
Idatzi egiten dut akumulatutakoa husteko. Askatzeko. Aske sentitzeko. Eta bide batez manifestatzeko ere bai. Zergatik ez? Kritika egitea ere ahalbidetzen baitu. Eskribitzeak. Gizartea gillotinatzea. Txiki-txiki egin. Mila pusketatan. Idatzi egiten dut bai, inizilekin pankartak zabaltzen. Kamuflatuta. Ez da adore falta kasua baina klandestinitatetik izkiriatzeak jakin-min gradua areagotzen duela deritzot, eta segurtasunarena agian. Babes faltsua izanagatik.
Zenbaitetan idazte hutsagatik ere, idatzi egiten dut. Hutsa bete. Ekintza automatikoa da. Sortzea. Pertsonaia asmatuen larrutik edozer esateko aukera ematen didalako laket dut izkiriatzea. Astakeriarik handiena ere lehen pertsonan esan. Idatzi. Errealitatea eta fikzioa/birtuala nahasten zaizkit halakoetan. Eta gustuko dut. Artifizial bilakatzea. Gezurtia naiz gezurrak esaten ditudalako. Badakit eta harro nago. Proiektatzen nauten bezalakoa ez naizela errebelatzeko (edo sinestarazteko) ere idatzi egiten dut. Karaktereak osatu.
Azken batean, gustuko dudalako.
Erantzunak
Nork: i.m..2009/05/03 16:25:40.633 GMT+2
http://mourirpourdesidees.blogspot.com