe. Neo-eskaleak. Mp3 batekin. Baina kale gorrian, usadio zaharrak jarraituz.

Nork: Katixa.2009/01/30 12:20:57.836 GMT+1
Etiketak: eskaleak krisia | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (1)

2009/01/27 18:39:20.848 GMT+1

Bihar, "La lutte finale" Irakurlearen tartean

Hileko azken asteazkenean azken borrokara gonbidatuta zaude. Joxean Agirre etorriko zaigu Santutxuko Irakurlearen tartera. La lutte finale (Elkar, 2008) bere azken nobela izango dugu hizpide. Hori eta urak ekartzen diguna.



Ohiko moduan Arbide kaleko AEK euskaltegian  zain izango gaituzu, 8etatik aurrera.

Eta ohi bezala, galdera edo iruzkinik bazenu, baina txaluparik ez Bilbora etortzeko, hemen ere utz dezakezu esateko duzun hori.

Nork: Katixa.2009/01/27 18:39:20.848 GMT+1
Etiketak: joxean_agirre lutte_finale irakurlearen tartea liburuak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/01/23 09:57:02.941 GMT+1

Letretako Obamak

Pasa den urteko Ramon Llull saria, katalanezko letretan garrantzitsuenetakoa (90.000 euro, aizue) Najat El Hachmi idazleak eskuratu zuen. El Hachmi Marokon jaioa da, baina zortzi urterekin emigratu zuen Kataluniara (orain 29 ditu). Emakumea, gaztea eta jatorriz, marokoarra: dena dauka letra katalanen Obama titulua eskuratzeko.



Katalanez idaztea ez zela berez aukera bat adierazi du idazleak. Bere testuingurua katalana zen, idazten ikasi zuenean, katalanez ikasi zuen. Naturala da berarentzat katalanez jardutea. Katalunian katalana idazten duten immigranteen fenomenoa ez da hain arraroa. Gaur egun Matthew Tree ingelesa edo Laila Karrouch marokoarraren izenak nahikotxo entzuten dira.

Baina tradizioa XX. mendearen erdialdeko beste inmigrazio horretatik dator, Andaluziatik, Extremaduratik edo Murciatik etorritako jende andana horrengan. Inmigrante horien ahotsa Paco Candel izan zen, Els altres catalans liburuan Franco garaiko langile ibiltari horien aztarna jaso zuena.

Konparazio oro gorrotagarria dela jakinda ere, utzidazue gorrotagarria izaten momentu batez. Imajinatu dezakegu marokoar, errumaniar edo ekuadortar jatorriko euskal idazlerik? Bai? Noizko? Hamar, hogei urteren buruan? Inmigranteen bigarren belaunaldira itxaron behar al dugu? Ume marokoar, errumaniar eta ekuadortar horiek beren eskolaratze prozesua euskaraz bukatuko duten momentuan al dago gakoa? Hori bakarrik? Berez erakarriko al ditu euskal literaturak idazle potentzial horiek? Modu "naturalean" erabiliko al dute euskara beren literatur jardunean?

Zalantzak dauzkat. XX. mendeko inmigrazioaren garaian ere, hemen ez zuen inork Beste euskaldunak izeneko libururik idatzi.

(Eta zera gehituko nuke, beste behin gorrotagarria izaten eta gauzak nahaste aldera: Kataluniako presidentea Kordobako Montilla da; gurean, ordea, oraindik ere txisteak egiten dira Portugaleten jaiotako Lopez lehendakarigai bat dela eta ez dela).

Nork: Katixa.2009/01/23 09:57:02.941 GMT+1
Etiketak: el literatura najat hachmi inmigrazioa obama | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2009/01/20 09:41:29.451 GMT+1

Sautrelan, Istanbul

Apirila zen eta hala ere elurra ari zuen Istanbulen. Mezkitetan sartzeko erosi nuen pashmina buruan ondo bilduta neraman.


Mehmetek gauza interesgarriak kontatzen zizkigun, bere herrialdeari barre egitea gustuko zuen. Begira gizon guztiak, tabernan, lanik ez dagoelako kexuka, eta begira hor emakumeak, lanean egun osoan, gelditu gabe.


Guk ere egiten genuen barre.


Norbaitek galdetu zion: Mehmet, zergatik daude Turkiako banderak balkoi guztietan zintzilik?


Kurduengatik, esan zuen, pasa den astean, beren ospakizun batean, gure banderak erretzen ibili ziren. Eta ezin dugu hori onartu, ezta? Ezta?


Apirila zen eta hala ere, elurra ari zuen Istanbulen

Nork: Katixa.2009/01/20 09:41:29.451 GMT+1
Etiketak: hiriak sautrela istanbul | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/01/15 16:05:28.008 GMT+1

Iñaki Encinari bigarren elkarrizketa

Iñaki Encina lagun eta opera zuzendariari elkarrizketa bat egin nion Parisen bisitatu nuenean, pasa den azaroan, eta orain ARGIA astekariak argitaratu du. Iñakiren berri jakin nahi baduzue, sartu hemen edo erosi aldizkaria.

Hauxe da bizitzan burutu dudan lehenengo elkarrizketa. Karrerako lehenengo kurtsoan bagenuen Informazio Generoak izeneko ikasgai bat, eta bertan astero genero informatibo bana jorratu behar genuen: kronika, erreportajea, elkarrizketa... Elkarrizketa egitea egokitu zitzaidanean Iñaki Encina berari egitea otu zitzaidan. Garai hartan piano laguntzaile ikasketak egiten zituen Toulousen, eta interesgarria iruditu zitzaidan bertako bizimoduaren berri elkarrizketan kontatzea.

Arazo teknikoak tarteko (Iñakik ez zuen e-mailik garai hartan, beti izan da motel samarra kontu hauekin) nik neuk dena asmatzea erabaki nuen. 

Orain, iruzur hura konpontzeko aukera izan dut, eta hemen duzue Iñaki Encinari egindako elkarrizketa guztiz erreala.

Gosaldu bitartean egin nuen elkarrizketa. Hori bai, argazki saiorako Iñakik pijama erantzi zuen (kaleko arropa jartzeko, ulertzen da).


Nork: Katixa.2009/01/15 16:05:28.008 GMT+1
Etiketak: encina opera argia iñaki elkarrizketa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/01/11 18:55:09.462 GMT+1

Sautrelan, Mexiko hiria

Unibertsoaren erdigunea Mexiko hirian dago. Zehatzago esanda, bere enparantza nagusian, hau da, Zokaloan. Hori hala da aztekek bertan Tenochtitlán hiria eratu zutenetik.


Hernán Cortés-ek profesionaltasun handiz txikitu zuen Moktezumaren hiria, baina enparantza nagusia errespetatu zuen, Nueva Españako erdigune bihurtuz, Mexikoko independentzia gauzatu zen arte. Independentziak eskatzen zuen oroitarria ez zen inoiz eraiki, zokalo bat baino ez zuten zutitu enparantzaren erdian. Laster hura izan zen plazaren izena: zokaloa. Eta ordutik izen bera hartu dute Mexikoko hiri guztietako plaza nagusiek.




Unibertsoaren erdigunea zatikatuta dago egun, Mexiko osotik barreiatuta. Baina bisitariak DFko zokaloan soilik izango du unibertsoaren erdigunean egotearen sentsazioa.

Nork: Katixa.2009/01/11 18:55:09.462 GMT+1
Etiketak: hiriak sautrela df mexiko | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/01/08 19:12:10.897 GMT+1

Ahaztu aurretik

Ahaztu aurretik, urte berri on guztioi. Zer moduz dena? Elurra-eta? Lana-eta? Nik, Tenerifeko eguzki-dosi oparoarekin hasi dut urtea, beraz, ez naiz kexatuko momentuz.



Ahaztu aurretik, agenda bat behar dut. Galduta nabil bera gabe. Elektronikoa baldin bada, hobe. Eta telefonoarekin bateratu badaiteke, perfekto. Zer erosi? Blackberry itsusi horietako bat? Agenda daramate barruan? (Merke daude Movistarrekin, horregatik galdetzen dut).

Lagundu, mesedez, 2009. urteari ekin ezinik nabil.

Eguneraketa:
Joder, post pijoagorik ezin zitzidan geratu. Tenerife eta Blackberry lerro berean. Ni ez naiz horrelakoa, benetan!

Nork: Katixa.2009/01/08 19:12:10.897 GMT+1
Etiketak: 2009 blackberry agenda | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2008/12/15 14:06:29.567 GMT+1

Kirmen Uriberekin berrabiaraziko dugu Irakurlearen Tartea

Oporraldi luuuuuze baten ostean, datorren ostegunean, hilaren 18an, martxan jarriko dugu atzera berriz Mahatserriko Irakurlearen Tartea.
Kirmen Uribe izango dugu gonbidatu. Bilbao-New York-Bilbao bere lehenengo nobelaz berarekin hitz egin nahi baduzu, badakizu non egongo garen. Eta ez badakizu, segituan argituko dizut.

Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga)
Abenduak 18, ostegunarekin, arratsaldeko 20:00etan.



Etortzerik ez baduzu, zure galdera edo iruzkinak utzi ditzakezu komentarioen txokoan.

Sautrelan elkarrizketatu dute dagoeneko.

Eta Beñat Sarasolak Berrian egindako kritikak polemikarako aukera pizten du.

Bertan ikusiko dugu elkar?

Nork: Katixa.2008/12/15 14:06:29.567 GMT+1
Etiketak: new_york irakurle bilbao uribe tartea kirmen | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)