Urriarekin batera itzuli dira
gure inguruan loratzen eta garatzen diren irakurzaleen tarte, txoko, klub,
party eta dena delakoak.
Hasi da, esaterako, Iban Zalduak Gasteizen gidatzen duen Irakurleen Kluba. Andu Lertxundi izango dute aurki, Ihes Betea nobelaren inguruan hitz egitera gerturatuko dena.
Baina nik nireaz hitz egin behar dut. Izan ere, kurtso honetan Mahatserriko Irakurlearen Tartea Uxue Alberdi eta bion ardura izango baita. Orain arte Julen Gabiria aritu da lan honetan, baina arrazoi on bat tarteko, Uxue eta bioi pasa digu testigua.
Hilean behin batuko gara, hileko azken asteazkenean normalean, liburu baten inguruan mintzatzeko, edo hura larrutzeko, kasuan kasu. Ez gehiegi, baina, idazlea presente egongo baita, eta badakigu zeinen sentiberak diren idazleak beren obra ukitzen denean.
Datorren urriaren 31n Itxaro Borda izango dugu gurekin. Amaia Ezpeldoi detektibea ere etorriko delakoan gaude. Jalgi Hadi Plazara bere azken nobelaz arituko zaigu, arituko gara.

Horrelako ekitaldietan inoiz parte hartu ez izanagatik zalantzak badituzu, ulertzen dut. Nik ere ez dut inoiz egin, eta hala ere Mahatserriko Irakurlearen Tartearen gidaritza onartu dut, asko pentsatu gabe. Beraz, anima zaitez. Urriaren 31n, iluntzeko zortzietan, Txurdinagako AEK euskaltegian zain izango gaituzu.

Erantzunak
Nork: patxi lurra.2007/10/17 21:37:22.470 GMT+2
www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra
Eta Pellotxo ere animatuko zaigu?
Nork: katixa.2007/10/19 09:56:46.557 GMT+2