
Sorgin hutsa sentitzen nintzen bere aurrean “the sky is blue” oihukatzen nuenean edota “John Brown had a little Indian” abesarazten nionean. Doi-doi ari zen mutikoa bere lehenengo gaztelerazko hitzak botatzen. Ni txoratuta nengoela pentsatuko zuen.
Batzuetan lotan gelditzen zen alfonbraren gainean, bere eskolako mantala (baby-a esaten diote Madrilen horri) esku batekin ondo atxikirik.
Hugoren irakasleak (benetakoak, ez nik) ez zuen inongo kontakturik haren gurasoekin, mutikoaren ordutegia andereñoarena baino zabalagoa izanda. Horregatik pegatina sistema baten bidez jartzen zen gurasoekin kontaktuan. Hugo ondo portatzen bazen, egun horretan andereñoak pegatina irribarretsu bat itsatsiko zion baby-an, eta harro joango zen mutila bere lorpena mundu guztiari erakustera. Egun txarretan, ordea, Hugok aurpegi tristedun pegatina bat lortzen zuen. Behin baino gehiagotan harrapatu nuen umea aurpegi tristeak klaseko edozein txokotan ezkutatzen.

Pena ematen zidan Hugo txikiak, Moratalazgo ikastetxe zatar horretan hamaika orduz (hamaika, literalki) abandonatuta. Gurasoen aurrean sentimendu nahasiak nituen. Ez nekien nola begiratu umearen bila etortzen zirenean. Zergatik egingo zuten? Itota ibiliko ziren lanaldi luzeekin, azken orduko bilerekin, hipotekaren interes beti goranzkoekin? Edota guraso izatea gehiegi zen haientzat, ezin zuten umea agoantatu eta ikastetxeak eskaintzen zien pagotxa (jantokia gosari eta bazkarietarako, eskolaz kanpoko klaseak…) aprobetxatzen ari ziren?
Auskalo. Edonola ere, Hugo ezagutzearekin batera Madrilen ez nuela umerik izango zin egin nion neure buruari.

Erantzunak
Nork: Manu.2008/01/13 22:34:02.826 GMT+1
Alegia, Madrilen ez, Donostian auskalo!
Nork: katixa.2008/01/14 15:01:03.015 GMT+1
Nork: Manu.2008/01/14 20:25:23.632 GMT+1