UDABERRIA HELDU DA!

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-03-21 10:05
3

Udaberria heldu da hiri handira. Ernestok neska baten ipurdia begiratzeko biratu du burua eta udaletxeko langileek hodi bat konpontzeko irekitako zulo batean erori da. Momentu batez konortea galdu du. Udaletxeko langiletako batek ahoz ahokoa egin dionean soilik esnatu da. Ospitalean igaro du gaua, bi hanketan igeltsua, urguilua galduta. Gauerdian, txanda aldaketa eta gero, mediku berri bat sartu da bere gelan. Tenperatura hartu dio. Minarentzako aringarri bat eman dio. Prozesu osoan zehar hitz goxoz tratatu du. Askoz hobeto sentitu da gizona orduan. Medikuak gelatik alde egin duenean bakarrik ezagutu du Ernestok ipurdi hori.
Udaberria heldu da hiri handira. Auzoko apaizak, Luis Mari, alergia dio polenari eta sudurra piper baten moduan duelarik igo da pulpitura. Gaizki egin du lo, amesgaiztoekin, eta usaimena galdu du. Elizan isiltasunik handiena sentitzen da.
-Eta zortzigarren egunean…- aldarrikatu du bere ahots itzelarekin.
Doministiku egin du jarraitu baino lehen:
-Eta zortzigarren egunean Jainkoa damutu egin zen!
Aho zabalik geratu dira berari begira dauden zazpi edo zortzi atsoak.

Udaberria heldu da hiri handira. Claudiak negu gorri osoa eman du momentu honen zain. Ezin du eguzkirik gabe bizi. Haize hotzak bere azala arrakalatzen du. Eskuak more jartzen zaizkio.
Lanera ailegatu da poz-pozik erosi berri duen udaberriko traje batekin. Primeran gelditzen zaio trajea gainera.
Nagusiak deitu du bere bulegora.
- Berri on bat dugu zuretzako, Claudia,- esan dio nagusiak bere mahaiaren atzetik – sei hilabetez zoaz Argentinara, planta berriaren eraikuntza kontrolatzera. Prestatu maletak.
Claudiak badaki ez duela bere traje berria (primeran gelditzen zaion traje hura) maletan sartuko. Argentinan udazkena hasi berria da.
Udaberria heldu da hiri handira. Lanetik atera denean Mari Jose ikastolara joan da bere semea Jontxu jasotzera. Jontxuk lore-sorta polit bat oparitu dio, ikastolako baratzean jasoa. Eskerrak eman dizkio amak, hunkiturik. Gero etxera jo dute biek. Gosariko platerak garbitu ditu amak, garbigailua martxan jarri du, botoi bat josi dio Jontxuri eta gero bazkaria prestatu du azkar batean. Jaten hasi direnean Jontxu kexatu da: entsalada mikatzegi dago. Momentu berean konturatu dira biak lore-sorta plateretan dutela, tomateekin nahasirik. Negar egin du Jontxuk amak oparia estimatzen ez diola pentsatuz. Amak ere egin du negar.

Udaberria heldu da hiri handira. Telebistan iragarki harrigarria agertu da, aurretik zabaldutako zurrumurruak konfirmatuz :
- Udaberria heldu da gure Saltoki Handietara, baina gogoratu, soilik gure Saltoki Handietara. – ari da esaten ahots limurtzaile bezain autoritario batek.
Xabierrek momentu batez begiak telebistatik bereizi eta leihotik begiratu du. Arrazoia dute: han kanpoan elurra ari du. UDABERRI ZORIONTSUA GUZTIOI




xabier

xabier 2005-03-23 14:33 #1

<p> Udaberria itzultzen den bezala, katixa ere bai. Hau poza!</p>

Koldo

Koldo 2005-03-23 18:51 #2

<p>Sasi udaberri hau, elur eta eguzkiaren artean zintzilikan, txikia da gure Lurra eta,......... baina........ zure izkribuekin zabalduz doa.</p>

2006-01-27 14:59 #3

<p>zu zera udaberria! >ze gozamena!zu zera udaberria! >ze gozamena!</p>


Utzi iruzkina: