Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/03/05 15:27:35.693 GMT+1

D'Hondt-en errua

Nor da D’Hondt? Zergatik inposatu zigun bere legea? Eta, batez ere, zergatik eskatzen dizkiote kontuak D’Hondt delakoari, hauteskundeak hurbil dauden guztietan? Adi tipoaren curriculumari. D’Hondt-en erruz, IU ez da inoiz hutsaren hurrengoa baino gehiago izango Espainiako kongresuan (boz gehien lortzen dituen hirugarren alderdia izanik, seigarrena da ordezkari kopuruan). D’Hondt-en erruz, Soriako boto batek Madrileko bost botoren pisua dauka. D’Hondt-en erruz, PP %4,58 batez gain-ordezkatuta dago hemizikloan. D’Hondt-en erruz, Espainia maite ez duten alderdi erregionalista askok nazioa gobernatzeko giltza eskuratzen dute, barrutik nazioa suntsitzea helburu.

Wikipediak eskaini dit lehenengo galderaren erantzuna. Victor D’Hondt (1841-1901) Ganteko irakasle eta matematikari bat zen. Ordezkapen sistema proportzional bat lortu nahi zuen, etorkizuneko sistema parlamentarioetan erabilia izan zedin. Bere helburua bete eta ederra egin zuen D’Hondt zaharrak! Ziur zuek ere denetarikoak entzun dituzuela D’Hondt-i buruz.

Baina honetaz pixka bat dakitenek diotenez, arazoa ez da proportzio-formularena, baizik eta zirkunskripzioaren tamainarena. Hau da: D’Hondt-ek ondo diseinatu zuen bere sistema, baina gaizki aplikatzen da Espainian. Gaizki, zirkunskripzioa probintzia den bitartean. Probintzia asko oso gutxi populatuta daude, eta diputatu gutxi jokoan daudenean, erraza da monopolioa eskuratzea. Probintzia handietan, berriz, diputatu batek boto asko kostatzen du, berriz ere partidu handien mesederako. Ikusten denez, gaur egungo hauteskunde-legeak lotuta eta ondo lotuta uzten du bipartidismo eta alternantziaren auzia. PPSOE ez da lerdoa: ez du ezer egingo hori konpontzeko. Eta ez du ezertarako balio D’Hondt gaixoari errua botatzea, arazoa zirkunskripzioarena delako. Eta nork dio barrutiak probintzia behar duela izan? Hori konstituzioak dio, 68. artikuluan hain zuzen ere. D’Hondt larrutzea erraza da, baina nor ausartzen da esatera konstituzioa aldatu nahi duela?

Nork: Katixa.2008/03/05 15:27:35.693 GMT+1
Etiketak: d hondt kontrakanpaina hauteskundeak berria | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Oso egokia, eta beharrezkoa, zure iruzkina D'Hont jaunari eta hauteskunde-barrutiei buruzkoa. Goizean irakurri dizut Berrian, eta ene buruari erran diot jakinarazi behar nizula nire onespena, zure blogean ateratzen bazenuen. Ba, horixe!

Nork: Bixente.2008/03/05 16:35:56.742 GMT+1

Eta ez Espainian bakarrik. EAEn ere, gauza bera: 25 parlamentari hautatzen ditugu probintzia bakoitzean, eta hortik, gipuzkoar baten botoak bizkaitarrarenak baino gehiago balio izatea. Eta arabarrarenak, gipuzkoarrarenak baino askoz gehiago oraindik.

Nork: Josu.2008/03/05 16:37:32.679 GMT+1
http://eibar.org/blogak/josu

Benetan gazte eta akatsez betetako demokrazia dago Espainian, beste estatuetako sistemak ez ditut ezagutzen, baina Espainiakoa justua behintzat ez dela argi dago.

Bipartidismoaz kexatzen garenok ez dugu soluzio errazik aurkituko, sistema honi hedabideek bipartidismoari ematen dioten indarra gehitzen badiogu (asteleheneko eztabaida...) eta kontuan hartuta Konstituzioa ezin dela ukitu Canovasen sistemak luzaroan jarraituko duela dirudi.

Betiko bezala tresnak ondo sortzen dituzte baina ondoren aplikatu behar dutenek geizki aplikatzen dute.  D`Hontdeizula

Nork: Demonocrazy.2008/03/05 20:40:16.991 GMT+1
http://www.goiena.net/blogak/demonocrazy/

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru