Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/08/04 19:07:37.226 GMT+2

Estiloaren osagaiak (XII)

16. Lotura estuko hitzak ez banatu

Hitzen kokapenak erakusten digu, nagusiki, zer harreman duten berbek beren artean esaldian. Beraz, idazleak, ahal dela, ez ditu banatu behar gogoan loturiko hitz multzoak.

Subjektuaren eta aditz nagusiaren artean ez da perpausik tartekatu behar, aurreratu baldin badaiteke.
?Wordsworth-ek, Txangoaren bosgarren liburukian, xeheki deskribatzen du eliza hau.

Txangoaren bosgarren liburukian, Wordsworth-ek xeheki deskribatzen du eliza hau.

Arau horrek ez du balio erlatibozko perpausetarako edo aposizioetarako, ezta suspensea sortzeko esaldia nahita eteten denerako.

Bestetik, erlatiboak bere aurrekariaren ondotxoan agertu behar du.

Garrantzi handikoa da hitzak egokiro kokatzea esaldian, batez ere hizkuntza postpositiboetan (seinaleak amaieran ageri baitira). Horren erakusgarri paregabea dugu perpaus osagarrien antolaera.
?Mikelek esan zion etxean ez zegoela lanik.
Etxean Mikelek esan zion ez zegoela lanik.
Mikelek esan zion ez zegoela lanik etxean.

?Arrebak esan zidan, etxera iritsi zenean, liburua aurkitu zuela.
Arrebak, etxera iritsi zenean, esan zidan liburua aurkitu zuela.
Etxera iritsi zenean, arrebak esan zidan liburua aurkitu zuela.
Liburua etxera iritsi zenean aurkitu zuela esan zidan arrebak.
Izan ere, ahoz, prosodiak lagundurik, nahasgarri ez direnak ilun izan daitezke idatzian. Hala ere, puntuazio doiak eta kokapen egokiak gaindi ditzakete behaztopa-harri horiek.

---

Letra etzanezkoak geureak dira.

Nork: Block.2009/08/04 19:07:37.226 GMT+2
Etiketak: elements_of_style estiloaren_osagaiak estilo_liburuak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Esatekorik bururatzen zaizu, gai honen inguruan, honelako esaldiak ikusita (lan handirik gabe aurkitu ditut, Googlen "ez du" sakatuta)?
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gripearen egungo egoerak ez du eskola egutegia aldatu beharra ekartzen.
  • Aralarrek ez du EITBko zuzendari berriaren izendapena babestu.
  • ELArentzat administrazioak ez du administrazio publikoetako langileen lan baldintzen inguruko akordio bat lortzeko borondaterik.
Egin zenezake ezezko esaldien inguruko azterketatxo bat, hemen edo beste plazaren batean? ;-)

Izan/segi ongi!

Nork: Patxi.2009/08/05 15:41:55.316 GMT+2

Lehenbiziko bi esaldiak hitz-hurrenkera markatukoak dira: fokalizatu egiten da aditz laguntzailearen eta nagusiaren arteko sintagma; premiarik gabe egin ere (itxura batean, bederen). Honela hobeto (molde markatugabeak):
  • Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan [hirurei inesibo-marka erantsi] gripearen egungo egoerak ez du ekartzen eskola egutegia aldatu beharra. [Bitxi samar geratzen da, hala ere, ekarri hori]
  • Aralarrek ez du babestu EiTBko zuzendari berriaren izendapena.
Jar dezagun "fokupean" EiTBko zuzendaria:
  • Aralarrek ez du EITBko zuzendari berriaren izendapena babestu, Euskadi Irratikoarena baizik.
Hirugarren adibidean, egoera bestelakoa da: aditza eta objektu zuzenaren "gunea" urrunxko daude. Ulertu egiten da esaldia, baina erraztu egin daiteke.
  • ELArentzat administrazioak ez du borondaterik administrazio publikoetako langileen lan baldintzen inguruko akordio bat lortzeko.
Hizketan hala egiten dugu, gainera.

Aztergaien zerrendan sartuko dut, Patxi.

Nork: Block.2009/08/05 18:51:51.722 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna gehitu ahal izateko.
Idatzi azpian zenbakiz emaitza: hamar gehi hiru ken hiru