Blogak.com

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/11/08 00:15:11.242 GMT+1

Zientzia, artea eta edertasuna

Fraktalak dira, nire ustetan, zientzia, artea eta edertasuna uztartzen dituzten elementu esangurutsuenetariko bat (norbait konturatuko zen blogeko nire irudia ikusita). Benoit B. Mandelbrot matematikari frantsesa da irudi geometriko hauek gizarteratu zituen pertsona garrantzitsuena, nahiz eta bere aurretik beste batzuk ere arlo honetan aritu (Gaston Julia, adibidez).

Benetan ikusgarria deritzot irudi hauen edertasuna. Zer eta formula matematiko batzuetatik ateratako edertasuna. (ikus hau, edo hau, edo beste hau...ez al dira benetan ederrak?)

Ez pentsatu ordea irudi soilak direnik. Naturan hainbat adibide aurki ditzazkegu (ikusi hau bestela).

Oraingo honetan, ikusle soil izatetik nolabaiteko protagonista izatera salto egingo dut. Hona hemen nire "galeria" pertsonala. Nire irudiak, aurretik erakutsitakoen ondoan, ume baten zirriborroak besterik ez dira. Baina...ez al daukate nolabaiteko edertasuna? ;-)

Matematikaren ondorio dira. Agian, umetan eta gaztetan hau erakutsita, matematika beste nolabait ulertuko genuke. Zientzia, artea eta edertasuna uztartzerik daudela ulertuta.

Ondo bizi, lagunak!

Nork: josu.2006/11/08 00:15:11.242 GMT+1
Etiketak: zientzia teknologia askatasuna artea fraktalak edertasuna | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Niri ez zaizkit oso ederrak iruditzen. Gainera koloreak ez dituzte formulek ematen ezta? (galdera bat da)

 

Fibonacci-ren seriea... eta beste hainbat formula zientifikoren gainean eraikitako irudi, musika, objektu, arkitektura... izan dira, baina ez dira horregatik beste edozein irudi baino ederragoak izan, nire ustez behinik-behin (serie horretan oinarritutako formak dituen itsas barrraskiloren bat edo bada baita ere. Naturan dago (eta niri zer?))

 

zientzia.net-en ere irakurri nuen Van Gogh-en margolanetako zurrunbiloak formula matematikoekin bat zihoazela... bainan ez dakit. Hori ez da kontua. Artea ez dago hor. Edertasuna, artea... zientziarengandik at dagoen zerbait da. Ezin liteke artea parametro zientifikotatik neurtu-bizi.

 

Zuri gustatzen bazaizkizu primeran. Hori da kontua nire ustez. Esperientzia estetikoa bizitzea. Baina hortik haratago dauden ondorioak ateratzea arriskutsua iruditzen zait. Matematikak bere baitan ederrak iduri litezkeen irudiak dituela....? Bai, noski. Nire formula eta ariketaz beteriko kalkuluko kuadernoak eder askoak ziren ene ustez. Baina nire ustez edertasuna ere bada industrietako txatarra pabeloiletan edo larunbatetan pixa egiten dudan paretaren pintadan (benetan ari naiz). Ez dakit.

 

Greziar arkitekturan agertzen da zenbaki aureoaren portzionaltasuna, oreka... baina eraikuntza horietan bertan daude “perfekzio” hori hausten dituzten gauzak. Nere ustez eraikuntza humanoagoa bihurtzen dituzten gauzak. ( http://www.blogak.com/denetik/greziar-arkitektura-klasikoa hemen mintzo naiz horretaz)

 

Luze ari ninteke gai honen inguruan inongo aurrerapausorik eman gabe. Barkatu atrebentzia.

 

Ni ere artea eta zientzia batzen saiatu nintzen artikulu batetan, beste bide batetik hori bai, baina ez zitzaidan oso ongi irten. (nire ustez artea eta zientzia Oteizak batzen ditu ondoen...)

 

http://erantzunen-zain.blogspot.com/2006/06/kasimir-1oteiza-hutsa-ez-litzateke.html

 

 

Ez dakit. Gai korapilotsua da Edertasunarena.

Milaka urte honi buruz hizketan... eta denak berdin dirau (hau zioen Oteizak besteak beste...)

Nork: borthuzai.2006/11/08 17:31:12.403 GMT+1

Kaixo Borthuzai, lehenik eta behin, eskerrik asko, eta bigarrengoz…egia esan behar badizut…bost axola ederrak iruditzen zaizkizun edo ez.

Zuk esan duzu, korapilatsua gaia. Luze hitz egin arren agian ez ginateke adoste puntu batera iritsiko, hainbat gauzaren adoste puntu bakarra bata bestearen ikuspuntua onartzean bait datza.

Ez naiz zientzialaria, ezta matematikaria eta are gutxiago artista. Ez naiz kontsideratzen horietako ezer eta ez daukat izateko asmorik ere ez. Gai guzti hauetaz daukadan ezagutza oso mugatua da, beraz, gehiago dakiten pertsonen artean izan ditzazkedan arrazonamenduak mugatuak izango dira. Dena dela, hemen ez gaude 2+2 zenbat den eztabaidatzen. Iritzietaz hitz egitea beti da ona, baina jakintsuak izan dezakeen iritziak ez dauka ez balio gehiago ezta gutxiago ere. Artista batek esan diezadake Oteizaren lan bat artea eta ederra dela (bere ustetan, eta agian ez nirean), baina berak onartu beharra izango du zuretzako larunbateko pixa arrastoa ederra dela, eta artea ere badela, ala? Onartzen dut irudi hauek zuretzako ederrak ez direla, eta baita eskertu ere zure iritzia. Denontzako ederrak kontsideratuak izango balira, orduan hasiko nintzateke larritzen.

Zure lehenengo galderari dagokionez, arrazoia daukazu, koloreak beste algoritmo batzuen bitartez kudeatzen dira, irudiaren pixel bakoitzari kolore bat emanaz, pixel bat balio bat izanik. (ezidazu sakontzeko eskatu, ez bait dakit gehiago)

Ziurrenik edertasuna eta arteaz ulertzen dudana azaltzen hasi beharko nintzateke, baina ez dut uste mereziko duenik. Beti ere, idazten dudan gauzetan, baieztapen kategorikorik ez egiten saiatzen naiz. Nire ikuspuntua izanik, ezin dezaket inolaz ere baieztatu, ikuspuntuak baieztatzen saiatzea inposaketa bat dela deritzotelako. Zerbait, norbait edo egoera bat ederra den edo ez norbere baitan dago. Niretzat ederra dena ez dauka zergaitik besteentzat izan behar. Eta hemen erabat ados gatozela uste dut, zure matematikako koadernoa ederra asko izan daiteke, benetan. Artearekin antzeko zerbait gertatzen da. Zer da artea? Egia esan, galdera zaila. Zihurrenik, zuretzako eta niretzako gauza ezberdinak izango dira, eta eskerrak! Hortan datza aberastasuna. Nik gustoko dudana zuretzat ez izatean. Niretzako ederra dena, zuretzat ez izatean.

Ezin dezakedana ulertu zera da, artea edo edertasuna edo dena delakoa zientziaz at izan behar dela. Niri ederra iruditzen zaidan zerbait, zuk diozun moduan esperientzia estetikoa bizitzen laguntzen didan zerbait, formula matematiko batzutan oinarrituta badago, zergaitik ez sinistu nolabait uztartu ditzazkegula? Kontuz, ez dut esan nahi artea matematika edo zientzia hutsean oinarritzen denik. Artea ez zait matematikoa den zerbait iruditzen. Hau da nire iritzia, besterik ez, iritzi bat besterik ez.

Barkatu atrebentzia? Zein atrebentzia? Zer barkatu? Ez dut ezer barkatzen, barkatzerik ez dagoenean. Alderantziz Borthuzai, eskerrak ematea besterik ez daukat. Hobeto biziko ginateke norberak edozein pertsonaren aurrean askatasun osoz iritzia ematerik izango balu. Askoz hobeto.

Hori bai, nik neurean jarraituko dut, dudarik ez izan. Eskerrik asko zure iritziagatik, baina nire arloan eta inori kalterik egiten ez diodan bitartean, nahi dudana egiten jarraituko dut. Askatasuna, hori bai dela ederra.

Aske bizi zaitezela!

Nork: josu.2006/11/08 19:55:23.610 GMT+1
www.blogak.com/sarezabalean

Nork: borthuzai.2006/11/10 12:06:43.642 GMT+1

... ondo izan

(despeditzea ahaztu zait. Hau edukazioa nirea)

Nork: borthuzai.2006/11/10 12:10:58.846 GMT+1

Eskerrik asko Borthuzai, ez nuen hitz hori ezagutzen.

Ulertu dudanez, metabasia, artea zientifikoki aztertzea izango litzateke gure kasuan (gaizki ulertu badut eskertuko nizuke azalduko bazenit). Ez naiz hortaz ari ordea. Zientziak eskaintzen dizkigun emaitza batzuk espresatzeko erabiltzeaz ari naiz. Irudi fraktalak ezinezkoak izango lirateke matematikari esker izango ez balitz. Besterik ez.

Frank Gehry-k, Bilboko Guggenheim eraikina zientziaren laguntzarik gabe altxatu ezingo zuen bezala (beste gauza bat da zuretzako edo niretzako artea edo ederra den, baina badirudi berarentzat espresatzeko era bat dela, edo hori iruditzen zait niri behintzat), irudi fraktalak ez lirateke posible izango matematikarik gabe. Honetaz ari naiz. Arlo batzutan, artea eta zientzia banandu ezin daitezkeela uste dut. Zientziaren laguntza ezinbestekoa izango zaigu, espresatzeko bide batzuk aukeratzen baditugu behintzat. Beste bide batzuetan ordea, adibidez pixa arrastarak paretean egiten duen formen bitartez espresatuz gero, ez  dago zientziaren beharrik. (Edo agian baita ere, forma  determinatu bat emateko anguluak, indarra, distantzia, kalkulatzeko beharrean aurkituko bait zara)

Honaino iritsi nahi izan dut eta ez zen nire asmoa hemendik aurrerako eztabaida metafisikotan sartzea. Zergatik? Blog honen arrazoia zientzia eta teknologiaren gaitasunak kaleratzean datzalako. Benetan askeago egin gaitezkeela erakutsi, beti ere, guk erabilera egoki bat egiten dugun neurrian. Kasu honetan, formula matematiko batzutan oinarritutako irudien bitartez espresatu gaitezkeela erakutsi nahi izan dut. Lortu dudan ala ez, irakurleen esku lagatzen dut.

Osasuna!

Nork: josu.2006/11/10 16:49:02.748 GMT+1
www.blogak.com/sarezabalean

Nire aldetik esan, soilik, edertasuna guk asmatutako kontzeptu hutsa baino ez dela, hutsa, ezberdina delako pertsona bakoitzarentzat, ez dago edertasun absoluturik. Zer da artea? Guztia da artea. Nork erabaki artearen mugak non dauden? Nork epaitu beste baten obra? Adierazpidea besterik ez, artea.

 

Nork: Sugoi.2007/05/26 17:25:40.944 GMT+2
www.blogak.com/amets

Erabat ados zurekin!

Nork: josu.2007/05/26 18:16:59.170 GMT+2
www.blogak.com/sarezabalean

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez irudian agertzen diren letrak sartu ondoko testu-kutxan. Captchas.net zerbitzuan oinarritua.