
Galduta nuen, ordea, betiko galduta gainera, nire telefono-agenda. Ehunka zenbaki, ehunka pertsonekin lotzen ninduten kode magikoak. Urte askotan eta pazientzia handiz bildu eta ordenaturiko zenbakiak. Lapurretaren osteko lehenengo egunetan ingurukoei eskatu nizkien telefonoak, baina gero nire zenbaki-bilketa eten egin behar izan nuen, nire eta besteen oporrak tarteko. Nire agendan zenbaki gutxi zeuden, nire inguru gertuko jendearenak guztiak, berrogei bat edo.
Egunek aurrera egin zuten eta konturatu nintzen ez nuela faltan sentitzen galdutako zenbaki sorta. Zintzoki hitz eginda, zenbaki batzuk ez nituen sekula erabili. Auskalo noiz eta zein zirkunstantzietan elkartrukatutako zenbakiak ziren, "deituko dizut" promesa faltsu batekin batera seguru aski. Are okerrago, zenbait izenek ez zidaten deus esaten. Nor arraio zen B letran gordeta nuen Blanca hori, horrela, abizenik gabe? Beste batzuk antzinako lagun, ezagun edo akaso maitaleen zenbakiak izango ziren, balio sentimental itzelarekin, ados, baina balio praktikorik ez zutenak batere. Iragana ezin da berreskuratu, are gutxiago alferreko telefono-zenbakiak gordez.
Onartu egin dut hori eta zerotik hastea bezala izan da. Armairuan garbiketa egitea bezala. Bizitza berri bat. Ekipaje arinagoarekin.
(Honek ez du kentzen, ordea, hurrengoa: zure telefonoa izan beharko nukeela uste baduzu, bidalidazu, mesedez, nire lagun guztiek nik baino telefono gehiago dauzkate eta).

Erantzunak
Nork: Blanca.2008/10/03 16:02:44.310 GMT+2
Blanca, bidalidazu zure zenbaki, mese, eta jarraituko dugu ondo pasatzen.
Nork: katixa.2008/10/06 10:46:09.869 GMT+2
Bestalde, aldez aurretik ere ez zenuenez nire telefono-zenbakia ez dut uste oraingoz beharko duzunik. Ez naiz eulituko Blanca bezala :-D
("euliak", irakurtzeke daukat oraindik liburu bat gogorarazi dit)
Nork: Iñaki Murua.2008/10/08 00:09:59.959 GMT+2
http://imurua-botxotik.blogspot.com/
Nork: Iñaki Murua.2008/10/08 00:21:46.253 GMT+2
http://imurua-botxotik.blogspot.com/