Tximeleta-efektua Bentagertun

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2013-03-26 20:28
2

Artazugoikoko eskola Bentagertu deitzen da. Egunotan, tximeleta-efektua zer den erakutsi die andereño Lourdesek ikasleei.  Herenegun, eguraldi-mapa azaltzeko, hauxe esan zien:

–Afrikako elefante batek tronpa astintzen duenean, Atlantikoko borraskak eta antizikloiak mugitzen hasten dira.

Orduan ulertu zuten umeek telebistako eguraldi-mapa. Beraz, Atlantikotik zetozen fronte luze haiek elefante-tronpak ziren!

Umeak ez dira aspertzen andereño Lourdesekin. Atzo esperimentu bat egin zuten, tximeleta-efektuaren indarra probatzeko. Ideia irratia entzuten zebiltzala bururatu zitzaien, elkarrizketatu batek hitz arraro batzuk esan zituenean.

—Andereño! Zer da zolu etikoa?—galdetu zuen Alainek, gelako ume txikienak.

—Politikarien artean modan jarri den espresio bat da, bihotza. Gure oinazpietan denok izan beharko genukeen zolu mota bat da.

Gauzak eginez ikasten direnez, tximeleta-efektua praktikan jartzea proposatu zien.

—Andereño! Badakit zer egin dezakegun!— esan zuen Alainek.

—Zer, bihotza?

—Denok batera egingo dugu jauzi, ikusteko non dagoen zolu etikoa, eta non ez.

Pentsatu eta egin. Gelaren erdian jarri ziren denak, korruan, eta batera egin zuten jauzi, Alainek berba hauek esandakoan:

—Jausi daitezela zolu etikorik ez dutenak!

Umeak triste geratu ziren, haien oinazpietan munduak berdin-berdin segitzen zuen eta. Andereño Lourdes ikasleak kontsolatzen saiatu zen:

—Ez tristatu, umetxook. Tximeleta-efektua ez da segituan igartzen. Biharko egunkariak irakurri beharko ditugu, jakiteko gure esperimentuak huts egin duen ala ez.

Eta gaur… gaur andereño Lourdesek egunkaria umeen begien aurrean astindu du, gure futbol-taldeak gola sartukeran zaleok banderak astintzen ditugun modu berean.

—Hemen dator notizia! Guk jauzi egin genuen momentuan hara zer gertatu zen!

Eta berria irakurri die:

“Atzo, goizeko hamaikak hamaika minutu gutxiagotan, hainbat lekutan batera, zolua zulo bihurtu zen. Horren ondorioz, zenbait eraikin eta makina bat pertsona desagertu dira, lurrak irentsita. Oraindik inork ez daki zerk edo nork sortu dituen zulo horiek guztiak”.

—Ikusten duzue? —esan die andereño Lourdesek— Zolu etikorik ez dutenak zulo septikora joan dira. Baina ez esan inori guk eragin dugula hori, ados? Gure sekretua izango da.

Gero irratia jarri dute, tximeleta-efektuaren eragin zehatzak jakiteko. Estatuko hiriburuan, adibidez, parlamentuak egon behar zuen lekuan, krater handi bat ei dago, eta Bonbon erregea ere leize sakon batek irentsi du, jauregi eta guzti; dirudienez, Elefantearen ehiza izeneko zarzuela bat kantatzen ari zela. zulo erraldoi bat zabaldu zen haren oinazpietan. Era berean joan ziren zuloan behera hainbat epaile, artzapezpiku, enpresaburu eta handiki.

—Oso kuriosoa da! —esan die andereño Lourdesek umeei— Besteei zolu etikoa eskatzen zieten horiexek joan dira zulora. Zer esan nahi du horrek, umetxook?

—Norberak betetzen ez duena ezin diogula albokoari eskatu? —galdetu diote,  denek batera.

—Horixe bera. Ez da hain gaitza, ezta? Umeen zentzuna beharko lukete hemen askok eta askok!

Eta tximeleta-efektuaren garaipena ospatzeko, luntx bat egin dute.

Esan beharra dago Artazugoikoko jendea oso jaizalea dela, eta edozergatik antolatzen duela bazkariren bat. Bentagertu eskolako maisu-maistrak ere horrelakoxeak dira: haien metodologiaren oinarrian zoriontsuak izatea dago, eta hori luntxak eginez lortzen dute. Eta bete-betean asmatzen dute: zoriontasun-indizea munduko altuena da Bentagertuko ikasleen artean. Azken baten, nork ez daki urdaila dela zoriontasunaren bihotza?

Eta, luntxa amaitzen dabiltzala, halako batean atea zabaldu eta Txefo agertu da. Txefo txangoen arduraduna da, eta beti dago umore onean.

—Aizue, datorren astean Elorriora joango gara.

Denak hasi dira txaloka, eta Txefogana joan dira, musukatzera.

Haiek Elorriora doazen bitartean, zolu etiko bakoak elorriokoak ikusten egongo dira, zulo septikoetan…

 

Bernardo Kapanaga

jasone manterola

jasone manterola 2013-03-26 20:56 #1

<p>Oso ona Josu edo, nahiago badozu, Bernardo! hori andere&ntilde;o Lourdes bai jakintsua ta atsegina! Hobe Lourdes gehiago balego!</p>

belen perez

belen perez 2013-03-26 22:39 #2

<p>Primeran, asko gustatu zait. Hurrengoa noiz idatzikoren zain nago. txalo sorta bat Abadi&ntilde;otik</p>


Utzi iruzkina: