Zakila luzatu nahi dizute, prozac apur batekin zure bizitza alaitu, oheko super-heroi bihurtuko zaituzten pilula urdinak saldu. Ziur zuri ere ailegatu zaizula horrelako eskaintzaren bat. Mezu elektronikoen %70a mota honetakoa omen da. Spamaz ari naiz: eskatu gabe gure erretiluetara ailegatzen diren mezu komertzial koloretsu eta astun horietaz.
Monty Python-en sketch jenial batean omen dago Spam hitzaren gaur eguneko erabileraren jatorria. Spama, “Spiced Ham” hitzen laburdura, latan saltzen zen txerri haragi merkea zen, ohikoa oso II Mundu Gerra osteko garaietan. Monty Pythonen sketch horretan zerbitzari bat bezeroei eguneko menuaren berri ari da ematen, garrasika. Eskaintza, ugaria: saltxitxak eta spama, spama eta arraultzak, arraultzak, spama eta spama, bacon eta spama, spama, spama eta saltxitxak, spama spamarekin…
Ez duzula spama gustuko? Zureak egin du, motel. Edo beste modu batean esanda: nahi eta nahi ez, spam puska bat irentsi beharko duzu. Mezu elektroniko hauekin gertatzen den moduan: nahi eta nahi ez, irentsi behar.
Azken aste hauetan, gainera, spam bolumena bikoiztu zaigu. Ohiko viagra-cialis-rolex pagotxez gain, alderdi politikoen makineria guztia martxan jarri da, esnatu da munstroa, eta mezuz bete dizkigute kaleak, postontziak, begiak eta belarriak. Mezu horien edukia, spam mezuen edukiaren mailakoa, normalean.
Ohituta gaude, bai. Laster pasako da, eta ahaztuko ditugu, ados. Ez da hori gehien izorratzen nauena. Iraingarriena biharko eguna iruditzen zait. Agintariek, beren ontasun infinituarekin, hausnarketarako erreserbatzen diguten egun hori. Hausnarketa eguna, to! Eskerrak eman beharko dizkiegu, gainera! Spam edo Spam eskaintzen digute, eta bi aukera horien artean hausnartzeko abagunea oparitu. Ez dakit zuek, baina nik spam guztia ahaztera dedikatuko dut biharko eguna. Hausnar dezatela haiek.
2007/05/25 10:36:30.861 GMT+2
Spam ala Spam?
Nork: Katixa.2007/05/25 10:36:30.861 GMT+2
Etiketak:
monty_python
spam
hauteskundeak
hausnarketa_eguna
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)

Erantzunak
Biharkoari buruz, ziur albisteetan hautagaiek hausnarketa eguna nola pasatzen duten erakutsiko digutela... baina hori ez da propaganda antza.
Nork: 3ARRANO.2007/05/25 11:06:27.883 GMT+2
http://www.3arrano.com/
Gaurkoa ez bada hauteskunde kanpainako egunik propagandistikoena...
Nork: ibai.2007/05/26 13:16:52.233 GMT+2
http://www.3arrano.com/
Nork: sds.2007/06/12 16:56:11.741 GMT+2
dfd