Aspaldi ez dut idatzi. Aspaldian, denbora bizkorregi pasatu izan da nire paretik eta ez du gelditzerik nahi izan. Edo ez diot gelditzen utzi, ez dakit.
Baina atzo gauean gelditu egin zen; berriro, une txiki batez.
Mikel Laboa joan zaigula berandu jakin nuen, arratsalde partean. Halako kasuetan, inpultsiboki bilatzen ditut zendu diren horien CDak eta liburuak. Haiek entzuteko edo irakurtzeko azken aukera izango banu bezala, antsietatez-edo.
Atzo, Mikel Laboarenak bilatu nituen eta entzuten jarri, inpultsiboki beste behin.
"Ez nau izutzen negu hurbilak
uda beteko beroan
dakidalako irauten duela
orainak ere geroan..."
Mendi puntan bizitzeak elurra (egiten duenean) bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko aukera ematen dit.
Atzo, lehiotik elurrari begira nengoela, Mikel Laboak bere azken eguna aukeratu egin zuela iruditu zitzaidan. Ez zuela batere beldurtzen negu hurbilak eta, iraungo duela geroan, betiko.
Eta denbora gelditu egin zen une batean; lehenak-orainak-geroak bat egiten duten momentu horietako batean. Gure kulturako zatitxo batek beste forma bat hartu duela pentsatu nuen gero: "
amets betezko loa baitakar behin betirako hiltzeak".
Agur, ohore eta amets goxoak.
Errutinak ere badu bere alde ederra. Egunero ordu berean, leku beretik igarotzen naiz lanera joateko. Eibartik Elgetara. Beti ikusten ditut zuhaitz berberak; paseoan doazen gizon-emakume berberak; kotxe berberak gora eta behera.
Baina errutinak badu bere berritasuna, beti. Zuhaitzek marroi kolorea hartu dutela ohartu naiz gaur. Oinezean ibiltzen diren emakumeak txamarrarekin irteten direla paseora; eta emakume kuadrilla bankuz aldatzen dela eguraldiaren arabera. Hotz dagoenean eguzkitan dagoen bide ertzeko eserkuan jartzen dira. Bestela, itzaletan dagoen beste bide bazterreko eserlekuan.
Gaur bide bazterrak garbitzen dituzten langileak ikusi ditut errepide ertzean botata, belarretan, siesta egiten. Niretzat berria izan da baina seguru nago errutina dela beraientzat lo kuluxka botatzea bazkal ostean.
Batzuetan errutina ere berria da. Niretzat ez bada, zuretzat. Eta bestela harentzat. Baten batentzat.
Izaro deitu diogu eta inoiz gertatu zaidan gauzarik politena bera izan da. Zaila da bizi ditudan sentimenduak deskribatzea. Hitzak erabili nahi ditut baina mutu gelditu naiz. Barrenean halako hormona dantza bat sentitzen dut, gelditzen ez dena. Amazonasetako tribu ikusezin horietako dantzariak direla uste dut. Marra zuriak dituzte margotuta aurpegian; hostoz eginiko tiradun gonak jantzi dituzte; egurrezko belarritako handiak dituzte; halako makila luze bat eskuan. Ulertzen ez dudan baina zentzua duen koreografietan ari dira. Erdi narrutsik ikusten ditut, pozez zoratzen dantzan. Izaroren etorrera ospatzen ari dira-gara. Ongi etorri Izaro!