Atzo, filosofiako itzulpen bat zuzentzen ari nintzela, zer pentsatua eman zidan esaldi batekin topo egin nuen.
Heriotza-zigorraren bidegabez uste sendoak ditudan norbanakoa naizen aldetik, nire iritzian inoiz ez litzatekeela onartu behar halakorik.
As an individual with strongly held beliefs about the wrongness of capital punishment I believe that...Erlatiboaren komunztadurak durduzarazi ninduen istant batez.
Oker ez banago, inoiz idatzia nago duenetako/dutenetako txandakatze harrigarriaz: Egunero kafe hutsa gosaltzen duenetako/dutenetako bat naiz. Zentzuak bigarrena agindu arren, ugari bai ugari dira bestelako adibideak (erdialdeko zenbait hizkeratako neutralizazioa ote den ere: du > du[e]n; due > duen).
Filosofiako adibidean niri, ordea, beste hau eskatzen zidan belarriak:
Heriotza-zigorraren bidegabez uste sendoak dituen norbanakoa naizen aldetik, nire iritzian inoiz ez litzatekeela onartu behar halakorik.Eta orduan gogoratu zitzaidan Oskorriren behialako kanta hura:
Paristik natorren artista bat naiz ni.Nik beti-beti bestera kantatu dudana:
Paristik datorren artista bat naiz ni.Alderantzizko adibiderik ere ez da falta, horratik:
Behean sinatzen dudan honek egiaztatzen du halako ikastaroan parte hartu duela.Beste aukera batzuk ere izan litezke hor, jakina:
Behean sinatzen duen honek egiaztatzen du halako ikastaroan parte hartu duela.Ba al duzue iritzirik horretaz?
Nik, behean sinatzen duen honek, egiaztatzen dut halako ikastaroan parte hartu duela.

Erantzunak
"Gaur kantari etorri zareten bakarrak zarete"? "Kantari etorri diren bakarrak zarete"? Ez dakit zergatik, baina kasu honetan bigarrena ez zait hain begi-bistakoa gertatzen. Seguruenik, "Zuek beste inor ez da etorri kantari" edo antzekoren bat izango zen esateko modu bakarra ez oso aspaldi, ala?
Kontua zuk bezalatsu ikusten dutenetakoa naiz, nik uste.
Urte berri on!
Nork: Patxi Petrirena.2011/01/05 01:02:36.789 GMT+1
«Behean sinatzen dudan honek» modukoak sarri itzuli behar izaten ditut erdaratik euskarara, baina zuk aipatu ez duzun beste modu batean egiten dut nik komunztadura: «Behean sinatzen dudan honek egiaztatzen dut». Literatura-tradizioan badira hainbat adibide komunztadura era horretan eginda daukatenak:
«Ezagu dezazuen, bada, gizon egin nazan onek bai-dudala emen ere edozein bekatu barkatzeko eskua, bai ta eriak sendatzeko ere, ekus zazue egitera noana». (Sebastian Mendiburu: Igande eta festegunetarako irakurraldiak)
«Elerti-zale nazan onek ziarkeri ta pirtxilleritzat daukodaz olerkijok». (Lauaxeta, Arrats beran, hitzaurrea)
«Ene! ene yaun gaxo, nongo miñek leunduko ete dau zure izena, nik, iru ordu dala zure emazte nazan onek, olan laztu dodanazkero?» (Bedita Larrakoetxea, Shakespeareren Romeo and Juliet-en itzulpena: Erromi ta Yuletxu)
«Enarak enara bezela, baserritar naizen onek laguntzat baserritartxo iaiu bat bear det». (Resurreccion Maria Azkue, Urlo)
«Eguneroko lanetik ezin bizi naizen onek, aren aurrean zer egin nezake?» (Salbador Zapirain Ataño, Eltzaorra)
«Nik ganora gabetanik itz egin dedan onek, zer erantzun dezaket?» (Jose Antonio Uriarte, Biblia)
«Idazten dedan onek, amalau urte bete berri nituen, eta lantegian orduantxe asia». (Teodoro Mujika, Errekaldeko intxaurraren itzala)
«Abrahamek esan zuen, autsa eta erautsa baizik ez naizan onek nere Jaunari itzegingo diot» (Francisco Ignacio Lardizabal, Testamentu zarreko kondaira)
Nork: Alberto Martínez de la Cuadra.2011/01/05 09:29:24.206 GMT+1
Nork: Iñigo.2011/01/05 10:42:46.731 GMT+1
"Ama libreaganic jaio ninçan
dicharic ez nebenau alabea" (B17: 58-59)
Urte berri on!
Nork: Ricardo Gómez.2011/01/06 15:12:27.033 GMT+1
http://lazarraga.com
Kontra-adibidetxo bat dakarkizuet:
- Ez al diozu zure aitonari esan behar? Zure begietatik argia ikusten duen honi. (Katalina Elizegi, Garbiñe)
Gai jakingarria da, inondik ere, xeheago lantzeko.Nork: Iñigo.2011/01/07 08:11:00.677 GMT+1
Frantsesaren arrastoari jarraitu diote.
Nork: Iñigo.2011/01/20 10:21:36.042 GMT+1