Ni futbolzale sinple eta superfiziala, eta kuadrillako intelestuala, ba hori, intelektuala:

- Kuadrillako intelestualak parre egiten dit, futbolzalea naizelako, eta erdi-mespretxuz ere begiratzen dit, milioiak kobratzen dituzten tipo batzuen espektakulua sustatzen omen baitut. Guztiz bidegabea iruditzen zaio, ia inmorala. Nirekiko erretolika amaitzean, zinemara doa pauso dotorez, denbora gutxiago lan eginez askoz ere milioi gehiago kobratzen dituzten aktore edo zuzendarien espektakuluak ikustera.
- Kuadrillako intelestualak, gainera, esaten dit oso tontoa naizela, txorakeria dela gaur egungo futbola ikustera joatea, askotan guztiz aspergarriak izaten omen direlako partiduak, eta zer esanik ez Realarenak. Tira, horretan arrazoia eman behar diot, neurri batean. Nire lagun horrekin Kusturica eta Lars Von Trierren pelikula batzuk ikusi nituenean, ordea, gozamenerako urrea irudituko zitzaizkidan Realak aurten egin dituen zirkukeria lotsagarri eta aspergarrienak berriro pairatzea. Zinez.
- Kuadrillako intelestualak esaten dit ez dudala sakondu lengoaia zinematografikoan, oso superfiziala naizela, eta horregatik ez ditudala gozatzen Kieslowski, Kusturica, Lars Von Trier eta antzeko zuzendariak. Horretan ere arrazoia izango du. Jakina, futbolean ere sakondu egin behar da catenaccio bat ondo egina dagoenean gozatzeko, edo jokaldi batzuen meritu tekniko, taktiko eta fisikoa apreziatzeko. Eta, dena dela, nire aisiako denbora gauza baliotsua da, eta ez dut tipo horien lengoaia sakontzen minutu bat ere pasatuko (ez eta euro bat bera ere gastatuko).
- Kuadrillako intelestualak dio futbolzaleok alienatuta gaudela, gauza garelako astean bizpahiru partidu ikusteko, edo Mundialetan dozenaka partidu ikusteko. Lagun horrek, ordea, ez du inolako gauza arrarorik apreziatzen zineman edo telebistaz astean laupabost pelikula eta, are gehiago, Zinemaldian 20 pelikula inguru ikusten dituzten pertsonengan, nahiz eta (Zinemaldian, bereziki) erdia baino gehiago gustuko pelikulak ez gertatu.
PD: nire lagun horri arte garaikidea ere gustatzen zaio.Baina, errukia izan dut, eta zinemaz bakarrik aritu naiz idazki honetan. Errespetua ere zor baitiot lagunari. Laguna dut, zer erremedio.
Erantzunak
Nork: patxi lurra.2008/04/08 18:27:19.744 GMT+2
www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra
Niri ere zinema asko gustatzen zait, nahiz eta zuzendari horiek batere ez.
Nork: Lutz Long.2008/04/09 09:14:12.929 GMT+2
Joe, baa Kusturikaren filmeak aspergarriak ezik edozer gauza dira! Ikusi gato negro gato blanco, ez dut uste damutuko zarenik. Lars Von Trier ordea, ez dut defendatuko...
Hori bai, barkatu komentarioa baina zure laguna, intelektuala baino gehiago, pedante hutsa iruditzen zait ;)
Nork: indezent.2008/04/18 12:03:45.034 GMT+2
http://www.blogak.com/theindezents
Indezent,
bai, nire laguna kapullo xamarra da; baina, hori, nire laguna. Kusturikaren pelikula hori ikusi nuen, ez naiz izenaz akordatzen, memoria galduta dabilen gizon bati buruzkoa. Eta, zer nahi duzu esatea... ez dut ez katu beltzik ez zuririk ikusiko, gizon horren zuzendaritzapean.
Nork: Lutz Long.2008/04/18 12:44:39.725 GMT+2
Nork: indezent.2008/04/29 13:57:01.328 GMT+2