Nire bizitzako garai ilun batean Callaoko Fnac-era joaten nintzen paseoan. Gran Vian bizi nintzenez, eta Gran Via ez denez edozein umore duzula ere jasan daitekeen kale bat, Fnac-eko beroa eta moketa nahiago nuen askotan. Gainera, sotoko kafetegian euro bakar baten truke zerbitzatzen zizuten ebakia: inguruko kafetegietan ez zen euro eta erditik jaisten.
Gaur, garai ilun horiek gogora ekarri ditut eta Bilbon ireki berri duten Fnac-era jo dut. Lehenik eta behin sekula nirea izango ez den aparatutxo txuri baten aurrean geratu naiz, ezinezko maitasunaren sastada bihotzean.

Gero Godard-en Sympathy for the Devil ikusten egon naiz, eta orduan ohartu Rolling Stones taldekoak noizbait gazteak izan zirela. Hori sorpresa.
Saltzaile bati galdetu diot Xamar-en Euskara Jendea ba ote zuten eta berak erantzun euskaraz ez duela egiten eta sentitzen duela. Kuriosoena da nik galdera gazteleraz egin diodala.
Azkenik, garai are ilunago bat gogora ekartzeko, Extremoduro-ren Grandes Éxitos y Fracasos erosi dut (8 euro, ezin eutsi). Nire extremoduro-zaletasuna cassette garaietakoa da, eta banuen gogoa zaletasuna digitalizatzeko.
Standby bezalako kantuek oraindik hunkitzen naute. Horretarako Ipodaren beharrik ez dut.

Erantzunak
Ez nuen ezagutzen abesti hau, ezta bideoa ere. Nere bideokajan sartu det dagoeneko, oso ederra da.
Moketadun soto batean kafe hartzen, eta batez ere Gran Viatik ihesi, ze gustora egon behar dan...
Nork: Patxi.2006/12/15 11:07:12.643 GMT+1
http://patxitrapero.blogspot.com