Gure1.mailako batxilergoko euskara irakaslea oso berezia da. Ikasleoi idaztera animatzen gintuen (eta gaitu), horretarako metodo ezberdinak jarraitzen zituen.
Batzuetan hitz sorta batetik istorio bat asmatu behar genuen, beste batzuetan irudimena askatu, besteetan musika jarri eta sormenak hegan egiten zuen. Behin Bob Dylanen kanta bat jarri zigun, bere ustez ezin genituen 18 urteak bete Dylanen abestiak entzun gabe. Ariketa erreza zen, Hurricane Carterren omenez egindako kanta entzun eta 5 hitz idatzi behar genituen musikak sortzen zigun sentsazioarekin. nireak hauexek ziren: Bidaia / Baikortasuna / Sargoria / Abiadura / Ilehoria
Abestia amaitzean boxealariaren nondik norakoak azaldu eta 5 hitzetaz baliatuta deskribapen testua osatu behar genuen. Zer nolako testua egingo zenukete zuek?
Nik sortutakoa bihar izango da blog honetan. Utzi zuen sormenari hegan egiten!

Erantzunak
Nork: Maider.2008/02/23 20:44:19.331 GMT+1
maiderina
Kolpeak jasan izan ditut beti, ohorezko kolpeak, hamabi soka artean.
Boxeoko kolpe hauek izan dira bizitzako kolpe gogorretatik babestu nautenak. Nork babestuko nau orain justiziak eman dizkidan kolpeetatik?
Ni hemen nago triste, bakarrik, zulo sakon eta heze batean.
Zu, justizia, non? Justizia ikustezina.
Zergatik izan zinen, justizia zuria, hain beltza nirekin?
Beltza da hemen barruan ikusten dudan kolore bakarra. Ni ere beltza bakarrik naiz orain.
Urakan batek nire itxura hotza, gogorra, beltza harrapatu zuen eta harrezkero beltzak dira egunak eta beltza da nire etorkizuna.
Gauero izaten dut amets berdina; ordu batzuez, ohorezko kolpeen ametsa, justiziaren ametsa eta beltzen ametsa elkar bizitzeko gai dira.
Orain amets egingo dut eta egun betean izan nintzen boxealari menderaezina izango naiz berriro ere.
Nork: Maider.2008/02/24 12:13:58.649 GMT+1