
Humboldt loroaren alboan geratu zen, belarria zorroztuta, eta azkenean Atur hizkuntza zaharraren berrogei hitz inguru deszifratzea lortu zuen. Horri esker daukagu gaur egun Atur herriaren berri.
Fidela Bernat 1991eko otsailaren 23an hil zen, 93 urte zituela. Bera zen erronkarierazko azken hiztuna. Hogei urte baino gehiago zeramatzan Nafarroako ipar-ekialdeko euskalki hura erabili gabe bere Humboldt partikularra agertu zitzaionean, eta horri esker bere jarduna ondo erregistratuta geratu da.

Izaba, eliza-gotorlekuaren irudi bat
Izabako herri xarmantean ireki berri duten Oroipenaren Etxea museoan entzungai dugu Fidelaren ahotsa, eta zoragarria da segaz, almadiaz eta antigoaleko beste hamaika tresnez betetako aretoan andre zaharraren jarioari adi geratzea. Ez da guztiz arrotza bere uskara, nahiz eta andrea, hizkuntza zaharraz ez oso seguru, entzuleak ulertuko ez ote duen beldur izan, sarri-sarri galdetzen baitu: entelegatu duna ze erran duran? Eta bai, gutxi gorabehera entelegatzen dugu, zenbait minuturen buruan ohitzen hasten baikara erronkarieraren bitxikerietara: keben, zren, dra, anitx onki (hemen, zeren, dira, anitz ongi)…

Almadia Burgin
Almadiak galdu dira, ahaztu dira antigoaleko tresna guztiak, itzali zen Fidela ere, eta hala ere bere ahotsa bizirik da. Erronkariko ibaxan euria goiti-beheti ari duenean, babesleku paregabea da Oroipenaren Etxea. Erronkariera entzuteko, adibidez, eta geure baitarako esateko: “Hau ez da guztiz arrotza, eta entelegatzeko gauza bagara, ez da guztiz galdu, ez da oroipen hutsa, Atur herria den bezala”.
Eskerrik anitx, Fidela.

Erantzunak
Nork: Irakurle.2008/06/06 14:06:09.573 GMT+2