Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/02/06 01:23:43.222 GMT+1

Elur-gortina

Ke-gortinen garaia pasa da. Orain telebista guztietan modan dagoena elur-gortinak dira. Elurra aipatu dut baina haize, euri, txinparta ere erabilgarriak dira. Fenomeno metereologiko orok balio du nahaste joko horretan. Eta ez muturreko horiek: tsunami, tornado, ekaitz perfektuak. Eguneroko horiek ere bai.

Informatiboetako zuzendariek zuzenean igogailuetatik datozen elkarrizketak harrapatu eta beren espazioetarako lehengai pribilegiatu bihurtu dituzte. Eta gaur zertaz hitz egingo dugu? Estatutuari buruz eta eguraldiaz. Eta bihar? Batasunaz eta eguraldiaz. Eta hurrengoan? Auzitegi Nazionalaz eta eguraldiaz. Erraza benetan agenda horrela doitzea.

Zergatik egunero-egunero, kanala edozein dela ere, eguraldiari buruzko berriak entzun behar ditugu? Kontutan hartu informatibo guztien bukaeran badagoela eguraldiari espresuki dedikaturiko espazioa. Baina horrekin ez omen da nahikoa. Ez, eguraldiari etekin askoz handiagoa atera diezaiokegu.

Neguan gaude eta hotza da nagusi. Hau albistea hau. Udan gaude eta eguzkiak gogor jotzen du. Berri aparta inondik inora! Euria egiten duenean: hau aipatu beharra dago. Euria ez badu egin: hara hor lehortearen inguruko albistea. Sikiera alderantziz balitz. Neguan 30 gradutako tenperatura bagenu, abuztuko lehenengo egunetan elurrarekin esnatuko bagina…

Zergatik eguraldiarekiko obsesio hau? Erantzuna berehala dator: gai garbia da, aseptikoa, erraz eta gehiegi dokumentatu gabe tratatu daitekeena, guztion esperientziari atxikia nolabait eta beraz guztion interesekoa behar lukeena. Baina nik leihotik begiratu eta badakit euria ari duela. Ez dut horretarako telebistaren konfirmazioa behar.

Gainera, gai interesgarri horrekin galtzen dituzten hamar minutuetan gortina bat zabaltzen ari direnaren susmoa dut. Elur, txingor edo haize gortina gure begien aurrean. Beste zerbait estaltzeko. Igogailuetan, arrotzaren aurrean sentitzen dugun deserosotasuna estaltzeko, eguraldiaz hitz egiten dugunean bezalaxe.

Nork: Katixa.2006/02/06 01:23:43.222 GMT+1
Etiketak: hedabideak eguraldia | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

bada denbora pixkat eguraldiaren berriez ni ere nazka-nazka eginda nagoena, iñoiz baino etxebizitza ederragoak, sekula baino garraiobide hobeak, inoiz baino erropa hobeak, gore texak, polarrak... ez dut ulertzen, beti alarma sortzen gainera, ez dakit zenbaterainoko haizeteak datozela, eurijasa izugarriak... nik uste etxean sartuta eduki
nahi gaituztela

Nork: satortzulo.2006/02/06 12:41:10.828 GMT+1

Nork: luistxo.2006/02/07 09:15:51.599 GMT+1

Telebistako eguraldi albiste errepikakorren gainean neuk ere idatzi nuen txorakeria bat duela hilabete batzuk egunkari baterako, eta neure blogerako.

Nork: luistxo.2006/02/07 09:17:07.568 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/luistxo

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru