KOOPERATIBISMOA KAPITALISMO BIHURTU ZENEAN...

pol-emika 1456152227970 Pol Emika | 2007-01-17 17:54

  Aita Arizmendiarrietak burua altxatuko balu… Hobe ez altxatzea, zeren egungo egoera ikusita hartuko lukeen disgustua ikaragarria izango litzateke; ordutik aurrera bai ez lukeela inoiz gehiago bururik altxatuko. Zergatik diodan hori? Markinar horrek bultzatu eta ezagutu zuen dena pikutara joan delako.

  Egun, euskal kooperatiba asko MCCren barnean daude, baina kontuan izan enpresa talde horren sorrera izan zela euskal kooperatibismoaren amaieraren hasiera; hortxe bukatu zen dena. MCC ENPRESA KOOPERATIBISTEZ SORTUTAKO ENPRESA TALDE KAPITALISTA DA. MCC sortu zenean kooperatibak desagertu ziren; itxuraz hor daude, baina funtzionatzeko era asko aldatu da. Kooperatibetako langileak langile izateaz gain, bazkide ere baziren. Gaur egun ordea, kooperatibetako langile guztiak ez dira bazkideak izaten. Zein da aldaketa horren arrazoia? MCCren helburua,  beste enpresa talde guztiena bezala, etekinak maximizatzea dela. Izaera kooperatibista galdu dute eta soldatapeko langileak kontratatzen dituzte beste edozein enpresatan bezala. Garai baten soldatapeko langileak eta nagusi-enpresari kapitalistak zeuden eta egoera horren aurrean ideia ederra zen kooperatibena: langilea bazkideak dira, enpresaren jabe dira eta beraien artean banatzen dituzte enpresaren irabaziak. Garai hori ordea, pasa zen eta gaur beste egoera baten aurrean gaude: soldatapeko langileen nagusiak ez dira betik nagusi-enpresari kapitalistak izaten, izan ere, egun soldatapeko langile (asko) batzuen nagusiak bazkide kooperatibistak dira. Ez al da lotsagarria? Nola baztertu dituzte hain erraz kooperatiben printzipioak? GAUR EGUN BAZKIDE KOOPERATIBISTAK ERE ESPLOTATZAILEAK DIRA!

  Nola azaldu Arizmendiarrietari MCC barneko kooperatibek munduko beste tokietan zabaltzen dituzten enpresak sozietate anonimo direla? Agian zuk jakingo duzu nola ulertu, baina nik ez. Azalduko didazu? Kooperatiba zapaltzaileak dira eta hori ez da justua. Niri berdin zait munduan zehar sozietate anonimo zapaltzaileak egotea, izan ere, eraiki dugun gizarte injustu horrek eskubidea ematen die horretarako. Kooperatibek egiten dutena, berriz, ez zait justua eta logikoa iruditzen: ARDI LARRUZ JANTZITAKO OTSOAK DIRA KOOPERATIBAK. Kooperatibek ulertarazi eta saldu nahi digutena da beraiek zerbait desberdina direla eta behi eta berriz errepikatzen dute hori. Nik hemendik diot aski dela eta onartzeko kooperatibak ere sozietate anonimo zapaltzaileak direla (nahiz eta beste forma juridiko bat eduki).

  Zergatik idatzi dut gaur artikulu hau? Agian baten batek jakin nahiko du eta badaezpada azaldu egingo dut: duela gutxi jakin ahal izan dut MCC-KO ENPRESA BATEK EZ DUELA BAZKIDE EGIN BERE LANGILE BAT IRAGANEAN MINBIZIA IZAN ZUELAKO. Lagun Arok beldurra zeukan langile hori bazkide egiteko, izan ere, pertsona horri gaixotasun bera agertuko balitzaio eta zerbait txarra gertatu (osasun eta bizi ederra opa dizkiat), ba al dakizu zenbat ordaindu beharko lioken Lagun Arok bazkide horri? Nik ez dakit, baina asko izango da ze Lagun Arok ez du bazkide moduan onartu. Bai, ondo entzun duzue; aspaldi ikasi nuen kooperatibetan pertsonak dirua baino garrantzitsuagoak zirela eta botere edo indar gehiago zutela, baina gauzak aldatu egin dira. Kooperatibak estalitako sozietate anonimo direnetik horrelako gauzak gertatzen dira.  

  Gauzak horrela dira baina MCCk eta kooperatibismoak baliabide eta diru ugari daukate egia ezkutatzen jarraitzeko. Gezurra ezkutatzeko tresna ederrak dira MCCren inguruko hedabideak eta baita beraien UNIBERTSITATE-IDEOLOGIZATZAILE-SEKTARIOA. Nik artikulu hau idazten dudan lekuan jendeak ez du ikusi nahi egia, ia denek kooperatiba baten lana egiten dutelako. Gernikan arbola ondo errotuta dago lurrean, baina are errotuago dago kooperatibismoa hemen.  Ala dirua da hainbeste aho isiltzen laguntzen duena? 


Utzi iruzkina: