Ez da nolanahiko batailatxoa.
Egun horietan gehien inpresionatu zuena zer izan zen ere behin baino gehiagotan kontatu dit. Times Square inguruko taberna eta kafetegi ugaritan kartelak itsatsi zituzten, hurrengo testuarekin: “Ez duzu ezer kontsumitu behar, sartu eta telebista ikus dezakezu”. Eta karteltxoak adierazten zuenari men eginez, bertara biltzen ziren hiritar eta turista galduak, irlaren hegoaldean zer arraio gertatzen ari zen pantailari galdezka.
Horixe da gehien hunkitu zuena, bai. Izan ere, fanatiko erlijiosoz beteta dagoen herrialde horretan, gehien eta sutsuen profesatzen den erlijioa jabetza pribatuaren kultua da. Eta hala ere, iraileko egun horietan kafetegi eta taberna jabeek muzin egin zioten lege sakratuari, eta ateak eta telebistak zabaldu zizkieten edonori, musu-truk. Zerbait aldatzera zihoala sentitu zuen nire lagunak hori ikusita, munduaren aurpegia betiko aldatuko zela-edo.

Patricia 2002ko irailaren 11n ezagutu nuen, Ingalaterrara ailegatu berritan. Egun hori aukeratu zuen bidaiatzeko hegaldia ezin merkeago zegoelako. “Zerbait ona atera da nahaste-borraste honetatik”, pentsatu nuen orduan, “hemendik aurrera irailaren 11 guztietan hegaldi merkeak topatu ahal izango ditugu, jendeak egun horretan hegan egiteari dion beldurra lagun”.
Ezin esan azken sei urte hauetan mundua aldatu ez denik. Baina ez nire lehenengo lagunak buruan zuen modu anaikor eta naïf horretan. Hegaldi merkeei dagokionez ere, gutxi iraun zuen beldurrak. Bidaia merkerik ez egunotan (konprobatu dut). Aireportuetako kontrolak dira orain beldur gehien ematen dutenak.
(Bide batez, gaur Patriciaren urtebetetzea da. Oso gogoan dut 2002ko bere urtebetetze jaia. Gaur ez naiz berarekin egongo, baina zoriontasun guztia opa diot.)

Erantzunak
Nork: Larrugorrian.2007/09/14 12:12:50.843 GMT+2
http://blogak.com/larrugorrian
New York, New York.
Nork: eneko.2007/09/14 16:51:49.522 GMT+2