1. Umeei iruzurrik ez.
Serio-serio gerturatzen ziren liburuengan, eta
nirea ikusterakoan, ozenki irakurri ohi zuten titulua: Pa-u-la-ren sei-ga-rren
a-tza-ma-rra. Eta segituan Paularen atzamarrak kontatzeari ekiten zioten:
Bat-bi-hiru-lau-bost-sei. Ados. Orduan bai, lasai geratzen ziren, eta barruko marrazkietan galtzen ziren.
2. Musikariek ere irakurtzen dute.
Txuma Murugarrenek (edo Mikel Urdangarin ote zen?) Sua Falta Zaigu erosi zuen, eta nik sinatu. Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu ere bat-batean, isilean bezala agertu zitzaidan, liburua gustatu zitzaiola esatera. Bejondeiela!
3. Ikasle ohiek ez naute maite.
Lauhilekoen bukaeran egiten diren irakasleak ebaluatzeko inkestak baino askoz eraginkorragoa iruditzen zait stand batean egotea, zure liburua saldu nahian. Nire aurretik lau ikasle ohi pasa ziren eta bakar batek erosi zuen liburua, eta benetan astun jarri nintzelako (sinatzerako orduan ez nuen ikaslearen izena gogoratzen, glups). Beste biek paso egin zuten zuzenean, eta azkenak Uxue Alberdirena nahiago zuela esan zidan (to eta no).
4. Euskal literaturak irakurle bat gutxiago?
Euskalduna zen emakumea, baina sekula euskarazko liburu bat irakurri gabekoa, aitortu zuenez. Aholkuren bat? galdetu zidan. Pixka bat disimulatu nuen, liburu hau eta beste hori aipatu, baina azkenean nirea jarri nion sudur aurrean. Erraza zela, istorio motzak zirela eta atsedena har zezakeela bata eta bestearen artean. Onartu egin zidan eta liburuarekin alde egin zuen. Ni, pozik. Baina gero, nire baitarako: ondo egin al dut? Liburu egokiagorik ez al zegoen ur hauetan iniziatzeko? Eta nire banitateagatik euskal literaturak irakurle bat galdu baldin badu betiko?

Erantzunak
Hurrengo batean agurtuko zaitudala zin dagit, eta beharbada, irakurtzeko aholkuren bat eskatuko dizut, euskal literaturak beste irakurle bat galtzeko arriskuaz jabetuta ;-)
Nork: Iñaki Murua.2007/12/11 00:11:27.796 GMT+1
http://imurua-botxotik.blogspot.com/
Nork: Aitor.2007/12/11 16:22:28.760 GMT+1
munduari.blogspot.com
Oso ondo aholkatu zenion.
Nork: Patxi.2007/12/12 09:55:09.961 GMT+1
http://patxitrapero.blogspot.com
Ni ez nintzen Durangoko Azokan egon, baina zure libururen bila egon naiz, urtarrilean Hizkuntza eskolan irakurriko dugulako. Beste egunean egon nintzen Bilboko alde zaharreko megadendan erdi ordu bilatzen, azkenean lotsa kendu eta galdetu nuen dendari bati non zegoen. Korrika joan nintzen bigarren solairura tipo batek nola erosten zuen azken kopia, dendari batekin zegoen eta dendari asko gomendatu zuen "sua falta zaigu" bost liburu artean... (Agian zure lehengusina izango zen dendaria).
Azkena zen eta etxera bueltatu nintzen liburu barik. Orain badaukat mesanotxen, bakarrik begiratu dut azalez baina uste dut ondo egongo dela, kontatuko dizuet!.
Gabon
Jabi
Nork: Jabi.2007/12/30 04:17:39.328 GMT+1