Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/05/15 14:21:24.160 GMT+2

Kaixo Iosu!

Aritz Sue Maldonado, Huheziko Ikus-Entzunezko Komunikazioko  3. mailako ikasleen izenean.

Nork: mari-domingi.2008/05/15 14:21:24.160 GMT+2
Etiketak: iosu omenaldia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/13 21:54:43.814 GMT+2

Debekatuta debekatzea!

Aurten 1968ko maiatzak 40. urteurrena betetzen du. Ospatzeko moduko data al da?  Ametsak egi bihur zitezkeela pentsatzen zutenei, utopiak aldarrikatu zituztenei, sistema zaharkitua aldatzeko borrokatu zirenei... horra hor topatu dudan bideoa. Gazteak kolektibo baten parte sentitzen ziren garaia zen hura. Gu orduko gazte horien seme-alabak gara, diferentzia galanta, ordea!

Nork: mari-domingi.2008/05/13 21:54:43.814 GMT+2
Etiketak: iraultza paris maiatza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/05/03 11:35:57.201 GMT+2

Canfranc, mon amour

Obsesio berezia daukat arkitektura urbanoarekin. Aitak txikitatik barneratu didan afizioa da seguru asko. Toki berri bat bisitatzen dudan bakoitzean, eraikinek hartzen dute nire arreta guztia. Inoiz ikusi dudan edifiziorik magikoena da Canfranc-eko tren geltokia. Europako edozein hiriko geltoki izan zitekeen arren, paisaia menditsuan du bere habia, Pirinioen bihotzean. Frantziako mugatik gertu, modernismo arkitektonikoaren sinbolo ederra da Canfranc. Badauka aura berezi bat, besarkatu, eta iragana berpizten laguntzen nauena, izan ere, Canfrancek jauregi mamua dirudi.

20017881_fd06093836[1]

Oraindik mantentzen dira garaiko hotela, harrera gela, trenen etorrera markatzen zuen erlojua, aduana... Barrura sartu eta XX. mendeko gertakizun historikoak gogora ekar ditzazket: Frantziarekin lotzeko ezinbesteko pasartea zenean, naziekin urrearen trafikoa errazten zuenean, baita gerra garaiko errepublikarrak atxilotzeko espioitza zerbitzuen egoitza zenean ere. Kosta egiten zait ulertzea nola utzi duten hain huts, nola iritsi den degradazio egoera horretara, zergatik ez duten agintariek zaindu. Duintasuna aspaldi erori zitzaion, baina agian horretan datza bere xarma. Orain monumentu malenkoniatsua besterik ez da. Garaiko oparotasuna galdu du, baina aldi berean, bizitzari eutsi nahi dio. Borroka horretan diraute Canfranc herriko biztanleak eta badirudi geltokia ahanzturatik atera dutela. Dagoeneko hasi dira eraberritze lanak. Etorkizunean luxuzko hotela izango da, eta Frantziak hala nahi badu, bi estatuen arteko treneko komunikazioa berreskuratuko da. Eraikinaren egituran aldaketa batzuk egingo dituzte, baina zin egin dute geltokiak ez duela bere izaera galduko. Halaber, beldur naiz, ez baitakit magia berriz ere sentituko dudan.

Nork: mari-domingi.2008/05/03 11:35:57.201 GMT+2
Etiketak: geltokia modernismoa canfranc | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/30 10:16:07.336 GMT+2

Lau egunez mutu

Oso zaila da hitz egin gabe egotea, are gehiago ez denean norberaren erabakiaren ondorioa, betebeharra baizik. Hori da nire kasua. Bi nodulu ditut eztarrian, askotan galtzen dut ahotsa eta  logopedak esan dit lau egun egoteko txintik ere esan gabe. Tratamendua hasi baino lehenago, beharrezkoa da eztarriak atseden hartzea eta uste dut esperientzia positiboa izango dela. Eztarria ez dut askotan pausatzen, asko gustatzen baitzait berba egitea! Hirugarren eguna da gaurkoa eta esperientzia kuriosoa izaten ari da. Koadernotxo bat da orain nire komunikazio tresna, eta eskuekin egiten ditudan keinu kuriosoekin batera, ondo moldatzen naiz! Datorren astetik aurrera ikasiko dut behar den bezala hitz egiten, ondo arnasten eta esfortzurik ez egiten. Mutuentzat zaila izan behar da bizitza normala egitea.

Nork: mari-domingi.2008/04/30 10:16:07.336 GMT+2
Etiketak: noduluak logopeda eztarria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/04 12:24:00.236 GMT+2

La hora Chanante-ri omenaldia

Telebistako saio aparta zen La hora Chanante, hori uste dut nik behintzat. Saio guztiek hark bezala barre eragingo baligute...otro gallo cantaría! berreskuratu dut Testimonios deituriko atalean Björk abeslari islandiarrari eginiko parodia. Bizi dugun giro lainotsu honetan, aldarrika dezagun umorea!

Nork: mari-domingi.2008/04/04 12:24:00.236 GMT+2
Etiketak: björk testimonios | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/04 12:09:47.794 GMT+2

Blogosferan murgilduta

Hasi berri naiz blogosferaren munduan. Beste blogari batzuen blogetan egon naiz kuxkuxean, ez kopiatzeko, ideiak hartzeko baizik. Aztertu ditudan bost blogak oso desberdinak dira, aberasgarria izan da, beraz, ibilbidea.

 

Luistxo Fernandezen Ingelesen Hilerria izugarri gustatu zait, batez ere Japoniari eskaini dion tartea. Badirudi mundu globalizatu uniforme honetan, aukerak daudela gugandik asko urruntzen diren modus vivendi-ak ezagutzeko. Idazteko modua ere oso pertsonala da eta nik gustuko dut, batez ere, ironia aske uzten duenean. Argazkiei eta irudiei izugarrizko garrantzia ematen diela nabari dut, ez dira edozelan jartzen, sinbolismoz beterik daudela deritzot.

 

Joxe Aranzabalen Faroa serioagoa eta didaktikoagoa dela esango nuke. Halaber, artikulu interesgarriak daude, komunikazio ikasle batentzat eskertzekoak direnak eta normalean, ohiko mass medietan entzuten ez direnak. Gomendatzekoa da curriculum elektronikoaren inguruko artikulua. Uste baino lehenago txertatuko gara lan munduan

eta horrelako laguntzak primeran datozkigu.

 

Bestalde, sorpresa bat izan da elpais.com web gunaren bidez aurkitu dudan Eva al desnudo bloga. Eva Roy idazlearena da eta sexua da bertako gai nagusi. Esparru batzuetan hutsalkerian erortzen da, baina baditu artikulu kuriosoak, batez ere, bere ikono sexualei dagozkienak. Ez dakit nor den Eva Roy,  baina noizbehinka  jarraituko ditut bere tirabira sexualak.

 

Txema Rodriguezen Garaikogoikoa blogak hizkuntzaren soziolinguistika du aztergai. Hizkuntzen nondik norakoak eta arriskuak lantzen ditu eta datu kuriosoak oparitzen dizkigu. Hitzen eta tokian-tokiko ikonografiaren arteko paralelismoa ere oso interesgarria da. Orain arte ezezaguna zitzaidan soziologiaren adar hori, baina historiarekin dudan afizioa (edo debozioa) dela eta, probetxuzkoa izango dela uste dut.

 

Sorpresarik handiena izan da  natural born julai bloga, Mikel Urmenetarena. Kukuxumusu markaren sortzailea eta gurua da Urmeneta eta hori nabari da bere blogean. Oso freake-a eta erradikala izan daiteke askorentzat, baina benetan ikusgarria izan da Mikelen pertsonalitatea eta filosofia  pixka bat ezagutzea. Testuak, argazkiak, irudiak, komentarioak eta batez ere bideoak, guztia da gomendagarria. Horrelako pertsonaia batek bakarrik sor dezake Kuxumusu deituriko industria edo unibertsoa. Izugarri gustatu zait iloba jaioberriaren inguruan idatzi duen artikulua. Animatu eta natural born julai bloga bisitatu, merezi du eta.

Nork: mari-domingi.2008/04/04 12:09:47.794 GMT+2
Etiketak: blogari blogak blogosfera | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/04/03 15:23:23.251 GMT+2

Aste Santutan Bizkaia maite!

Aste Santutan Arrasate zaintzen gelditu naiz. Norbaitek egin beharko, eta aurten nik hartu dut zaindariaren papera! Noiz edo noiz gustuko dut gure herriak oporretan eskaintzen digun isiltasuna. Halaber, egun batez Bizkaiko kostaldean izan ginen, batez ere Bilbo inguruko kostan eta izugarri gustatu zitzaidan! Biziki gomendagarria Algortako portu zaharra, Plentzia, Neguriko jauregiak eta Bizkaia Zubia, benetan ikusgarria! Egindako ibilalditxoa norbaitek errepikatu nahiko balu, horren hemen mapa!

 

 


Bilbao aldetik bisitan map

Nork: mari-domingi.2008/04/03 15:23:23.251 GMT+2
Etiketak: plentzia algorta portugalete getxo | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/14 10:05:39.374 GMT+1

Ekonomia solidarioan murgilduta

Zer da ekonomia solidarioa? Lanki taldekoek kongresu bat antolatu zuten duela astebete gai hori hizpide hartuta. Munduko toki ezberdinetako pertsonak etorri ziren Huhezira. Batzuk beraien herrialdeetako esperientziak kontatzera, beste batzuk, ordea, besteek esaten zutena dastatzera.  Aukera izan nuen ostegun arratsaldeko hitzaldiak entzuteko eta biziki interesgarriak iruditu zitzaizkidan.

 

Lehenik eta behin, Marie J. Bouchard kanadarraren esperientzia entzun genuen.

Quebec-eko ekonomia sozialaren esperientzia kontatu zigun. Ekonomia soziala oso diziplina zaharra da Kanadan eta errekonozimendu zientifikoa aldarrikatu zuen jakintzagaiarentzat.  Azpimarratu zuen kooperatibismoa eredu ekonomiko bilakatu dela Kanadan eta Mariek behin eta berriz errepikatu zuen Arrasateko esperientzia kooperatiboa izugarrizko erreferentzia izan dela beraientzat. 

 

Ondoren MCCren txanda iritsi zen. Jon Sarasuak (Lankiko zuzendariak) eta Adrian Zelaiak (MCCko idazkari teknikoak) kontatu ziguten Arrasateko esperientzia kooperatiboaren historia, oinarriak eta globalizazioaren aurrean gainditu beharreko erronka berriak. Auto-eraketaren ideian sakondu zuten. Sarasuaren esanetan pertsonen subiranotasunean dago kooperatibismoaren giltza. Egitez, paradigma dirudi horrek, baina benetako demokrazia helduaren funtsa izan liteke, mundua gizatartzeko ezinbesteko oinarri.

 

P1012810 

 

Horretarako aipatu zuten MCCk demokratizatzeko beharra duela, gizarteratu eta aldi berean gizartearen zati izateko premia. Jon Sarasuaren hitzak bilduz:  Kooperatibismoak baditu bere oinarriak euskal kulturan: solidaritatea, besteengan pentsatzeko parada eta gizartearekiko konpromisoa besteak beste”.

Hala ere, konturatu dira globalizazioak eta aldaketa klimatikoak erronka berriak ekarri dizkiotela  kooperatibismoari. Gogoetarako unea dela jaki badakite. Zintzotasun guztiarekin aitortu zuten oraindik MCCk ez duela alternatibarik topatu egungo garapenaren ekonomiko suntsitzaileari aurre egiteko, hau da, jasangarritasunaren giltza topatzeko.

 

Hitzalditik gehien harritu ninduena izan zen jabetzea Arrasateko kooperatibismoa erreferentzia dela munduko toki askotan. Arizmendiarrietak garai batean abiarazitako proiektua, eredu ekonomiko bilakatu da nazioarte mailan.

Gauzak honela, ez nuke jakingo definitzen zer den ekonomia solidarioa, baina kongresu horrek balio izan zidan kooperatibismoaren inguruan erreflexionatzeko. Are gehiago Arrasatekoa izanda, erraz jabetzen baikara kooperatibismoa, kapitalismo ekonomikoaren benetako alternatiba dela, baina aldi berean kontraesan eta norgehiagoka asko dituela. Gure bailara, proiektu horren zuzeneko palanka da. 

 

Nork: mari-domingi.2008/03/14 10:05:39.374 GMT+1
Etiketak: kooperatibismoa solidaritatea mcc | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/13 15:00:30.441 GMT+1

Uribarriko urtegia


uribarriko urtegia map

Duela hiru aste joan ginen Uribarriko urtegia inguratzen duen bide gorria bizikletan egitera, eta puntu batetik aurrera galdu egin ginen! Ea mapa honek laguntzen didan aurrerantzean urtegiari buelta osoa emateko eta ez galtzeko! Tagzaniaren bidez lortu ibilbidea zehaztea.

Nork: mari-domingi.2008/03/13 15:00:30.441 GMT+1
Etiketak: araba landa uribarri ganboa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/03/04 21:28:04.346 GMT+1

Apología de lo bueno: Nik Firefox

Irakurri berri ditut Joxe Aranzabalek Faroa blogean idatzitako Firefox nabigatzailearen inguruko testigantzak. Pertsona ezberdinek idatzi dute Firefoxen abantailen inguruan, denak baitira testigantza positiboak. Aspaldi konbentzitu ninduen Firefoxek. Internet Exploreraren benetako alternatiba da, beraz, bat nator esaten diren komentario askorekin.

Lehenik eta behin, software librea da eta euskaraz dago. Oso ados nago Patxi Gaztelumendiren hitzekin, izan ere, egia da euskarak inoiz izan ez dituen tresnak dituela eskura. Firefox dugu horietariko bat. Bizkorra eta eraginkorra da. Eguneraketak ditu etengabe. Askatasuna ematen digu diseinua pertsonalizatzerako orduan, plataforma guztietan ederki funtzionatzen du (Mac, Linux…) eta askoz ere seguruagoa da. Bestalde, estentsioen erabilerak, fitxa sistemak, Euskalbar-ak, plugin-ak eta pop-up leihoen blokeatzeak izugarrizko aurrerapausua ekarri dute.

Agian askok ez dituzte datu horiek ulertuko, baina interneten oso adituak ez direnak ere aise jabetzen dira erabilterrazagoa eta azkarragoa dela. Gure amak ere Firefox darabil, ez daki konkretuki zergatik, baina jabetu da interneten nabigatzea erosoago zaiola. Público egunkarian irakurri dut Firefox eta Explorerek prest dituztela bertsio berriak, eta urtea amaitu baino lehen jarriko dituztela martxan. Mozillak, jada, Firefox 3 nabigatzailea jaurtiki du otsailean, froga bezala bada ere. Kontran, Internet Explorerren 8. bertsioaren inguruko informazio gutxi luzatu dute Microsoftekoek, baina badirudi plataformen arteko erabilgarritasuna bermatuko duela. Bitartean, Netscapek agur esan digu betiko.

Oraindim ere IE da nabigatzaileen erregea, baina Firefox bere amesgaiztorik gogaikarriena bilakatu da. Bataila hasi besterik ez da egin. Nork irabaziko du gerra?

Nork: mari-domingi.2008/03/04 21:28:04.346 GMT+1
Etiketak: euskara nabigatzailea explorer segurtasuna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)