Ama ari zitzaidan kontatzen garai horretan bertan ezagutu zuela berak aita. Hogeita bi urte bete berriak, moja-eskola batean zebilen klaseak ematen. Egun horretan, martxoaren hiruan, ez zen, ohi zuenez, Zaramagara inguratu, bere ama –nire amona– gaixo zegoela eta zaindu behar zuelako. Baina berehala enteratu zela gertatutakoaz, hiri osoa enteratu zen moduan.
Hitz egiten duen bitartean aitari begiratzen dio. Gu baino aurreratuago dago, lepoa luzatzen. Pausua moteldu dugu eta konturatu gabe, geldirik geratu. Zer gertatzen da? Geldirik dago manifestaldia. Hor aurrean, bi edo hiru furgoneta, eta kasko ugari.
Amak bere kontaera moztu du, goazen aurrerago, esaten dit, ea zer gertatzen den. Aurreratzen gara, beraz, ia lehenengo lerrora hurbildu arte. Ika-mikak. Hainbat oihu eta jendea urduri. Baina zer gertatzen da? galdetzen du amak. Eta pilotakada baten soinuak erantzun dio. Pum.
Korrika hasi gara apal, gertatzen dena sinistu gabe. Pinu baten atzetik begira gelditu gara. Beste pilotakada batzuk. Alde egiteko esaten digute gure ingurutik pasatzen direnek. Taberna baten atarian kokatuta, aita galdu dugula konturatzen gara. Nebaz kezkatzen da gehiago ama, manifestaldira bere lagunekin etorri dena. Ez nuen espero, ez nuen espero, txundituta dago ama, ez hemen, gaur bezalako egun batez.
Baina, bai, ama, 2006ko martxoaren hiru honetan, hemen gaude, aterpe bila.
Hogeita hamar urteren buruan, nire seme-alabei gaur gertatutakoa kontatzen badiet, harrituko dira? “Horiek garaiak” esango al didate?
Hala espero dut, benetan.

Erantzunak
Niretzako gauza bakarra da norberaren herria masakratzea baino nazkagarriagoa. Norberaren herria diruarengatik masakratzea.
Nork: Olegario.2006/03/06 18:30:08.212 GMT+1
http://kaiolumazikinez.blogspot.com
Nork: maria.2006/03/06 19:37:16.239 GMT+1
Udaberria dator? Ez dakit. Izan ere, batzuetan tunelean ikusten den argia guregana datorren beste tren batena izan daiteke eta.
Ez dut uste oraingoan horrela denik, baina batek daki.
Nork: iturri.2006/03/12 11:40:18.197 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/iturri